Enlit Europe, energiaren sektorerako nazioarteko erreferentzia den ekitaldia, atzo ireki zutuen ateak Bilbao Exhibition Centren, eta bertan 140 herrialde baino gehiagotatik etorritako 15.000 profesional baino gehiago eta mundu osoko 700 enpresa erakusle bilduko dira energiaren trantsizioaren erronkak eta aukerak aztertzeko. Ostegunera arte egingo den ekitaldia 1., 3. eta 5. pabiloietan eta BECeko Konbentzio Zentroko hainbat espaziotan izango da.
Paddy Young-ek, Enlit Mediako zuzendariak, Enlit Europe topaketa iritsi dela eta bere poza adierazi nahi izan du antolakuntzaren izenean: “Oso pozik gaude Enlit Europe Bilbora eta BECera ekartzeaz. Hiriak eta eskualdeak emandako babesa zoragarria izan da, eta argi dago espiritu berritzaileari eta inguruko energia-komunitate sendoari esker, ekitaldia egiteko leku ezin hobea dela. Ongietorria emango diogu ekosistema energetiko osoari. Aurtengoa edizio inspiratzaile eta ahaztezina izango dela uste dugu. Edizio hau Europako trantsizio energetikoaren benetako erdigunea bilakatuko da, non prozesu honen hurrengo urratsak lotu, bultzatu eta definituko diren”.
Hiru jardunalditan, soluzio teknologiko berritzaileenen, sortzen ari diren joeren eta energia sortzeko, banatzeko eta kontsumitzeko modua aldatzen ari diren arrakasta-kasuen ikuspegi osoa emango da. Ekonomiaren digitalizazioa, deskarbonizazioa eta elektrifikazio jasangarria izango dira energia-sistema eraginkorrago eta ingurumena gehiago errespetatzen duenerantz aurrera egitea bultzatzen duen ekitaldi honen ardatz tematiko nagusiak.
Munduko ekitaldien antolatzaile nagusietako baten etorrera Bilbao Exhibition Centrera ENLIT Europerekin mugarri bat suposatzen du. Lorpen hau parte hartzen duten erakunde guztien arteko lankidetzaren emaitza da —Bizkaiko Foru Aldundia, Energiaren Euskal Erakundea, Eusko Jaurlaritza, Bilboko Udala, Iberdrola, Basque Energy Cluster eta BEC— eta herrialdearen estrategiarekin lerrokatutako lankidetza publiko-pribatu sendo baten baitan kokatzen da. Ahalegin bateratu honek ezagutza, negozio-aukerak eta nazioarteko ikusgarritasuna ematen duten espazioak ahalbidetzen ditu, energia bezalako arlo estrategikoetan.
Iruzkin bat utzi