Azoka industrialen aurkezpena

Industriak duen onena erakutsiko digu Bilbao Exhibition Centre-n ekainaren 6tik 8ra aldi berean burutuko diren FERROFORMA, SUBCONTRATACIÓN, ADDIT3D, PUMPS & VALVES, MAINTENANCE, eta FITMAQ azokei esker, WORKINN eta POLVERI & ECOCOATING alor industrialarekin lotutako beste bi ekitaldiekin batera. Mundu osoko 1.200 enpresa erakusketari baino gehiagok parte hartuko dute 4.0 Industriaren hastapenetan inspiratuko den plataforma handi honetan. Bertan, sektore garrantzitsuetako berrikuntzak ikusi ahalko ditugu, hala nola, fabrikazio aditiboa eta 3D inprimaketa, azpikontratazio industriala, burdineria, hornidura industriala eta brikolajea, ponpak eta balbulak, mantentze-lanak, bigarren eskuko makina-erreminta eta enplegu industriala.

Espazio berean sei ekitaldi antolatzeari esker ibilbide oso bat eskaini ahalko dugu industriarik aurreratuenean barrena, non bisitari profesionalek denetarik aurkituko duten: fabrikazio-prozesuetarako neurrira egindako soluzioak, azkeneko teknologiak, hornidurak eta erremintak, bai eta prozesu industrialetarako ekipamenduak eta aktiboen eta instalazioen mantentze-lanetarako produktuak ere. Aurten, estatuan burutuko den Smart Manufacturing alorraren inguruko topaketarik handiena izango da eta bertan uztartu egingo dira erakusketa komertziala eta jardunaldi teknikoak, zuzeneko erakustaldiak, workshop-ak eta B2B topaketak burutzeko nazioarteko programak; guzti hori euskal azoka-esparruko 1., 2., 3. eta 5. pabiloietan.

65 herrialdetatik etorritako 18.500 profesional bertaratu ziren hitzordu anitz honetara 2015. urtean. Topaketa hartan, azoka industrialen baturak oso sinergia interesgarriak ahalbidetu zituen eta sektore eta enpresa desberdinen arteko lankidetza-bideak sustatu zituen. Aurten, industria are indar handiagorekin berretsiko da, WORKINN, enplegu industrialaren inguruko foroari, POLVERI & ECOCOATING, gainazalen estalduren alorreko espazioari eta etengabe haziz doan ADDIT3D fabrikazio aditiborako teknologien eta 3D inprimaketaren inguruko azokari esker.

FERROFORMA: enpresek “sektoreko topagunearen” aldeko apustua egin dute

“Urteko topagunerik garrantzitsuena den honetan parte hartzea, produktu berriak bertako merkatuko eta nazioarteko egungo bezeroei eta bezero potentzialei aurkeztea, “kalitateko” kontaktuak egitea, merkatuaren eraldaketari buruzko ideiak partekatzea eta bezeroen beharrak bertatik bertara ezagutzea horien araberako estrategia espezifikoak burutzeko, eta beste alor industrialetako erabiltzaile profesionalekin elkartzea” izan dira enpresek FERROFORMA azokan parte hartzeko aipatu dituzten arrazoietako zenbait. Guztira, 25 herrialdetatik etorritako 429 enpresa erakusketari egongo dira aurtengo ekitaldian, non beren produktu eta zerbitzurik berritzaileenak erakusteko aukera izango duten burdineriaren, hornidura industrialaren eta brikolajearen alorretarako.

Honela, enpresek bat egin dute hitzorduaren claim edo lemarekin, “revolution tools”, soluzio berri eta adimentsuei esker eta zalantzarik gabe merkatu eta bezero-profil berrietara (nazioartekoak barne) sarbidea emango dieten proposamen komertzial aurreratuei esker. Hornidura industrialen, esku-erreminten, sarrailagintzaren eta burdineriaren alorreko enpresak izango dira erakusketan ordezkaritza handiena izango dutenak, finkagailuen, etxeko burdineriaren eta lan-babesaren alorrak atzetik dituztela. Halaber, erakusketa-esparruan parte hartuko dute hainbat sektoretarako enpresa hornitzaileek: eraikuntza, erreminta elektro-eramangarriak eta egurrerako tresnak, elektrizitatea eta argiztapena, dekorazioa, ehungintza eta drogeria, lorategia eta ibilgailuetarako osagarriak. Enpresa hauen jatorriari dagokionez, aipagarria da Alemaniatik, Italiatik, Erresuma Batutik, Portugaletik, Suediatik, Suitzatik, Indiatik eta Turkiatik etorriko diren erakusketarien parte-hartzea.

