Aisialdia eta balioak batzea erabaki zuzena dela berresten du Umeen Gabonetako Parkearen 58. edizioak
Errendimendu betean ari da lanean Umeen Gabonetako Parkearen ilusio eta magia makina. Milaka familia, koadrila eta ikastetxek gozatu dute, dagoeneko, PIN/UGPak eskaintzen dituen 50 inguru atrakzio eta jarduerekin. Bilbao Exhibition Centren 1, 3 eta 5 pabiloietan igartzen den emozioak berretsi baino ez du egiten balioz betetako aisialdiaren arrakasta, parkeak berak eta BECek bultzatutakoa. Urtarrilaren 5era arte egongo da irekita, merezitako espazioa emanez sustatzen dituen sei balioei: elkartasuna, gizalegea, jasangarritasuna, berdintasuna, familia eta bizimodu osasuntsua.
Hasierako egunetan, Olentzerok eta Mari Domingik egindako bisitak ilusioaren txinparta piztu zuen eta, harrezkero, ez da parkearen magia itzali. Ikazkin eta nekazari mitologikoarengana hurbildu zen haur andana, beren ilusio eta esperantzak partekatzera, ezkuta ezinezko emozioa begietan. Halaber, parkearen lehen hiru egunetan, soinua eta argiztapena doitu zituen antolakuntza taldeak, zentzumen-nahasmenduak dituzten pertsonentzako ere ingurune erosoa sortze aldera.
Ikastetxeek Gabon-aurreko azken eskola astea aprobetxatu zuten parkea bisitatzeko eta egun bereziaz gozatu ahal izateko. 300 bat ikasle eta tutore hurbildu ziren UGPra lehen astean zehar, Bizkaia izanik horietako askoren jatorria. Horiekin batera, Kantabria, Gipuzkoa, Araba, Burgos, Nafarroa eta Errioxako ikasleak ere hurreratu ziren. Estudianteon adinari dagokionez, edizio honetako behin betiko daturik ez dagoen arren, iazko zifrei so, 7 eta 12 urte bitartekoen taldea izan da handiena, eta ondoren, 3 eta 6 urte artekoena.
UGPzaleak parkearen eskaintza anitzaz gozatzen ari dira. Atrakzio klasikoenetatik hasi (izotz-pista edo autotxokeak, esaterako) eta plan berrienetaraino (pickleball eremua edo STEAM Gunea, adibidez), aurtengo programazioa besoak zabalduta hartu dute parkezaleek.
STEAM Gunearen arrakasta
STEAM gunea diziplina horiekiko (Zientzia, Teknologia, Ingeniaritza, Arteak eta Matematika) interesa sustatzeko sortu zuen antolakuntzak, eta arrakasta handia izaten ari da. Zientzia munduko emakume gazteek zuzenduta, dibertitzeko eta ikasteko gogoa duten gazteak hurreratzen ari dira bertara. Ginkana, tailer eta eguneroko erakustaldien bidez, zenbait konpetentzia sustatzen dira bertan: pentsamendu kritikoa, irudimena, arazoen ebazpena eta talde-lana, esaterako. Gainera, programak euskararen erabilera sustatzen du.
Kirol-lehiaketetan ere atleta gazte ugari ari dira biltzen. 550 talde baino gehiago dabiltza parte hartzen saskibaloi, eskubaloi, mahai-tenis eta mini-atletismo txapelketetan, adibidez.
Era berean, urtarrilaren 5ean Gabonetako VII. Lasterketa egingo da, eta familia osoak parte hartu ahal izango du, doan. Ekitaldia 600 parte-hartzailetara egongo da mugatuta, kategoria guztien artean, eta aurretik, izen-ematea gauzatu beharko da eta dortsala jaso.
Astebete baino gehiago geratzen da oraindik Umeen Gabonetako Parkeaz gozatzeko. Hurbilduko direnek ondo pasatzeko eta oroitzapen ederrak sortzeko aukera asko dituzte oraino.
PIN/UGP Bilbao Exhibition Centrek antolatzen du, eta Bilboko Portu Agintaritza, BBK, Bizkaiko Foru Aldundia, Bizkaiko Foru Aldundia-Garraioak, Emakunde, Energiaren Euskal Erakundea, Bilbao Basket Fundazioa, Garbiker, Eusko Jaurlaritza, Interbiak eta Telepizzaren babesa du.
Ordutegi orokorra 11:00etatik 20:00etara bitartekoa izango da, abenduaren 24 eta 31n eta urtarrilaren 5ean izan ezik (11:00etatik 17:00etara bitartekoa izango da). Jaiegunetan (abenduaren 25ean eta urtarrilaren 1ean) UGP itxita egongo da, eta abenduaren 16tik 19ra bitartean, ordutegia 10:00etatik 19:00etara artekoa izango da. Sarrera guztiak Parkearen webgunean eskura daitezke.
Iruzkin bat utzi