30 BIEMH-ren aurkezpena

Makina-Erremintaren Nazioarteko Biurtekoak (BIEMH) 30. edizioa du aurtengoa. Makineria gehiago eta produktu gehiago izango ditu, eta 4.0 industriaren ikuspegi osoa eskainiko du. Gainera, marka guztiak hautsiko ditu kopuruetan eta berrikuntza teknologikoan. Gure herrialdeko topaketa industrial bikain hau indartsu datorkigu aurten, eta fabrikatzaile, inportatzaile, banatzaile eta erosle nagusiak bilduko ditu, maiatzaren 28tik ekainaren 1era; azken hamarkadako edizio onena izango da.

Guztira, 21 herrialdetako 1.751 enpresak hartuko dute parte erakusketan, eta Bilbao Exhibition Centre-ko sei pabiloiak hartuko dituzte. Berrikuntzan (INnovación), ekoizpen adimentsuan (INteligencia productiva), sistemen INtegrazioan eta nazioartekotzean (INternacionalización) ongien posizionatutakoak izango dira. Enpresa horiek «Be IN, BIEMH» gonbidapenari erantzun diote, beren aurrerapen puntakoenak mundu osotik etorriko diren profesionalei erakusteko.

4.0 industriara iristeko berrikuntzaren bidea goitik behera aldatzen ari da zerbitzuak ekoizteko eta eskaintzeko modua, eta hazteko eta lehiakortasuna hobetzeko oso aukera interesgarriak eskaintzen dizkie enpresei, baina baita erronka handiak ere. Testuinguru horretan, Bilbao Exhibition Centre-ko 4. pabiloia «4.0 pabiloia» bihurtuko da, trantsizio hori behar bezala gauza dadin ezinbestekoak diren teknologiak zuzenean erakusteko. Horrela, pabiloi horretan, hauek izango dira, besteak beste: BeDIGITAL by BIEMH, teknologia digitalak industrian aplikatzera soilik zuzendutako lehenengo foroa; ADDIT3D, Fabrikazio Aditiboko eta 3Dko Nazioarteko Azoka; eta Industrial Maintenance Innovation Conference (IMIC). Berrikuntza gisa, plano interaktibo bat izango dute guztiek, eta, haren bidez, bisitari bakoitzak barrutian zer ibilbide egin nahi duen aukeratu ahal izango du.

Advanced Manufacturing Technologies (AFM) enpresak eta Bilbao Exhibition Centre-k antolatzen dute BIEMH, Eusko Jaurlaritzak eta Makina Erremintaren Inportatzaileen Elkarteak (AIMHE) lagunduta.

Aurrekaririk gabeko erakusleiho teknologikoa

BIEMH azokak gutxi gorabehera 3.000 produktu, 1.200 makina eta 300 berrikuntza erakutsiko ditu martxan, aurrekaririk gabeko erakusleiho teknologiko batean. Sektore hauek izango dute ordezkaritza handiena: osagaiak eta osagarriak (% 26), harroketa bidezko makineria (% 22), erremintak (% 15), deformazio bidezko makineria (% 14), robotika eta automatizazioa (% 9), metrologia eta kalitate-kontrola (% 9), eta beste makina batzuk (% 5).

Direktorioan erregistratutako berritasunen artean, hauek nabarmendu behar dira: txirbil luzeak hausteko software adimentsu berri bat (haren sistemak oszilazio bat sortzen du makinari eragitean, eta, ondorioz, errazago kentzen diren txirbil txikiak sortzen dira; horrela, denbora gutxiago geratu behar da makina, eta etengabeko ekoizpena bermatzen da); bizkorrago ebakitzen duten eta diseinu berria duten haizebideak (ebaketa-prozesuan % 70 ere murrizten dute nitrogeno-kontsumoa, eta, gutxiago kontsumituz, xafla gehiago ekoizten dituzte); gaur egun merkatuan dagoen ebaketa termikoko eta potentzia handiko mekanizazioko estazio osatuena (20 tresnako kargagailu birakaria, eta zepa eta pieza txikiak automatikoki erauzteko sistema ditu; hori dela eta, estazio onena da zerbitzu-zentroetarako); eta elkarlanean oinarritutako lehenengo robota (funtzionamendu pneumatikoa du, eta, bere mugimendu malgu eta finei esker, zuzenean eta segurtasunez egin dezake lan gizakiekin). BIEMH azokako erakusketarien direktorioak 2020ra arte jarraituko du martxan, eta sektoreko enpresa nagusiei buruzko informazioa eskainiko du, hala nola haien produktuen deskribapen teknikoak, berrikuntzen xehetasuna, albisteak, irudiak, multimedia-materiala, eta eragileak eta banatzaileak bilatzeko iragarkiak.