Aurten, gainera, azokak topagune espezifiko bat eskainiko die fabrikatzaileei eta sarrailagileei, APECS-Sarrailagintzako eta Segurtasuneko Espainiako Profesionalen Elkarteak koordinatuko duena, non 35 enpresak parte hartuko duten. “APECS guneak” erakustaldiak, bilerak eta prestakuntza teknikoa egiteko eremuak izango ditu.

32 herrialdetatik etorritako erosleak

Bestalde, FERROFORMAren bisitarien kanpainak ere datu positiboak ageri ditu. Nazioarteko mailan, guztira, sektore honetarako interes handikoak diren 32 herrialdetako erosleen parte-hartzea baieztatu da, besteak beste, Algeria, Argentina, Kolonbia, Hego Korea, Estatu Batuak, Frantzia, Iran, Maroko, Mexiko, Nigeria, Peru eta Portugal. Elementu berri gisa eta gure mugen barruan, Ferroformak aurten berrogeita hamar azken bezero inguru gonbidatu ditu erosle-programaren esparruan, hau da, hornidura industrialaren eta burdineriaren alorreko enpresetako buruak.

Era berean, berrikuntza izango da FERROFORMA Jardunaldien ildo nagusietako bat, non merkataritza elektronikoaren eta horren ezarpenarekin lotutako hainbat alderdiren inguruko programa bat aurkeztuko den. Garai digitaleko joerak, kontsumitzailearen ezaguerarekin lotutako negozio-estrategiak, salmenta-kanalen hautaketa eta zabalkunde-bide berrien bitartez bezeroarekin mantendutako komunikazioaren analisia izango dira hainbat enpresek jorratuko dituzten gaietako batzuk, esaterako: Black T, Barrabes, KPMG, Leroy Merlin España, El Corte Inglés, Pepsicola Company, MATMAX-Grupo Telematel, Cofares eta Tu&Co.

Gainera, FERROFORMA berriz ere izango da topagune oso dinamiko bat, elkarreraginean aritzeko eta merkatuko produktu, berrikuntza eta joerarik interesgarrienak oso modu desberdinetan ezagutzeko espazioa alegia. Atal honetan, II. B2B Topaketak nabarmentzekoak dira. Guztira, enpresa-erakusketarien eta “hosted buyer’s programme” programako erosleen arteko 400 bilera inguru antolatuko dira bertan.

Bestalde, Berrikuntzaren eta Diseinuaren Alorreko III. Sariek lehiaketaren irizpideen arabera produkturik edo zerbitzurik bikainenak goraipatzeko balioko dute. 30 bat enpresek parte hartu dute lehiaketa honetan segurtasun-sistema adimentsu berriekin, mantentze- eta garbiketa-lanetarako prestazio aurreratuak eskaintzen dituzten makinekin, ebaketa-erreminta berriekin edota funtzionaltasun mekaniko eta korrosioaren aurkako erabilgarritasun handia dituen azken belaunaldiko torlojuekin. Sariak emateko ekitaldia hilaren 7an burutuko da, asteazkena.

Halaber, “Club de Inventores de España” Elkartearen Asmakizun Showroom-ak berriz ere ekarriko dizkigu burdineriarekin, brikolajearekin eta hornidura industrialarekin lotutako azken berrikuntzak, beren produktuak merkaturatzeko kideak aurkitzeko xedearekin. Azkenik, FERROFORMAk gauza berri gisa izango du eskaeren eta bisitatutako erakustokien “pasaportea”, non pixkanaka zigiluak ipiniko diren burututako eskaeren eta elkarrizketa komertzialen arabera. Behin pasaportea betea, hainbat zozketatan parte hartzeko aukera emango du.

