Martxoaren 6 eta 7an Food Truck Forum azokaren bigarren edizioa itzultzen da Bilbao Exhibition Centrera

Martxoaren 6an eta 7an, Foodtruckya.com-ek eta Bilbao Exhibition Centrek antolatuta, BECeko 3. pabiloian Food Truck Forum azokaren bigarren edizioa egingo da, alegia, sukaldaritza-mota honi eskainitako Estatuko azoka Profesional bakarrarena.

Bertan bilduko dira, esparru berean, food truck mugimenduarekin loturiko jardueren sustatzaileak, sukaldaritzaren eta elikaduraren sektorearekin loturiko enpresak, ostalariak, marketin-enpresak, ekitaldi-antolatzaileak eta sukaldaritza-sektore honetan sortzen ari diren negozio-aukeren aldeko ekintzaileak.

Azokak lau eremu berezitu izango ditu: “Erakusketa-gunean”, food truck erako negozio bat abiatzeko beharrezko guztia egongo da: food truck-ak alokatzeko enpresak eta karrozeria espezializatuak, food truck batek behar bezala funtzionatzeko behar dituen ekipo, produktu eta zerbitzuen fabrikatzaileak eta banatzaileak, industria-esparruko ibilgailuak food truck ibilgailu bihurtzen espezialistak diren enpresak…  Sektoreko erreferentziazko 20 enpresa baino gehiago, besteak beste: ASSOCIACAO DE STREET FOOD PORTUGAL; BORCO HÖHNS – PARRY; CARS 1247; CASHLOGY; CONVOTHERM; FOOD TRUCK BDN; FOOD TRUCK JANU´S DREAM; HAZIA – SEGURIDAD ALIMENTARIA; IRUÑA CATERING; LA PEPITA BURGUER BAR; MASTERTENT; MERRYCHEF; METASA 2 – SEGUROS PARA EVENTOS Y FOODTRUCKS; PAPAMOVIL; PONTEVAN; RATIONAL; S.P.PYMES; SERISAN COMUNICACIÓN GRAFICA; THE FOODTRUCK FACTORY; VEHICULOSTIENDA.COM; WELBILT; XEKUN eta ZINGERLEMETAL.

Iaz bezala, “Gune Gastronomikoa” hainbat food truck-ek osatuko dute, zeinak askotariko “street food” produktuak eskainiko dituzten. Hala, bisitariek bertatik bertara probatu ahal izango dituzte gurpil gaineko sukaldaritzako errezeta berrienak, eta, era berean, hainbat tatilerretan parte hartzeko aukera izango dute.

Horrez gain, eta bertaratuei ahalik eta prestakuntza zehatzena eta haien beharretara hoberen egokituena eskaintzeko xedez, “Hitzaldien eta Tailerren Aretoan” sektoreko erreferentziazko aditu anitzek gure herrialdeko egungo negozio-egoeraz eta hazteko dituen aukerez ariko dira, bai eta kanpoko beste merkatu batzuetan dagoen bilakaeraz nahiz hemen aplika litezkeen ideiez eta erronkez. Hauek izango dira intereseko beste gai batzuk: “Food truck marketin-osagai gisa”, “Food truck bat muntatzen: tipologia, lege-, osasun- eta finantza-baldintzak”, “Teknologia food truck-en zerbitzura”, “Ekitaldi arrakastatsu bat antolatzeko gakoak”, “PonteVan Proiektua” edo “Jatetxetik food truck-era”.

Hizlarien artean, besteak beste, ondorengoak nabarmenduko dira: Ángel Gago, Bizkaiko Ostalaritza Elkarteko ohorezko lehendakaria; Leire Pérez, Foodtruckya.com-en sortzailea eta food truckerra Hambroneta-n; Arancha Labrador, S.P.PYMES-en zuzendaria; Laura Moya, elikadura-arloko segurtasunean eta higienean aditua den HAZIAren zuzendaria; Ricardo Fernández Guerra, irakaslea Pontevedrako Carlos Oroza LHko Ikastetxe Integratuan; eta Santiago Salgueiro, La Pepita Burguer-en sortzailea eta gerentea.

Hitzaldien hasiera-ekitaldia martxoaren 6an izango da, 10:30ean, eta Isabel Muela Eusko Jaurlaritzako Turismo eta Merkataritza Sailburuordeak hartuko du parte.


“COOKING THE STREET” LEHIAKETAREN BIGARREN EDIZIOA

Iazko harrera ona eta parte-hartze arrakastatsua ikusita, Food Truck Forum 2018ren baitan “Cooking the Street” Kale Errezeten Lehiaketa Nazionaleko finala jokatuko da. Ekimenaren antolatzailea Foodtruckya.com da, food truck-en Estatuko lehen gida, eta ostalaritza-lokalen parte-hartzea bultzatzea du helburu, haien eskarmentua parteka dezaten, bai eta proposamen eta zapore berriak ere, horrela sukaldaritza-formatu honek ostalaritza tradizionalari eskaintzen dizkion negozio-aukerak ezagutzera emateko.

Otsailaren 17an, zapatuan, jakinaraziko dira final handian parte hartuko dutenen izenak. Finala bera, berriz, martxoaren 7an jokatuko da, 13:30 eta 16:30 bitartean, eta epaimahaikideak ostalaritzarekin zerikusia duten itzal handiko pertsonak izango dira. Besteak beste, Daniel García, Zortzikotik, Michelin izar batekin; Beñat Ormatexea, Jauregibarria Jatetxetik eta Jóvenes Cocineros-eko Espainiako txapelduna; Ricardo Pérez, Yandiola taldetik eta Jóvenes Chefs-eko Espainiako txapeldunordea, eta Artxandako Ostalaritza Eskolako ordezkari bat.

Guztira 3.000 € banatuko dira saritan. Lehenengoa 2.000 €-koa izango da, bigarrena 600 €-koa eta hirugarrena 400 €-koa.

2017an, lehenengo saria Benjamín Rodríguezek irabazi zuen, Dando la Brasa Jatetxekoak, “Sudado en tiniebla y en bolas!!” sorkuntzagatik. Bigarrena Javier Brichettok eskuratu zuen, Mestizo food truck-ekoak, “Ahate erre mollete txinatarra” izenekoarekin. Azkenik, hirugarren saria Iván Silesek eraman zuen, Gure Toki Jatetxekoak, “Aingira-sandwicha” errezetari esker.

Food Truck Forum etenik gabe egongo da irekita 10:00etatik 18:30era.

Azokak RATIONAL eta WELBILT IBERIA SAUren babesa du.

-ek idatzirik|2018-02-08T13:18:06+01:008 de otsaila de 2018|0 Iruzkin

Iruzkin bat utzi

Go to Top