Bilbao Exhibition Centrek nazioarteko ekitaldiak jasoko ditu aurten, hainbat sektore estrategikori buruzkoak: energia eolikoa, elikagaien arloko berrikuntza, industria aurreratua edota ekoizpeneko ingeniaritzaren ikerketa.
Apirilean WindEurope jasoko du berriro ere azoka eta kongresu esparruak. Erakusketa eta kongresua bilduko ditu ekitaldiak, eta offshore eta onshore energia eolikoaren sektoreko enpresa eta profesionalen ordezkaritza zabala izango da bertan. Bi aste baino gutxiago falta diren honetan, WindEurope ekitaldiaren hitzaldi-programak 300 hizlari baino gehiago ditu dagoeneko. Sektorearentzat garrantzitsuak diren gaiak landuko dituzte, hala nola hornidura-katearen lehiakortasuna, itsasoko energia eoliko flotagarria, energiaren prezioak, jasangarritasuna edo digitalizazioa.
Maiatzean Food 4 Future itzuliko da. Foodtech industriaren arloko 6.000 lider baino gehiago biltzea espero da, eta nazioarteko bisitari asko etorriko dira. “The Foodtech Revolution” lelopean, Spain FoodTech Nation marka nazioartean kokatzea izango da Food 4 Future azokaren bigarren edizioaren helburua, eta elikagaien industriako balio-kate osoko profesionalei aukera ematea haien partner teknologikoa topatzeko, hala, haien eredu operatiboan berrikuntza bultzatzeko.
Baina, zalantzarik gabe, BECen egutegiko aurtengo mugarri handietako bat BIEMH-Makina-Erremintaren Nazioarteko Biurtekoa izango da. Eskuragarri dagoen azaleraren ia % 95 kontratatu dute dagoeneko. 900 enpresa erakusketari baino gehiago erregistratu dira, eta nabarmentzekoa da parte-hartzaileen % 46 atzerriko herrialdeetatik etorriko direla, hala nola Alemaniatik, Austriatik, Belgikatik, Txinatik, Danimarkatik, Frantziatik, Indiatik, Italiatik, Herbehereetatik, Portugaldik, Suitzatik, Taiwandik eta Turkiatik. Edizio honetarako aurreikuspenak onak direla baieztatzen dute datu horiek. Ekainaren 13tik 17ra egingo dute eta industriak indartu egingo du testuinguru ekonomikoan duen funtsezko protagonismoa. Aldi berean, BeDigital, Addit3D, Imic eta Workinn antolatuko dituzte.
Aurten, gainera, abuztuan ez da jarduera geldituko: CIRPek, ekoizpeneko ingeniaritzaren ikerketan mundu mailako liderra den erakundeak, BECen egingo du 71. Batzar Orokorra. Bilera hibridoak egingo ditu kideekin, ikerketa-afiliatuekin eta gonbidatuekin. Prozesuen, makinen eta sistemen diseinuaren, optimizazioaren, kontrolaren eta kudeaketaren abangoardian dago CIRP, eta sei egun iraungo ditu programatuta duen hitzorduak. Gainera, nazioartekotasun zigilu osoa duten bost azokatan Industria, Merkataritza eta Turismo Ministerioaren aitortza ofiziala eskuratu du Bilbao Exhibition Centrek, Merkataritzako Estatuko Idazkaritzaren bidez.
Iruzkin bat utzi