FERROFORMA azokaren lankideak dira AFEB, Brikolaje eta Burdineria Fabrikatzaileen Elkartea, eta ESKUIN, Burdineria eta Hornidura Industrialeko Klusterra.

Izena: FERROFORMA, Burdineria, Brikolaje eta Hornidura Industrialaren Nazioarteko Azoka

Edizioa: 22.

Datak: 2017ko ekainaren 6tik 8ra

Pabiloiak: 1. eta 3. pabiloiak

Antolatzaileak: Bilbao Exhibition Centre

Webgunea: www.ferroforma.eu

SUBCONTRATACIÓN: fabrikazio adimentsu baterako neurrira egindako prozesu eta ekipamenduak

Fabrikazio aurreratuaren esparruan, SUBCONTRATACIÓN azoka erreferentziako foro bilakatu da zuzenki azkarrak, malguak eta berritzaileak diren eta garai digitalera egokituak dauden hornitzaileekin harremana ezarri nahi duten profesionalentzat; osagaiak, piezak eta sistemak fabrikatzeko teknologia berrienak erabiliz beren proiektuetarako soluzio espezifikoak eskuratzeko xedearekin. Guztira, 19 herrialdetako 503 enpresa-erakusketarik parte hartuko dute azoka honetan, azpikontratazio industrialaren inguruan Espainian antolatzen den bakarra. Enpresa horien %80 fabrikazio-prozesuekin erlazionatutako azpikontratistak dira eta %20 makineria eta ekipamenduen hornitzaileak eta, guztien artean, produkzio-katearen behar guztiak barne hartzen dituzte, batez ere mekanizazioa, galdaketa, eraldaketa metalikoa, tratamendu termikoak, plastikoak, moldeak eta matrizeak.

Aurrerantzean, “adimen produktiboak” –hau da, hazten ari diren teknologien aprobetxamendua, material aurreratuen integrazioa eta erabilitako baliabideen eraginkortasuna eta iraunkortasuna hobetzea– erabakiko du enpresen lehiakortasuna, beraz, azokak balio erantsi handiagoko erantzunak eskainiko ditu estatuko eta Portugal, Italia edo Frantziatik etorritako nazioarteko espezialista onenen eskutik.

Negozio aukerak enpresa txiki eta ertainentzat

Gainera, hainbat esparruk indartuko dute aurtengo SUBCONTRATACIÓN azokaren claim edo lema “connecting companies, optimizing processes”. Azoka honen helburu nagusia erronkak negozio-aukera bilakatzea izango da enpresa txiki eta ertainentzat. Alor horretan, aipagarria da burutuko den Azpikontratazio Industrialaren Europar Topaketa, gure herrialdean antolatzen direnen arteko B2B plataformarik handiena alegia. Azokan parte hartuko duten erakusketarien %80k izena eman du elkarrizketa programa honetan, Frantziatik, Alemaniatik, Italiatik, Belgikatik, Poloniatik, Espainiatik, Austriatik, Erresuma Batutik eta Serbiatik, besteak beste, etorritako 100 inguru enpresa kontratistekin bilera pribatuak izateko helburuarekin. Guztira, Topaketan 2.000 elkarrizketatik gora antolatuko dira hiru egunetan zehar.

Lehenengo jardunaldian ondorengo sektoreetako erosleek parte hartuko dute: trenbideak, siderurgia, energia, elektrizitatea-elektronika, makineria eta azpikontratazio orokorra. Bigarren jardunaldia, aldiz, automobilgintzaren ingurukoa izango da eta azken jardunaldia aeronautikaren eta fabrikazio aditiboaren sektoreei zuzendua egongo da. Topaketa Bartzelonako Merkataritza Ganberak antolatu du, Espainiako Azpikontratazio Poltsen Sarearen eta Bilbao Exhibition Centre-n laguntzarekin.

Halaber, SUBCONTRATACIÓN azokak hitzaldi-programa bat eskainiko du non, besteak beste, honakoak izango ditugun: ACICAE jardunaldia “Automobilgintzaren sektorea: joerak eta fabrikazio aurreratua”; IK4 Azterlan, Tabira Instituto de Fundición eta WFO-k antolatutako IX. Galdaketaren Nazioarteko Foroa; eta Tecnalia-ren “Industriaren digitalizazioaren inguruko lantegia”.

