BEC-ek 73 milioi euro eragin zituen

2015. urtea, susperraldiaren hasiera
• 2015: azoka berriak, Pumps&Valves, Maintenance, Welcome, Txakurren Nazioarteko Erakusketa, Japan Weekend eta Expobaby.
• 2.550 erakusketari baino gehiago. 847.000 bisitari. 1.679 lanpostu.
• 2016: BIEMH, BIOSPAIN, GustoKo, Egurtek, Biocultura… ilusioz beteriko urterako azokak. 

 
Bilbao Exhibition Centrek 2015ean garaturiko jarduerak -221 gertakizun, eraikineko instalazioak 272 egunez hartuta- 73.066.969 euroko eragin ekonomikoa izan zuen Barne Produktu Gordinari (BPG) dagokionez. Eragin ekonomiko horren ondorioz, euskal Ogasunak 10.800.859 euro bildu zituen zergen bidez, eta 1.679 lanpostu sortu ziren.

Aipatu eragin ekonomikoak % 70eko zuzeneko eragina dauka BECetik kanpoko jardueretan, hau da, ostalaritzan, garraioan eta aisialdian, eta % 30ekoa azoka-jardueran bertan. Jatorriari dagokionez, eraginaren % 65 erakusketariek bultzatzen dute, eta gainerako % 35a publiko bisitariak.

2004an abian jarri zenetik, BECek 932.332.130 euroko eragin ekonomikoa pilatu du BPGri dagokionez, hala nola 137.983.562 euroko zerga-bilketa.

Parte-hartzaileen atalean, guztira 2.554 erakusketari izan ziren BECen 2015. urtean, eta orotara 847.985 lagunek bisitatu zuten, publiko profesionala eta orokorra batuta.

2015 laburbiltzeko, askotariko sektore, jarduera eta proposamen ugari aipatu behar dira: Expocosmética, Imaginenano, Nanozientziaren eta Nanoteknologiaren Azoka, Desembalaje, Bilbao Marine Energy Week Ferroforma, Azpikontratazioa, Expovacaciones, Euskal Encounter edo BIME-Bizkaia International Music Experience azokak, Joaquín Sabina, Romeo Santos, Vetusta Morla, Maná, Rise Against, Fito & Fitipaldisen kontzertuak, eta BIME LIVE bitxia, BECeko instalazioetan hogeita hamar bat musika-talde bildu zituena, besteak beste, Imagine Dragons, Crystal Fighters edo Benjamin Clementine.

Gainera, 2015ean, BECek hainbat akordio sinatu zituen azokak eta gertakizunak antolatzen dituzten erakunde pribatuekin; horri esker, epealdi horretan hitzordu berriak sustatu ziren: Pumps&Valves eta Maintenance, ponpa eta balbuletan eta mantentze industrialean oso espezializaturiko azoka bi, Easyfairsekin elkarlanean antolatuak; Welcome, Sergofi eta Turiskopiorekin batera eginiko lehenengo “Turismoaren Ez Konferentzia”; Japan Weekend, mangaren, animeren, bideo-jokoen eta oro har kultura japoniarraren zaleentzako deialdia, Jointorena; Expobaby, jaioberriei, haurrei, ama eta aitei eskainitako azoka, FF Global Events delakoaren eskutik; eta Txakurren Nazioarteko Erakusketa, Bizkaiko Txakur Elkarteak antolatua.

2015eko une esanguratsuenetako bat izan zen fabrikazioarekin loturiko bost azoka aldi berean egin zirenekoa; gainera, haietariko bi berriak ziren. Proposamen industrial horren baitan, Ferroforma, Azpikontratazioa, Fitmaq eta, aurrenekoz, Pumps & Valves eta Maintenance egin ziren. Berauetan, sektoreen arteko sinergiak izan ziren elementu bereizle nagusia, eta erakusketariak eta antzeko esparruetako bisitariak maila guztietan sartu ziren harremanetan. Alderdi hori sendotzeko, gainera, jardunaldi teknikoen egitarau zabal baino zabalagoa antolatu zen: zuzeneko erakusketak, workshopak, enpresetarako bisitak eta agenda hitzartuen bidezko B2B elkarrizketak.

