Izen handiko arkitektoen lehen baieztapenak Egurtek 2018 programan

Foroaren 7. edizioa urriaren 18an eta 19an burutuko da.

Izen handiko hainbat arkitektok baieztatu dute jada Egurtek Nazioarteko Zuraren Arkitektura eta Eraikuntza Foroaren 7. edizioan parte hartuko dutela. Bertan bilduko dira sektoreko aditu eta lehen mailako enpresak 2018ko urriaren 18an eta 19an, Bilbao Exhibition Centre esparruan.

Ekitaldiaren antolatzaileak kongresuaren programaren hasierako aurrerapen batean lanean ari dira, non oso izen garrantzitsuak ageri diren, hala nola, Alemaniako Zaha Hadid Architects estudioko Sara Klomps; Finlandiako Honkatalot estudioko Janne Kantee; Holandako MAATworks estudioko Lidewij Lenders; Bilboko Arrokabe Arquitectos estudioko Oscar eta Iván Andrés; Nafarroako TYM Asociados estudioko Carmelo Fernández, eta Logroñoko Satie Arquitectos estudioko Beatriz Bergasa.

Hainbat herrialdetatik etorritako arkitekto eta ingeniari hauei eta beste batzuei beren lanik bikainenak azaltzeko aukera emango dien kongresuaz gain, Egurtek foroak jardunaldi teknikoen programa zabala eskainiko du. Baskegur-Euskadiko Egurraren Elkartearen eskutik, jardunaldiek askotariko gaiak jorratuko dituzte, esaterako, materialak, erresistentziak, isolamenduak, basoa edo biomasa. Horiei esker, ekitaldira bertaratzen direnek ezagutu ahalko dituzte egungo eraikuntzan ingurumenaren, ekonomiaren eta gizartearen arteko orekak ezartzen dituen betekizunen ikuspuntu ugariak.

Era berean, merkataritza-trukea sustatuko da erakusketa-zonaldean, non ondorengo sektoreetako 50 enpresa inguruk beren produktu eta zerbitzurik aurreratuenak agertzeko aukera izango duten: arkitektura, zurezko etxeak, zurarentzako tratamenduak, eraikuntza jasangarria, aldizkariak eta elkarteak, ingeniaritzak eta dekorazioa, eraikuntzarako zura, egitura-softwarea eta zur, elementu eta materialen inportazioa.

Egurtek Sariek ere toki berezi bat izango dute, zuraren erabilera bultzatzeko ekimen gisa. Aurten lehenengoz interiorismoaren kategoria barne hartu ondoren, sari hauen laugarren edizioak zurez egindako arkitektura- eta diseinu-lan onenak nabarmenduko ditu bost modalitatetan: “Eraikuntza”, “Diseinua”, “Zur lokala (Basque Quality)”, “Argitalpenak” eta “Interiorismoa”. Irabazleen iragarpen ofiziala 2018ko ekainaren 8an burutuko den prentsaurrekoan egingo da.

Eraikuntza jasangarriaren esparruan posizio aparta lortu duen eta herrialdeen ekonomian geroz eta pisu espezifiko handiagoa duen zuraren sektorearen dinamismoa dagoeneko ikusi ahal izan genuen 2016. urteko Egurtek foroan. 1.269 bisitari-kongresulariren parte-hartzeak baieztatu zuen orduan nazioarteko hitzordu honen indarra, non erakusketa-eremu handiago bat eta “Market Point” izeneko merkataritza-aurkezpenetarako ekimen berri bat eskaini ziren.

Egurtek ekitaldiak Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailaren laguntza jasotzen du.

-ek idatzirik|2017-10-24T16:18:58+02:0024 de urria de 2017|0 Iruzkin

Iruzkin bat utzi

Go to Top