Azkenik, estaldura industrialek lehenengoz izango dute espazio monografiko bat SUBCONTRATACIÓN 2017 azokan, teknologia eta zerbitzu oso espezializatuak fabrikazio industrialarekin lotutako enpresa guztiei hurbildu ahal izateko. Polveri & ecoCoating ekitaldiak 21 enpresek osatutako erakusketa-zonaldea izango du barne, maila teknologiko goreneko hitzaldi-programarekin batera. Makineria, ekipamenduak, kontsumigarriak eta sektoreko zerbitzuak hornitzen dituzten enpresei zuzendutako hartu-eman komertzialerako topagunea izango da erakustokia. Bestalde, hitzaldietan, automobilgintzaren, energia eolikoaren, alor aeroespazialaren eta obra handien sektoreetarako estalduren aplikazioarekin lotutako garapen teknologikoa aztertuko da hiru ikuspuntu desberdinetatik: sektorearen ikuspuntu orokorra; aurretratamenduaren, aplikazioaren eta ontzearen faseetan gertatzen diren prozesuen ikuspuntua; eta estaldura mota honetarako merkatu berrien ikuspuntua: korrosioaren aurkako aplikazioak, beroaren aurrean sentikorrak diren materialak eta kalitate-bermeak. Reconal Ediciones eta Bilbao Exhibition Centre dira Polveri & ecoCoating ekitaldiaren antolatzaileak, eta Pulverit, Intellysys, Geinsa eta Nordson ditu babesle.

Izena: SUBCONTRATACIÓN, Fabrikaziorako Ekipamenduen eta Prozesuen Nazioarteko Azoka

Edizioa: 18.

Datak: 2017ko ekainaren 6tik 8ra

Pabiloia: 5

Antolatzaileak: Bilbao Exhibition Centre

Webgunea: www.subcontratacionbilbao.com

ADDIT3D: Industriaren etorkizunerako esparru garrantzitsua

Fabrikazio aditiboaren eta 3D inprimaketaren sektorea abiadura harrigarrian hazten ari da, 4.0 Industriaren alorrean dagoeneko toki garrantzitsua hartu duten garapen teknologikoekin. Laugarren Iraultza Industriala gisa ezagutzen denaren produkzio-prozesuak eraldatzen ari da sektore hau. Bezeroek kalitate handiko produktu pertsonalizatuak eskatzen dituzte, produkzio-denbora laburragoan. Testuinguru honetan, ADDIT3D, estatuan alor honen inguruan antolatzen den azoka erabat profesional bakarra, aplikazio zehatzak bilatzeko esparru garrantzitsu gisa indartzen ari da, bai teknologia honen hasierako ezarpen-fasean dauden profesionalentzat eta baita teknologia honekin lan egiten duten baina garapen aurreratuagoak behar dituzten profesionalentzat ere.

87 enpresa-erakusketarirekin, Fabrikazio Aditiboko eta 3Dko Nazioarteko Azokak, gainera, dagoeneko gainditu ditu 2017rako ezarritako parte-hartze eta azalera aurreikuspenak. Bi ediziotan besterik ez, hitzordu honek bilakaera oso azkarra izan du, sektorearen modu berean, intentsitatea eta konplexutasuna areagotuz.

Erakusketan, sektore honetan ibilbide luzea duten enpresa liderrak ikusiko ditugu, hainbat alorretakoak: ekipamendua, inprimagailuak eta fabrikazio aditiborako makinak, pieza-fabrikatzaileak eta software-enpresak, kontsumigarriak eta aplikazioak eta ikerketa eta garapenarekin lotutako erakundeak.

Bestalde, jardunaldi teknikoetan, sektoreko erronka eta joera nagusiak jorratuko dira, hainbat alorretako aplikazio zehatzak aztertuz. Enpresa berritzaileetako 30 hizlarik pieza konplexuen diseinurako eta fabrikaziorako azken estrategiak, 3D inprimaketaren aplikazio berriak eta hari esker lortutako digitalizazioranzko aurrerapausoak aurkeztuko dizkigute. Honela, gaur egun sarritan eztabaidatzen diren gaiak izango dira mintzagai programa honetan, hala nola, “Kirurgiarako bioereduak”, “Fabrikazio aditiboaren aplikazioak zapatagintzan”, “Fabrikazio aditiboa 4.0 industrian: lantokien digitalizazioa”, “Laser bidezko ekarpena eskaintzen duten aplikazioak molde eta matrizeen konponketa eta fabrikazioan”, “Osagai polimeriko aditiboen aplikazioa nanosateliteetan”, besteak beste.