Bizkaia Arenan, bereziki Manák eta Fito & Fitipaldis taldeek eskainitako kontzertu jendetsuak nabarmendu ziren, Joaquín Sabina, Romeo Santos eta Rise Against, besteak beste, ahaztu gabe; guztira, 90.500 ikusle bildu zituzten.

Kongresuen sektoreak berebiziko garrantzia dauka, EAEtik kanpoko profesionalak erakartzeko duen botereagatik eta arlo horren eta azoka-esparruaren artean sortzen diren sinergiengatik. Enpresen bilerek, kongresuek eta jardunaldiek protagonismo handia izaten dute BECen egutegian, oso lotua “estrategikotzat” jotzen diren sektore industrial eta ekonomikoekin, esate baterako, energia berriztagarrien arloarekin “Bilbao Marine Energy Week” delakoaren kasuan, apirilean izan zena, edo enpresen zuzendarien bilera profesionalekin, batzuk aipatzearren Bosch Siemens, Banco de Santander edo Eroskik eginikoekin.

Horrez gain, BECeko instalazioak urte osoan bilakatu ziren publizitate-iragarkiak grabatzeko, kontzertu-afariak, galak, aurkezpenak, oroitzapen-ekitaldiak eta formatu handiko azterketak egiteko, eta, lehenbizikoz, film bat errodatzeko. Izan ere, “Cuerpo de Élite: Misión Palomares” komediaren grabazio-taldea uztailean lurreratu zen 3. eta 4. pabiloietan hainbat sekuentzia filmatzeko, ikusgarri baino ikusgarriagoak.

2014an, Bilbao Exhibition Centre bere webgunea berritzen hasi zen, bai korporatiboa, bai gertakizun bakoitzarekin loturikoa; berrikuntza hori 2015ean burutu da, UGP, GustoKo, Sormenezko Joerak eta BEC Konbentzioak direlakoei eskainitakoak eguneratuta. Azken horretan, antolatzaileari begirako informazio teknikoagoa eskaini da. Webguneok 1,5 milioi bisita izan dituzte 2015ean. Sare Sozialei dagokienez, aurrera jarraitzen dugu orri korporatiboa eta berariazko kanalak dituzten orri propioak uztartzen, aplikazio berriak eta sustapen-osagaiak BECen orokorrekin batera txertatzen. BECen Facebook orriak 38.000 jarraitzaile ditu.

Nabarmendu beharra dago Bilbao Exhibition Centrek eta SPRIk berritu egin zutela euren arteko lankidetza-hitzarmena azoka profesionalen nazioarteko sustapena bultzatzeko, esate baterako, Biemh, Azpikontratazioa, Fitmaq, Sinaval edo Ferroforma azokena, Eusko Jaurlaritzako Enpresa Garapenerako Euskal Agentziaren kanpo-sareak lan egiten duen herrialdeetan.

SPRI Taldearen Kanpo-sarea mundu osoko 60 herrialdetan dauden 15 bulegok osatzen dute. Hitzarmenari 2005etik eutsi diote erakunde biek inolako etenik gabe. Urte hartatik, 4.200 nazioarteko erosle baino gehiago erakarri izan dira BECeko azoka profesionaletara SPRIren bitartekaritzari esker.

Bestalde, uztailean, Xabier Basañez Bilbao Exhibition Centreren Zuzendari Nagusia eta, ordura arte, Espainiako Azoken Elkarteko (AFE) Presidenteorde eta Diruzaina erakunde horretako Presidente karguaz jabetu zen.

2016, SENDOTZEKO URTEA

2016. urteari dagokionez, berrikuntza 29. BIEMH-Makina Erremintaren Biurtekoan nabarmenduko da bereziki, alegia, BECen jarduera-egutegiko mugarri nagusietakoa den horretan. Aurten, fabrikazio adimenduna eta horren baitako lan-paradigma berriak izango ditu ardatz, eta enpresa erakusketariek ahalegina egingo dute konponbide oso aurreratuak ekartzeko ondoko sektoreetara: makinak, erremintak, osagaiak eta osagarriak, prozesuen eta fabrikazioaren automatizazioa, metrologia eta kalitatearen kontrola, materialak eta zerbitzuak. Espero da BIEMHen 1.500 enpresa erakusketari izatea, baita mundu osoko 42.000 bisitari ere, enpresa industrialen lehiakortasunari begira estrategikoki garrantzitsua den punta-puntako sektore honetan negozioa egiteko.

