Euskal Encounter 24 informatika-festak ordenagailu-postu gehiago eskainiko ditu eta inoiz baino handiagoa izango da

  • Partyak 512 eserleku gehiago eskainiko ditu aurten, eta, beraz, 4.608 lagun bilduko dira lau eguneko topaketan
  • Informatika-partyaren zaleek errekor berria hautsi dute, jarlekuak minutu gutxi batzuetan erreserbatu baitituzte: ordenagailu-postu gehiago eskaini arren, sarrerak bost minututan agortu eta iazko sei minutuko marka hobetu duteEuskal Encounterrek formakuntzaren aldeko apustua mantenduko du publikoari irekitako 30 hitzaldi eta tailer baino gehiago eskainiz.
  • Aurten, sarrera libreko zona, Opengunea, ordenagailuen eremu berean kokatuko da, bisitariak bilkuraren garapenean eta giroan murgil daitezen
  • Euskaltel Konekta fundazioak antolatu du Euskal Encounter, IKTen erabileraren testuinguruan, pertsonen, enpresen eta ekimenen arteko hartu-emana sortu eta sustatzeko helburuarekin. Era berean, partyaren babesle da Eusko Jaurlaritza SPRIren bitartez

Euskaltel Konekta fundazioak antolatzen duen Euskal Encounter topaketa espainiar Estatuko informatika eta bideo-joko zaleen bilkura handi eta zaharrena da, eta inoiz baino zabalagoa izango da aurten. Partyak marka berria hautsi du 512 ordenagailu-postu gehiago eskainiz; hau da, guztira, 4.608 eserleku. Euskaltel Konektak parte-hartzaileen kopurua handitzeko modua aurkitu du, urtero zale kopurua handituz doala eta erreserbak azkarrago egiten direla ikusita. Hala eta guztiz ere, Euskal Encounterreko partaideek erreserba-denbora murriztu egin dute aurten ere, eserleku kopurua handitu arren. Euskaltelek eta Eusko Jaurlaritzak (SPRIren bitartez) babesten duten topaketako sarrerak bost minutu eskasean agortu eta iazko sei minutuko marka hobetu dute.

Uztailaren 22 eta 25 artean Bilbao Exhibition Centren egingo den ordenagailu-festak elkarren artean konektatutako ordenagailu-sare erraldoia izango du, 35.000 metro koadroko azalera batean. Lau egunetan zehar, etenik gabeko jarduera izango da, software librea, hardwarea, sormen digitala eta bideojokoak ardatz dituzten dozenaka ekintza eta lehiaketarekin. Euskaltelen teknologiaren bidez, konexio-abiadura segundoko 40 giga simetrikokoa izango da (datuen igoerarako 40 giga eta jaitsierarako beste 40). Abiadura horri esker, munduko informatika-topaketa azkarrenetarikoa bilakatu da Euskal Encounter.

Aurtengo berritasunen artean azpimarragarria da Opengunea, doakoa eta publikoari irekia den zona, ordenagailuen eremuan bertan kokatuko dela. Modu horretan, antolatzaileek elkarrekintza bultzatu nahi dute ordenagailu-postuetan dauden parte-hartzaileen eta stand, hitzaldi zein tailerretara gerturatzen diren bisitarien artean. Opengunean hogeita hamar formakuntza-saio baino gehiago emango dira, gai anitzen inguruan: programazioa, diseinu digitala, sare sozialak, robotika eta bideo-jokoak, besteak beste. Gainera, Euskal Encounter barrutik ezagutu eta parte-hartzaileei erreserbatutako lehiaketetan parte hartu nahi dutenek, topaketan bertan salgai jarriko diren eguneko sarrerak eskuratu ahal izango dituzte.

Euskal Encounterrek, urtetik urtera, hainbat sektoretako profesional eta zaleen arteko hartu-emana bultzatzeko apustua egiten du, talentu teknologikoak suspertu eta negozio ideia berriei bidea emateko. Helburu horrek Euskaltel Konekta fundazioaren filosofiarekin bat egiten du. IKTen erabileraren testuinguruan, pertsonen, enpresen eta ekimenen arteko elkarrekintza sortu eta sustatzeko xedez, kolektibo ezberdinei zuzendutako ekintza ugari antolatu eta bultzatzen ditu. Jende gehien elkartzen duen ekitaldietako bat da Euskal Encounter, dibertsioa, kolaborazioa, formakuntza eta ekintzailetza bateratzen dituen ekimena.

Komunikabideen akreditazioak

Euskal Encounterrera joateko asmoa duten kazetari, kamera eta argazkilariei arren eskatzen diegu aldez aurretik akredita daitezen. Honako datuak bidali behar dituzte [email protected] helbidera:

·      Izen-abizenak

·      NAN zenbakia

·      Komunikabidearen izena

Infotres

Komunikazioa – Comunicación

Tel: 943 22 45 30

  1. 609 121 666 (Aitor) | 675 71 94 85 (Maider)

www.infotres.com | [email protected]

Babesleak

euskaltel spri

-ek idatzirik|2016-07-11T12:06:58+02:0011 de uztaila de 2016|0 Iruzkin

Iruzkin bat utzi

Go to Top