112.000 lagun baino gehiago izan ziren iragan asteburuan Bilbao Exhibition Centren

Expovacaciones, FVO, Welcome, Azterketak eta Jehovaren Lekukoen Batzarra

Joan den maiatzaren 4tik, ostegunetik, 7ra, igandera, 112.000 lagun baino gehiago bildu ziren Bilbao Exhibition Centren, lau egun horietan egin ziren ekitaldietan banatuta.

Expovacacionesen, Turismoaren eta Aisialdiaren Nazioarteko Azokan, maiatzaren 5etik 7ra BECeko 3. pabiloian egindakoan, 75.000 lagun izan ziren. Azoka Alfredo Retortillo Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailburuak inauguratu zuen, eta erakusketa-esparruan 209 erakusketari izan ziren guztira, ia autonomia-erkidego guztietatik eta atzerriko zenbait herrialdetatik etorriak, esaterako, Japoniatik, Expovacaciones 2017ko Herrialde Gonbidatua; Kubatik; Dominikar Errepublikatik; Argentina eta Txiletik (Argentina Irekia); Portugaletik; Marokotik; Andorratik; Frantziatik; eta Madagaskarretik, “Ezagutzeko dagoen Paradisua” bera.

Azokak iraun zuen hiru egunetan, denetik egon zen ugari: handizkariak, bidaia-agentzietako ordezkariak, garraio-enpresak, erakunde ofizialak, turismo-enpresak, hotelak, kanping eta caravanninga, eta higiezinen agentziak. Expovacaciones 2017n, eremu berezi bat eskaini zitzaion Caravanningari, 25 markatako 70 ibilgailu berri, erdi-berri eta bigarren eskuko ikusgai (karabanak, autokarabanak eta van-ak).

Azokara etorri ziren bisitariek jarduera-egitarau zabalaz gozatu zuten; besteak beste, “MAI BIER EXPERIENCE” garagardo-azoka nabarmendu zen, non publikoa “Oktoberfest” erako giroan egon zen. Horrez gain, eta aurreko edizioei dagokienez berritasuna izanik, “Gastronomia eta Turismoa. 19. zuloa” egon zen, bisitariek Galizia, Asturias, Euskadi eta Kataluniako produkturik bereizgarrienetako batzuk dastatzeko. Era berean, eta lehenbiziko aldiz, Aurkezpenen gune bat izan zen azokan: autonomia-erkidego eta hiri parte-hartzaileek beren lurraldeak eta oporretarako proposamenak aurkeztu zituzten. Golfari eskainitako eremuan, “II. Golf Show” egin zen, eta han interesdunek beren lehen golf-eskolak jaso zituzten; adituenek, berriz, punteria- eta zehaztasun-lehiaketetan parte hartu zuten.

Halaber, erakusketariek hainbat jarduera egin zituzten: dastaketa gastronomikoak, sukaldaritza-tailerrak, folklore-erakustaldiak, dantzak, dinamizazio antzeztuak, tour birtualak 3D betaurrekoak erabiliz, zozketak eta lehiaketak, beste askore artean. Era berean, aurreko edizioetan bezala, hainbat hegaldi eta egonaldi zozkatu ziren, estatuko eta atzerriko zenbait helmuga turistikora joateko. Bisitaldian oporrak Eroski Bidaiak eta Viajes Ikea agentzien standetan erreserbatu zituzten pertsonek % 5eko deskontua jaso zuten.

BIGARREN ESKUKO IBILGAILUEN VII. AZOKA

Maiatzaren 4tik 7ra, Bigarren Eskuko Ibilgailuen VII. Azokak 28.054 lagun bildu zituen guztira, BECeko 5. eta 6. pabiloietan. Hala, % 27,85 handitu da, 2016ko edizioari dagokionez, bertaraturiko pertsona-kopurua.

40.000m²-ko erakusketa-esparruan, bisitariek 33 enpresa erakusketariren 1.537 ibilgailu ikusteko aukera izan zuten, bai eta probatzeko ere, kanpoaldeko zirkuituan, hala nola finantzaketa kudeatzeko.

Bertaratuek eskaintza oso zabala ezagutu zuten: auto erdi-berriak, gerentziako ibilgailuak, flotetakoak eta rentingekoak, eta zero kilometrodunak. Azoka aukera paregabea izan zen izapideak arintzeko eta norbere gustuko autoa topatzeko: 727 ibilgailu saldu ziren, erakusketan zeudenen % 47 inguru.

WELCOME, GLOBAL TRAVEL FORUM

200 lagunek baino gehiagok (turismoaren sektoreko adituak) bisitatu zuten Bilbao Exhibition Centre maiatzaren 4an, ostegunean, Welcome Global Travel-en hirugarren edizioan parte hartzeko. Ezagutza partekatzeko topaketa profesionala turismoaren sektoreko profesionalentzat da, negozio-aukera berriak eragiteko tresna izatea helburu. .

AZTERKETAK ETA JEHOVAREN LEKUKOEN BATZARRA

Maiatzaren 6an, larunbatean, IVAPen hizkuntz-eskakizunak egiaztatzeko azterketak egin ziren BECen; guztira, 3.357 lagunek hartu zuten parte.

Maiatzaren 7an, igandean, Eusko Jaurlaritzako Lan-poltsetarako azterketa psikoteknikoek 4.300 lagun inguru bildu zituzten. Igandean, halaber, 1.900 pertsona inguru izan ziren Jehovaren Lekukoen batzarrean, Bizkaia Arena pabiloian.

-ek idatzirik|2017-05-08T17:28:45+02:008 de maiatza de 2017|0 Iruzkin

Iruzkin bat utzi

Go to Top