Izena: ADDIT3D, Fabrikazio Aditiboko eta 3Dko Nazioarteko Azoka

Edizioa: 2.

Datak: 2017ko ekainaren 6tik 8ra

Pabiloia: 5

Antolatzaileak ADDIMAT eta Bilbao Exhibition Centre

Webgunea: www.addit3d.es

PUMPS & VALVES: kalitateko bisitariak izango dira azokaren estrategia komertzialaren ardatz nagusia

PUMPS & VALVES azokako talde komertzialak bereziki bisitari profesionalen inguruan antolatutako estrategia diseinatu du eta, estrategia horri esker, azokan izena eman duten enpresa bisitarien zerrendan azoka honek barne hartzen dituen sektore guztietako enpresak daude, enpresa erabiltzaile eta ingeniaritza-enpresa handiak eta mundu osoan lan egiten duten nazioarteko enpresak ere bai. Besteak beste, aipagarriak dira Pepsico Manufacturing, Repsol, Enagas, Galletas Artiach, Air Liquide, CNN La Naval, Vidrala, ArcelorMittal, EDP Naturgas, Unilever Foods Industrial, Maxam, CLH, Petronor, Técnicas Reunidas, Acciona Agua, Tamoin, Elecnor, Cadagua, Iberdrola Ingeniería y Construcción, Initec, Cobra eta Sener. Enpresa hauen izen-ematearen atzean dauden interes-alor nagusiak ponpa industrialak eta kontrol-balbulak dira, eta jarraian balbulak, prozesamendu-ekipamenduak, neurketetarako teknologia eta ekipamendua, testak eta kontrolak, junturak eta zigilatzaileak.

Guzti horiek izango dira 82 enpresa erakusketari izango dituen erakusketan egongo diren sektore nagusiak. Gainera, PUMPS & VALVES azokak berriz ere uztartuko ditu erakusketa-gunea jardunaldiekin eta elkartruke profesionalerako bestelako espazioekin. Honela, lehenengo hitzaldi-jardunaldian zehar, ingeniaritza eta EPC enpresetako hizlariek epe ertainerako dituzten estrategiak eta inbertsio-proiektuak jorratuko dituzte. “Berrikuntzaren nazioartekotzea: ingeniaritza sektoreko esperientzia” izango da hitzaldiak batuko dituen izenburua, non ondorengo enpresen parte-hartzea ikusiko dugun: Worley Parson, Amec Foster Wheeler, Técnicas Reunidas, ITAC, Idom, Gas Natural, KPMG eta Sener, besteak beste. Bigarren jardunaldian zehar, alderdi teknikoagoak aztertuko dira ISA, Tetra Pak eta ABB enpresetako hizlarien eskutik.

Gainera, aurtengo gauza berri moduan, PUMPS & VALVES azokak “Innovation Workshops” lantegiak antolatuko ditu, enpresa erakusketariek beren produktu eta soluzioak laburki aurkezteko aukera izan dezaten, produktu eta soluzio horien berrikuntza eta teknologia aurreratua azpimarratuz. Petronor eta Praxair enpresetara bisitek osatzen dute EasyFairs eta Bilbao Exhibition Centre-k antolatutako Pumps & Valves azokaren programa.

Izena: PUMPS & VALVES, Industria Prozesuetarako Ponpen, Balbulen eta Ekipamenduko Sistemen Nazioarteko Azoka

Edizioa: 2.

