Bilbao Exhibition Centren egin da aste honetan Enlit Europe 2025, industria energetikoaren nazioarteko hitzordu garrantzitsuenetako bat eta foro estrategiko bat. Sistema energetiko deskarbonizatu, digitalizatu eta lehiakorragorako trantsizioaren erronkak eta aukerak aztertzea izan du helburu. Topaketak 140 herrialde baino gehiagotako 15.189 partaide eta 700 enpresa erakusketari baino gehiago bildu ditu. Paddy Youngek, Enlit Mediako zuzendariak, edizioak izandako arrakasta nabarmendu nahi izan du: “Ekitaldia itxi ondoren, lortutako emaitzekin oso pozik gaudela esan dezakegu. Bilbo Europako trantsizio energetikoaren benetako erdigunea izan da, eta Enlitek ezarritako helburua bete du: aurrerabiderako eta ekintzarako katalizatzaile izatea”.

Hiru egunetan, azaroaren 18tik 20ra bitartean, Enlit Europe 2025ek Bilbao Exhibition Centreko 1., 3. eta 5. pabiloietan eta bertako batzar-zentroan Europako ekosistema energetiko aurreratu eta interkonektatuaren baitan ezagutzaren trukea errazteko, aliantza estrategikoak sustatzeko eta inbertsio- eta garapen-aukera berriak identifikatzeko diseinatutako programa eraman du aurrera.

Erakusketa eremuan, 700 enpresa eta erakundek baino gehiagok energia sortzeko, banatzeko eta kontsumitzeko soluzioak erakutsi dituzte, eta sektorea eraldatzen ari diren teknologien eta estrategien ikuspegi osoa eskaini dute. Aurtengo edizioan, rol berezia bete du “Smart Grids Basque Country” standak. Bertan, sare adimendunen balio-kateko Euskadiko 16 enpresak beren produktu eta garapen teknologikoak aurkeztu eta Europa osoko operadore elektrikoekin bilera eta kontaktu ugari izan dituzte. Era berean, ekitaldian Iberdrolak, edizio honetako babesle nagusiak, bereziki esanguratsua den parte-hartzea izan du. Konpainiak bi stand izan ditu, eta, horietan, inbertsio berritzaileenetan oinarritutako prototipoak eta animazioak erakutsi eta side event ugari antolatu ditu.

Guztira, 600 utility baino gehiago egon dira ordezkatuta Enlit Europe 2025en, eta Europar Batasunak finantzatutako 100 proiektu baino gehiago aurkeztu dira. Horrek guztiak ekitaldiaren ezaugarri den dinamismo berritzailea erakusten du. Summiten (batzarra), 2.039 profesionalek baino gehiagok hartu dute parte sektorearen etorkizunerako funtsezkoak diren gaiei buruzko ehun hitzaldi eta panel baino gehiagotan: sare adimendunak, biltegiratzea, malgutasuna, mugikortasun jasangarria edo deskarbonizazioa. Hub tematikoek digitalizazioaren, sareen berrikuntzaren, mugikortasunaren eta biltegiratzearen inguruko eztabaida sustatu dute, eta B2B espazioek eta networkingeko guneek, berriz, sektoreen arteko lankidetza indartu. Agenda aldi berean egindako beste 120 ekimen baino gehiagorekin osatu da.

Lehen aldiz, Enlit Europek Evolution Talks izeneko CEOen bilera hartu du. Foro pribatu horretan, Europako energia-enpresetako 20 zuzendari exekutibo ateak itxita bildu dira, eta trantsizio energetikoa, deskarbonizazioa eta horniduraren segurtasuna eta antzeko erronka nagusiei buruzko eztabaida egin dute. Bilera horien helburua izan da Europako energia-etorkizunaren lehentasunak zehaztea.

Enlit Europe nazioarteko ekitaldi-antolatzaile nagusietako baten eskutik Bilbao Exhibition Centrera iritsi izana mugarria da, eta herrialde-estrategiarekin guztiz bat datorren lankidetza publiko-pribatuaren ereduari erantzuten dio. Bizkaiko Foru Aldundiak, Energiaren Euskal Erakundeak, Eusko Jaurlaritzak, Bilboko Udalak, Iberdrolak, Basque Energy Clusterrek eta Bilbao Exhibition Centrek elkarrekin emandako bultzadari esker lortu da mugarria.

Enlit Europe 2025en inaugurazio-ekitaldia Paddy Young Enlit Mediako zuzendariaren hitzaldiarekin hasi zen. Ondoren, Imanol Pradales lehendakariaren mezua proiektatu zen, eta, jarraian, Elixabete Etxanobe Bizkaiko ahaldun nagusiak, Juan Mari Aburto Bilboko alkateak, Mikel Jauregi Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko sailburuak eta Mario Ruiz-Tagle Iberdrola Españako zuzendari nagusiak hitz egin zuten.

Bilera garrantzitsuak Enlit Europe 2025en baitan

Enlit Europe 2025en edizio honetako eduki garrantzitsuenen artean, nabarmentzekoak dira sareen etorkizuna, berrikuntza industriala eta sektorearen digitalizazioa ardatz zituzten deialdiak. Horien artean, nabarmentzekoa da Brokerage Event topaketa, Basque Enterprise Europe Network – SPRIk antolatutakoa. 19 herrialdetako 145 parte-hartzaile bildu ditu. Enpresen, zentro teknologikoen eta I+G arloko erakundeen arteko aldebiko bilerak errazteko bereziki diseinatutako topaketa horretan, 50 bilera baino gehiago egin dituzte.

Azpimarratu beharreko beste ekimen bat izan da Grid4Industryren aurkezpena, Industria Plana-Euskadi 2030ren baitan Eusko Jaurlaritzak bultzatu duena. Proiektu eraldatzaile horrek industriaren elektrifikazioa eta deskarbonizazioa sustatzen ditu, Euskadiko sektore elektrikoaren gaitasun teknologikoak aprobetxatuz. Grid4Industry-k Euskadiko balio-kate osoko gaitasun industrialak eta teknologikoak integratzen ditu, eta sektorearen lehiakortasuna indartzen du, mundu mailako erreferente bihurtuz.

Horrez gain, elkarteen eta enpresen talde batek Bilboko Manifestua izenekoa aurkeztu dute. Adierazpen horrek sare elektrikoak modernizatzeko, berrikuntza teknologikoa sustatzeko eta hornidura-kate erresilienteak ziurtatzeko deia egiten du. Hain zuzen ere, horiek guztiak ezinbesteko oinarriak dira energia-sistema lehiakorra eta jasangarria bermatzeko. Manifestuak, gainera, 2026an Elkarrizketa Estrategikoa eta Teknologia Elektrikoetarako Hornikuntza Katearen Europako Kontseilua martxan jartzea planteatzen du, sektorearen lehiakortasuna bultzatuko duen eta Europa mailan erabakiak hartzea erraztuko duen araudi mailako esparru koherenterantz aurrera egiteko helburuarekin.