Horretaz gain, berrikuntza batez ere maiatzaren 31n, osteguna, izango da benetako protagonista, Fabrikazio Aurreratuko eta Digitaleko Berrikuntzaren 13. Sari Nazionala banatzeko ekitaldian. Hiru kategoriatan banatzen da: makina-erremintak, osagaiak, osagarriak eta erremintak; fabrikazio aditiboa eta 3D; eta 4.0 kontzeptuak fabrikazio aurreratuko sistemetan integratzekoa. 2016an, Ibarmia, Mizar Additive eta Danobatgroup enpresek eraman zuten saria.

Nazioarteko azoka, erakusketariei eta bisitariei dagokienez

Egonkortasuna eta inbertsiorako aukera onak eskaintzen dituen testuinguru batean, atzerriko enpresa-erakusketarien partaidetzak (% 47) azken urteotako kopuru onena du aurten. Portugalek, Alemaniak, Italiak eta Frantziak izango dituzte erakusketari gehien, baina herrialde hauetako enpresak ere izango dira bertan: Japonia, Austria, Belgika, Bulgaria, Txina, Danimarka, Eslovakia, Estatu Batuak, Herbehereak, Israel, Polonia, Erresuma Batua, Txekiar Errepublika, Suitza, Taiwan eta Turkia.

Bestalde, nazioarteko erosleak gonbidatzeko VIP programa berriz ere funtsezko pieza bat izango da azokara profesional interesgarriak etorriko direla bermatzeko eta negozio-bilerak kudeatzeko. Aurten, herrialde hauetako ordezkari ugarik hartuko dute parte, hala nola Estatu Batuak, makina-erremintako enpresentzat merkatu estrategikoa dena; Portugal, nagusiki moldegintzako enpresetako ordezkariak ekarriko dituena; eta Espainia, aeronautikako, automobilgintzako eta molde eta matrizeetako enpresak erosten dituztenen artean deialdiak interes berezia piztu duelako. Beste herrialde hauetako erosleak ere izango dira ordezkarien programan: Alemania, Aljeria, Argentina, Australia, Bielorrusia, Brasil, Txina, Kolonbia, Danimarka, India, Iran, Italia, Mexiko, Peru, Singapur, Suedia eta Turkia; hori guztia banatzaile, inportatzaile, elkarte sektorial, eragile propio eta merkataritza-ganberek lagunduta, baita SPRIk atzerrian dituen bulegoek lagunduta ere.

BIEMH Espainiako azoka liderra da fabrikazio aurreratuaren esparruan, eta Europako deialdi industrial garrantzitsuenetako bat ere bai. Haren 30. edizioa oso une positiboan datorkigu, enpresen konfiantza-maila oso handia baita. Hori dela eta, hainbat tokitatik etorritako milaka profesional izango dira aurten Bilbao Exhibition Centre-n, sektore ugaritakoak, hala nola automobilgintza, autoparteak eta industria laguntzailea, ekipamendu-ondasunak, metalezko eraikuntzak, azpikontratazioa (harroketa- eta xafla-lanak), elektronika eta elektrizitatea, moldeak eta matrizeak, eta siderurgia eta aeronautika. 54 herrialdetako 40.000 pertsonak baino gehiagok hartu zuten parte 2016ko edizioan; urte hartan, sektore guztietan itxi ziren eskaerak.

BeDIGITAL, industriako eraldaketa digitalera zuzendutako ekitaldi berria

Industriako eraldaketa digitalak dagoeneko badu erreferentziako foro bat: BeDIGITAL by BIEMH. Lehenengo edizioa izango du aurten. Espainiako industria-enpresen % 5 lider digitalak dira; % 30 maila aurreratuan daude; eta % 65 erdiko edo beheko fasean. Hortaz, ezinbestekoa da enpresen heldutasun digitaleko maila desberdinetara egokitutako foro bat izatea.