Datak: 2017ko ekainaren 6tik 8ra

Pabiloia: 2

Antolatzaileak EasyFairs eta Bilbao Exhibition Centre

Webgunea: www.pumpsandvalvesbilbao.com

MAINTENANCE: mantentze-lanen 4.0-a eta negozio-eredu berriak jorratuko dira

MAINTENANCE industria-mantentze sektoreko azken berrikuntza eta garapenei irekitako erakusleiho bat izango da. Halaber, aktiboen eta instalazioen kudeaketan jardungo du eta baita produkzioaren fidagarritasunean ere, mantentze aurreratuaren baitan. 70 enpresa erakusketari inguruk parte hartuko dute hitzorduan, non beren produktu eta zerbitzuak erakutsiko dituzten honako alor nagusietan: neurketak, ebaluazioa eta kontrola, tribologia, mantentze-teknologiak eta zerbitzu industrialak, software-soluzioak, ingurumen-zerbitzuak eta aktibo eta instalazioen kudeaketa.

Halaber, lehenengo edizioan egin zuen moduan, MAINTENANCE azokak berriz ere konbinatuko ditu erakusketa-gunea eta jardunaldiak elkartruke profesionalerako bestelako espazioekin, industriarentzat ezinbestekoak diren mantentze-zerbitzu guztiak Bilbao Exhibition Centre-an bateratzeko xedearekin.

Hitzaldien programan toki nabarmena izango du informazioaren teknologiek eta mantentze prediktiboak osatutako binomioak, fabrikazio adimentsuan funtsezko elementua baita. Izan ere, gaur egungo industria oso baldintzatuta dago instalatutako makineria modu eraginkorrean ustiatzeko beharragatik eta mantentze-jarduerak areagotzeko beharragatik. Horrez gain, MAINTENANCE azokan jorratuko dira ere “zerbitizazioaren” (zerbitzu gehigarriak ematea) eta outsourcing-aren moduko joerekin lotutako negozio-eredu berriak. Hizlarien artean, nabarmentzekoak dira Iberia, SKF, Acciona Energía, TMB Metro Barcelona eta GE Digital.

MAINTENANCE azokaren programak “Innovation Workshops” lantegiak izango ditu barne ere, enpresa erakusketariek beren produktu eta soluzioak laburki aurkezteko aukera izan dezaten, produktu eta soluzio horien berrikuntza eta teknologia aurreratua azpimarratuz. Hilaren 8an burutuko den atal honetan izena eman duten enpresak hauek dira: DTCO, GE Digital, Nueva Gestión Informática, GMAO Corim, Bender Iberia, Atlas Copco Rental, Grupo Surus Inversa, Business Net Engine, PREDYCSA-Predictivo y Control, Carl Software eta COGELSA.

Jarduera paraleloak dira azoka honen alderdi erakargarrienetako bat eta adierazgarri nagusia eta, horregatik hain zuzen ere, jarduera-programa oso bat diseinatu da besteak beste sektore petrokimikoko eta gas industrialen sektoreko liderrak diren tokiko enpresetara bisitaldi teknikoak eskaintzen dituena: Petronor eta Praxair. MAINTENANCE azokak Easyfairs eta Bilbao Exhibition Centre ditu antolatzaile, eta Ondoan, Atten2 eta GE Digital elkarteak ditu babesle.

Izena: MAINTENANCE, Mantentze Industrialaren Nazioarteko Azoka

Edizioa: 2.

Datak: 2017ko ekainaren 6tik 8ra

Pabiloia: 2

Antolatzaileak EasyFairs eta Bilbao Exhibition Centre

Webgunea: www.maintenancebilbao.com

FITMAQ: 3. ediziora iritsi da sektore metalmekanikoaren susperraldi argiarekin batera

Susperraldi horrek jarduera areagotu du lantegietan eta, ondorioz, ekoizpen-baliabideak egokitzeko beharra sortu da. Egoera honen aurrean FITMAQ, aukerako eta bigarren eskuko makineriaren azoka, aukera interesgarria da ekoizpen-doikuntza hori egiteko laguntza behar duten enpresentzat.

Aurtengo edizioan, bisitariak abiarazte- eta deformazio-makinen eskaintza erakargarria aurkituko du, bisitari zorrotzenen beharrak asebetetzeko produktu eta zerbitzuak erakusgai izango dituzten 22 enpresei esker. Zentzu horretan, Fitmaq azokako erakusketariek enpresa baten eguneroko bizitzan hain beharrezkoak diren produktu amaituak, mantentze-zerbitzuak eta retrofitting zerbitzuak barne dituen eskaintza bat ekarriko digute.