Horrez gain, eta hitzordu industrial handi hori egingo dela baliatuta, Bilbao Exhibition Centrek beste pauso bat emango du fabrikazio aurreratuarekiko konpromisoan. Hala, beste ekimen aitzindari bat jarriko du abian, ADDIT3D, fabrikazio gehigarriaren eta 3Dren lehen azoka gure herrialdean, izaera profesionalekoa goitik behera.

Aldi berean, nazioarteko bi hitzaldi egingo dira: “Oil&Gas Conference” eta “Maintenance Innovation Conference”. Horiek jarraitutasuna emango diete 2015ean abiatutako Pumps&Valves eta Maintenance azokei. Antolatuko dira azoka teknikoetan espezializaturiko easyFairs enpresa belgikarrarekin batera, sektore-mailako eztabaidagune bakarra eratuta. Era berean, sektore horretan enplegua sustatzeko eremu bat ere paratuko da, “WORKinn” izenekoa, ikasle espezializatuak eta fabrikazio industrialean jarduten duten enpresen ordezkariak bilduta.

29. BIEMHek aurreikusarazten du BECen kudeaketako emaitzek berretsi egingo dituztela duela hiru urtetik garatzen den talka-planean ezarritako emaitza positiboak, euskal azoka-erakundearen aurrerapen positiboa finkatuta.

2012an BECen eginiko edizioaren arrakastaren ostean, azoka eta kongresuetarako euskal esparruak berriz hartuko du bioteknologiari eskainitako Europako gertakizunik handiena, BIOSPAIN, 2016ko irailean. ASEBIOren presidente Regina Sevillak zera adierazi zuen duela gutxi: “Gure esperientzia Euskadin, Biospain azokarekin, 2012an, paregabea izan zen: asistentzia-maila oso handia izan zen, azpiegitura oso egokiak izan genituen eskura gure gertakizuna gauzatzeko eta bertako Zuzendaritzaren parte-hartzea primerakoa izan zen, I+Dren garapenarekin oso konprometituta”.

Gainera, Bilbao Exhibition Centreko azoken egutegian honakoak aurreikusten dira: Egurtek-Zurezko Arkitektura eta Eraikuntzaren Nazioarteko Foroaren seigarren edizioa; Biocultura-Produktu Ekologikoen eta Kontsumo Arduratsuaren Nazioarteko Azoka; GustoKoren lehenengo edizioa, “Algusto” elikadura-azokaren ondorengoa, kasu honetan zuzenean egingo duena kalitatezko elikagaien eta jatorrietara itzultzearen alde; Expobaby & Kids azokaren bigarren edizioa; eta jada oso ezagunak diren Expovacaciones, Welcome, Fosminer, Nagusi, Expobodas, Aukerako Ibilgailuaren Azoka, BIME eta UGP, besteak beste.

Konbentzioak atala, bestalde, jarduera-mota ugari hartzeaz gain, asmotan dabil bi gertakizun handi bertan egiteko: “EWEA Work Shop Spring 2016”, European Wind Energy Associationek antolatua, eta sektore aeronautikoarekin loturiko “Aero Innovation Event” (AEROIE), martxoan egingo dena.

Bizkaia Arenan izango den jarduerari dagokionez, denboraldi honetan nazioarteko musikak izango du, zalantzarik gabe, protagonismo handiena. Egitarauari urtarrilean emango zaio hasiera Bryan Adamsen kontzertuarekin, hamaika urte eta gero izango dena berriz BECen, eta ondoren Eros Ramazzotti, Disney On Ice, Il Divo eta The Cure abeslari eta taldeak etorriko dira, guztiak baitaude berretsita.

Komunikazio Saila, 2016ko urtarrila

-ek idatzirik|2016-01-14T18:07:12+01:0012 de urtarrila de 2016|0 Iruzkin

Iruzkin bat utzi

Go to Top