Hori dela eta, BeDIGITAL foroak gako guztiak eskaini nahi ditu aldaketa erraz eta modu praktikoan egin ahal izateko eta aurrerapen interesgarriak eta hornitzaile berriak ezagutzeko; horretarako, erakusketa ez ezik, hitzaldien programa propioa ere badu. Erakusketa-eremuan, sektore hauetako enpresak izango dira: Gauzen Internet, ingeniaritza-zerbitzuak, Big Data, business analytics, aplikazio espezifikoetarako softwarea, errealitate birtuala eta areagotua, zibersegurtasuna, Cloud Services eta telekomunikazioak. Besteak beste, enpresa hauek hartuko dute parte: Ibermática, Dominion, Vodafone, Cimworks, Análisis y Simulación, Doeet, Sarenet, CT Solutions eta Minsait by Indra. Enpresa horiei Gaia Cluster eta haren bazkideen taldea gehitu behar dizkiegu, baita Bizkaiko Foru Aldundiak koordinatutako startup-ak eta SPRI erakundearen standa ere, non Eusko Jaurlaritzaren 4.0 Basque Industry Estrategia aurkeztuko den.

Bestalde, hainbat enpresatako adituek (esaterako, Microsoft, Seat, Siemens, Oracle, Accenture, Euskaltel, Tecnalia eta SAP) gai hauek aztertuko dituzte maiatzaren 30eko «Digital Talks» delakoetan: zibersegurtasuna, konektibitatea, Big Dataren analisia eta eraldaketako arrakasta-kasuak. Azkenik, bisitariek eremu ireki bat izango dute pabiloian, «Speakers’ Corner by Cinco Días» izenekoa, erakusketarien proposamen teknikoak ezagutzeko. Guztira, 10 bat minutuko 90 aurkezpen labur baino gehiago egingo dira.

Advanced Manufacturing Technologies (AFM) enpresak eta Bilbao Exhibition Centre-k antolatzen dute BeDIGITAL by BIEMH.

ADDIT3D, aplikazio industrialei eta amaierako piezari lotutako berritasunak

Hirugarren urtez jarraian, eta asko handitu denez, ADDIT3D-ek 3D teknologia aurreratuenak erakutsiko ditu. Amaierako piezaren fabrikazio gehigarriko ekipamendua eta makineria izango dira aurtengo erakusketaren elementu erakargarrienetako bat; horretaz gain, berrikuntza interesgarriak ere eskaintzen ditu aplikazio industrialen garapen berrietan.

Fabrikazio Aditiboko eta 3Dko Nazioarteko 3. Azokan, beste arlo batzuk ere aztertuko dira; esaterako, sistemak, ikerketa, zerbitzuak, softwarea, lehengaia eta eskanerrak. Deialdia une egokian egin da, garai onak baitira enpresa hornitzaileentzat eta fabrikazio gehigarriko ekipamenduen salmentarako. Fabrikazio gehigarriko munduko industriari buruzko urteko azken txostenaren arabera, % 21 egin zuen gora fabrikazio gehigarriak 2017an.

Gainera, ADDIT3D-k hitzaldien programa ere eskainiko du (Additive Talks) maiatzaren 31n eta ekainaren 1ean, eta, haien bidez, ibilbide oso bat proposatzen da, askotariko alderdiak aztertuz, nola orokorrak («Enpresetan fabrikazio gehigarria modu jasangarrian integratzea») hala teknikoagoak («Fabrikazio gehigarrirako teknologia eta material berriak», «Teknologia: simulazioa, prozesua eta prozesatu ondokoa), baita “Ohiko kasu industrialak» ere, enpresa hauek eskainitakoak: Airbus Defense & Space, Aciturri, Seat, etab.

ADDIMAT, Fabrikazio Aditiboko eta 3Dko Teknologien Espainiako Elkarteak eta Bilbao Exhibition Centre-k antolatzen dute ADDIT3D azoka.

IMIC hitzaldian erabiltzaileen mantentze-lanak aztertuko dira

Automobilgintzako, aeronautikako eta energiaren sektoreetako enpresa handietako hizlariek (Petronor Innovación, BBG-Bahía de Bizkaia Gas, Mercedes Benz, Rolls Royce eta ITP Aero, besteak beste) berretsi dute parte hartuko dutela Industrial Maintenance Innovation Conference (IMIC) delakoan, maiatzaren 28an eta 29an. Mantentze-lanak hobetzeko teknologia erabiltzean duten esperientziaren testigantzek oso balio handiko informazioa ematen diete profil desberdineko enpresei. Esperientzia horren benetako emaitzak, gainera, oso zorrotzak diren beste sektore batzuetara ere estrapola daitezke.