Mekanizatzaileek, azokara hurbiltzen diren ohiko bisitariak izanik, aurtengo edizioan interes berezi bat aurkituko dute: ASPROMEC (mekanizatuaren lehiakortasuna bermatzeko profesionalen elkartea) elkarteak antolatu dituen eta esparruan bertan burutuko diren jardunaldiak alegia. Bertan jorratuko dira, besteak beste, fabrikazio digitalarekin eta 4.0 industriarekin lotutako gaiak, eta mekanizatzaileen oraina eta etorkizuna eztabaidatuko da. Halaber, jardunaldi hauetan parte hartuko dute ASPROMEC elkarteko, AFMEC-Mekanizatuaren eta Eraldaketa Metalmekanikoaren Espainiako Elkarteko eta CFAA-Aeronautikarako Fabrikazio Aurreratuko Zentroko hainbat kidek.

Izena: FITMAQ, Aukerako eta Bigarren Eskuko Makineriaren Nazioarteko Azoka

Edizioa: 3.

Datak: 2017ko ekainaren 6tik 8ra

Pabiloia: 5

Antolatzaileak Interempresas (Nova Ágora) eta Bilbao Exhibition Centre

Webgunea: www.fitmaq.com

WORKINN: 200 enplegu-eskaintzatik gora estatuko enplegu industrialaren inguruko foro bakarrean

WORKINN, estatuko enplegu industrialaren inguruko foro bakarrak 200 enplegu-eskaintzatik gora aurkeztuko ditu ondorengo enpresa eta erakundeen eskutik: AFM Cluster, Batz, Between Technology, Dema, Danobatgroup, Denbolan Soluciones de RRHH, Ederfil Becker, Fagor Arrasate, Gestamp, Grupo Lontana, IMH-Makina-erremintaren Institutua, Matrici, Page Personnel, SEPE-Estatuko Lan Zerbitzu Publikoa, Tecnalia eta Trumpf.

Talentua antzematea eta enpresei profil kualifikatuenak eskaintzea, ideiak negozio bilakatzeko beharrezko tresnak aurkeztea, laneratzea eta garapen profesionala sustatzea eta prestakuntza- eta lan-orientazioa ematea dira batik bat lana modu aktiboan bilatzen duten profesionalei eta azken urteko ikasleei zuzendutako azoka honen bigarren edizioaren helburu nagusiak.

Erakusketa-guneaz gain, WORKINN-en bestelako espazioak ere egongo dira elkarrizketak eta bilerak antolatzeko, parte hartzaileek bertatik bertara ezagut ditzaten lan-merkatuaren egungo egoera eta beren prestakuntza eta esperientziaren arabera lan-merkatura sartzeko edo lanpostua hobetzeko dituzten aukera egokienak. WORKINN azoka AFM Cluster for Advanced Manufacturing eta Bilbao Exhibition Centre erakundeek antolatzen dute eta Eusko Jaurlaritzaren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren babesa du.

Izena: WORKINN, Enplegu eta Prestakuntza Foroa

Edizioa: 2.

Datak: 2017ko ekainak 7 eta 8

Tokia: atari nagusia

Antolatzaileak AFM eta Bilbao Exhibition Centre

Webgunea: www.workinn.bilbaoexhibitioncentre.com

FERROFORMA, SUBCONTRATACIÓN, ADDIT3D, PUMPS & VALVES, MAINTENANCE eta FITMAQ azoken inaugurazio ofiziala ekainaren 6an izango da, 12:30etan, eta Arantxa Tapia izango du presidente, Ekonomiaren Garapena eta Lehiakortasuneko sailburua.

Bere aldetik, WORKINN azoka ekainaren 7an, asteazkena, abiatuko da, 10:30etan, Enplegu, Gizarteratze eta Berdintasun Saileko foru-diputatua den Teresa Laespada eta Beatriz Artolazabal Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuaren eskutik.

 

-ek idatzirik|2017-06-05T11:40:33+02:005 de ekaina de 2017|0 Iruzkin

Iruzkin bat utzi

Go to Top