Nagusi 2017, belaunaldi artekotasuna eta zahartze aktiboa sustatzeko jarduerez jositako azoka

Urriaren 20tik 22ra Bilbao Exhibition Centren.

Urriaren 20tik 22ra, NAGUSI-Adinekoentzako Aisialdiaren, Zerbitzuen eta Jardueren Erakustokiaren 21. edizioa izango da Bilbao Exhibition Centren.

34 erakusketari bilduko dira guztira, sektore publiko eta pribatuko enpresa eta erakundeen artean, adinekoen bizi-kalitatea hobetzeko produktu, zerbitzu, teknologia eta ekipamendu ugari aurkezteko.
Erakusketariak izango dira, gehienbat, Bizkaia, Araba, Gipuzkoa, Madril, Alacant, Katalunia eta Pontevedrakoak.

Nagusin, hainbat sektore bilduko dira: egoitzak eta eguneko zentroak, arreta soziosanitarioa, osasun-zentroak, elkargo profesionalak, telelaguntza eta telealarma, osasuna, gizarte-boluntariotza, prestakuntza, etxea, edertasuna, bidaia-agentziak, farmazia, parafarmazia eta ostalaritza, besteak beste.

Azoka Eusko Jaurlaritzak eta Bilboko eta Barakaldoko Udalek babestuta eta lagunduta dago, bai eta Bizkaiko Optiko Optometristen Elkargoak, Bizkaiko Botikarien Elkargoak eta Nagusiak-Bizkaiko Erretiratuen Elkarteak ere.

Horrez gain, hainbat entitateren laguntza, babesa eta hedapena ere baditu, besteren artean Bizkaiko 4 Udalenak (Portugalete, Balmaseda, Karrantza eta Zalla), Gurutze Gorriarenak, Secotenak, Munduko Medikuenak, Bilboko Diozesiarenak eta Cáritasenak.

Inaugurazio ofiziala urriaren 20an izango da, ostiralean, 12:00etan, Bilboko Alkate Juan Mª Aburtoren eskutik.

Urteak betetzeak ez dakar bizi-kalitatea murriztea

Urteak betetzeak ez dakar bizi-kalitatea murriztea, eta halaxe erakusten dute urtero Nagusira etortzen diren milaka adinekoek. Erakustokiaren helburu nagusiak dira belaunaldien arteko harremana eta zahartze aktiboa bultzatzea; horretarako, jarduera-egitarau zabala eskaintzen du, gorputzari zein buruari eragiteko eta adinekoen bizimodu osasungarria, parte-hartzailea eta segurua sustatzeko.

Beste helburu bat da adinekoen zaintzan esku hartzen duten senideen, zaintzaileen eta profesionalen lana nabarmentzea eta erraztea. Horrexegatik, aurten ere horri begirako erakusketa-gunea izango da, non prestakuntza-jarduerak egingo diren, hitzaldiak, solasaldiak eta jardunaldiak eskainita adinekoentzako arreta soziosanitarioari edo teknologia berriei buruz, besteren artean.

Jardueraz jositako azoka

Nagusiko erakusketarien eskaintza osasunaren, aisialdiaren eta zerbitzuen sektoreetan ardaztuko da, gehienbat.

Euren partehartzeari esker, urriaren 20an, ostiralean, hasiko den jarduera programa bat osatu da, beste ekintza batzuen artean ondokoak eskainita: erakusketak, gimnastika-eskola kolektiboak, ikastaroak, dardo-txapelketa, mahai-tenis partidak, Barakaldoko Udal Bandaren emanaldia, ariketa fisikoen tailer praktikoak zahartze aktiboa eta osasungarria bultzatzeko, mahai-inguruak, umorezko bakarrizketak, eta ekintza dibulgatzaile eta informatzaileak, esaterako, “Adinekoak Salbu” programa, Eusko Jaurlaritzak antolatua eta Paco Lobatón kazetari eta QSD Global Fundazioaren presidenteak aurkeztua. Ostiral arratsaldeko jarduerak BEC eraikinaren inguruan garatuko den “Martxa Nordikoa” izenekoaren aldi berean izango dira.

Larunbatean, Nagusi “BEC-El Regato-BEC Belaunaldien Arteko Martxa” eginez hasiko da, dagoeneko klasikoa azoka honetan. Horrez gain, berriz egingo dira hainbat tailer, gimnastika-ariketa kolektiboak agertoki nagusian, hitzaldiak, ehoziri-erakusketak, ikastaroak, bingoak, dantza-erakusketak, magia-ikuskizunak, eta Eltzeko lehiaketa-erakusketa irrikatua ere, besteren artean.

Igandean, jarduerei hasiera emateko, lehenik eta behin gimnastika-eskola kolektiboak eskainiko dira, agertoki nagusian; ondoren, “Mesa Rociera” egingo da. Egun osoan, tailerrak, igel-txapelketak, txapel-jaurtiketa, dantzak, hitzaldiak eta hainbat sari-banaketa egingo dira. Horrez gain, iazko harrera ona eta parte-hartze handia kontuan hartuta, igande goizean Paellen Lehiaketa Dastaketa egingo da Nagusin, izena dohainik eman ahal izango delarik.

Aipatu jarduerez gain, azokak iraun bitartean, erakusketari gehienek jarduerak egingo dituzte, etenik gabe, beren standetan: karikaturak, tentsioa hartzeko, arterietako presioa eta pisua jakiteko probak, mahai-tenis erakusketak eta partidak, joko didaktikoak, ikusmen-zorroztasunaren kontrolak, begietako tentsioa, aholkularitza espezializatua, psikomotrizitate-jokoen eta didaktikoen zirkuituak, material dibulgatzailearen banaketa, eta emozioak kudeatzen jakitearen garrantziaren inguruko jarduerak, zahartze asegarria izaten laguntze aldera ongizateaz gozatu ahal izateko.

LifeVac, Nagusin

Adinekoentzako segurtasuna sustatzearren, BECek 2 LifeVac gailu eskuratu ditu, Kontrako Eztarritik Joateagatiko Asfixia prebenitzeko, eta, hala, aitzindari bihurtu da istripu-mota horrek eragiten dituen heriotzen prebentzio-arloan. Gailuok erabiltzen dira Heimlichen maniobrak kale egiten duenean, hau da, buxadura ezin izan denean desagerrarazi.

Adinekoen sektoreak du arriskurik handienetakoa Kontrako Eztarritik Joateagatiko Asfixia jasateko, halako istripuak askoz ere sarriago gertatzen baitira 75 urtetik aurrera. Gainera, lotura handia dute nahasmendu neurologikoekin, esaterako, Alzheimerrarekin, Parkinsonarekin, esklerosi anizkoitzarekin edo buruko isuriarekin, besteak beste, zeinak patologiarik ohikoenak diren adineko pertsonengan.

Nagusira etortzen direnek LifeVac-en erabilerraztasuna ezagutu ahal izango dute, nola dabilen probatzeko aukera egongo baita. Gailuaren eraginkortasuna dagoeneko frogatuta dago Espainian, La Rodako (Albacete) Parkinson Elkartearen eskutik, paziente bati bizitza salbatu baitzion, Heimlichen maniobrak huts egin zionean.

Nagusi 2017ko bisita-ordutegia:

11:00etatik 14:00etara eta 16:00retatik 20:00etara.

Doako sarrera

-ek idatzirik|2017-10-18T14:09:51+02:0018 de urria de 2017|0 Iruzkin

Iruzkin bat utzi

Go to Top