Horretaz gain, IMIC-en programan maila goreneko nazioarteko profesionalek hartuko dute parte; esaterako, enpresa edo erakunde hauen ordezkariek: Rolls Royce, GE Automation & Controls, Alemaniako Fraunhofer Erakundea, IMEKO Metrologiako Nazioarteko Konfederazioa, Suediako Lulea Teknologia Unibertsitatea, Finlandiako VTT Ikerketa Teknikoko Zentroa eta Frantziako Lorenako Unibertsitatea. Lehenengo egunean, maiatzak 28, programak 4.0 industriaren printzipioak azalduko ditu, baita mantentze-lan prediktibo eta aurreratuetan nola aplikatzen diren ere; aldiz, bigarren egunean, maiatzak 29, Laguntza Teknikoko Zerbitzuaz (LTZ) eta serbitizazioaz hitz egingo da.

Horrez gain, IMIC-ek erakusketa-eremu bat ere eskainiko du biltzar-gunea osatzeko, eta arlo hauetako enpresek hartuko dute parte: klimatizazioa eta klima-kontrola; datuak bildu eta aztertzeko eremuko teknologia berritzaileak; hardware- eta software-sistemak, zaratak lokalizatu eta aztertzeko; urrutiko monitorizazio eta kontroleko teknologiak; industriako zibersegurtasun aurreratua; industria-elektronikako ekipamendua; enpresa-mugikortasuneko irtenbideak; eta sistemen aholkularitza.

EasyFairs enpresak eta Bilbao Exhibition Centre-k antolatzen dute Industrial Maintenance Innovation Conference (IMIC), Gfi España, ServiceMax from GE Digital, Fieldeas, Prodware, Tecman eta Grupo Alava enpresek lagunduta.

WORKINN, industriaren behar berriei erantzuteko talentu bila

Lehenengo bi edizioen arrakasta ikusita, aurten ere hemen izango da WORKINN, 4.0 industriak dituen langile-behar berriei erantzuteko asmoz. 2017ko bigarren seihilekoan izugarri egin zuen gora arlo honetarako profilen eskariak; hain zuzen ere, % 50 handitu zen adimen artifiziala, Gauzen Internet, Big Data eta beste arlo batzuk ezartzearekin erlazionatutako teknologietan adituak bilatzeko ahalegina. Hala ere, azken ikerketen arabera, hamar enpresatik zazpik zailtasunak dituzte profil profesional egokiak aurkitzeko. Hortaz, WORKINN aukera bikaina da bi aldeentzat.

2017an kontratatutako langileen prestakuntza ikusita, erakunde eta enpresa lider ugari izango dira Enpleguko eta Industria Heziketako Foroan; besteak beste, Fagor Arrasate, Danobatgroup, Fagor Ederlan, Matrici, Demak, SEA Empresarios Alaveses, Fagor Automation, AIMHE eta UPV/EHU. Haiek guztiek, beste erakunde batzuekin batera, kalitateko enpleguko 200 eskaintza inguru aurkeztuko dituzte industria-arloko askotariko langile- eta ikasle-profiletarako, nagusiki sektore hauei begira: automobilgintzarako osagaiak, makina-erreminta, eskuzko erreminta, finkapenak, trokelgintza, ingeniaritza, eraikuntza eta ekipamendu siderurgikoa.

AFM Cluster for Advanced Manufacturing enpresak eta Bilbao Exhibition Centre-k antolatzen dute WORKINN, Eusko Jaurlaritza-Lanbideren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren babesean.

BIEMH azokaren astean izango diren ekitaldi sozialak

BIEMH azokaren astean, ondo pasatzeko eta inguruko gastronomiaz eta musikaz gozatzeko aukera ere izango da. Jardunaldia amaitzean izango diren ekitaldi sozialek partaideen agenda dinamizatuko dute, eta Bilbo eta Barakaldo beste era batera bizitzeko aukera eman, baita partaideek eta biztanleek giro lasaiagoan hitz egiteko aukera eskaini ere. Ekitaldi horien artean «BIEMH Fest» nabarmendu behar da; maiatzaren 30ean, asteazkena, izango da, Bilboko erdialdeko kale batean.

Iñigo Urkulluk, Eusko Jaurlaritzako lehendakariak, inauguratuko du ofizialki Makina-Erremintaren Nazioarteko Biurtekoa (BIEMH), maiatzaren 28an, astelehena, goizeko 11etan, Bilbao Exhibition Centre-ko erdiko atrioan.

 

-ek idatzirik|2018-05-25T08:27:14+02:0024 de maiatza de 2018|0 Iruzkin

Iruzkin bat utzi

Go to Top