16 herrialdetatik iritsitako 2.210 profesionalek parte hartu dute DS – Decarbonized & Sustainable Industry topaketaren lehen edizioan. Egitasmoa azaroaren 3tik 5era egin da, Bilbao Exhibition Centren. Hiru egunetan zehar, topaketak agerian utzi du sektoreak bat egiten duela deskarbonizazioa eta industria-jasangarritasuna lehiakortasunerako, berrikuntzarako eta garapen ekonomikorako palanka bihurtzeko apustuan.
DS Industry 2026 azokak estatuko eta nazioarteko bisitari profesionalak erakarri ditu. Bisitari horiek erabakitzeko gaitasun handia dute eta hogei industria-sektore baino gehiagotako ordezkariak dira, hala nola finketa, orea eta papera, galdaketa, trengintza, aeronautika, ekipo-ondasunak, kimika eta petrokimika, energia (sorkuntza eta banaketa barne), zementua eta karea, siderurgia, automobilgintza, beira, zeramika, elikadura eta edariak, ehunak, plastikoak, eraikuntza, ontzigintza, nekazaritzako elikagaiak eta hondakinen tratamendua. Horrez gain, teknologia- eta ikerketa-zentroetako, ingurumen-kudeaketako enpresetako, azpiegituretako, ingeniaritzetako eta EPCetako ordezkariak bertaratu dira, aholkularitza-enpresa espezializatuekin batera.
Egokitutako espazio ugarien bidez, DS Industry 2026k produkzio-eredu jasangarriago eta deskarbonizatuagoetarako trantsizioarekin lotutako erronka eta aukera nagusiak landu ditu. Hala, ekitaldira bertaratutako profesionalei ezagutza, soluzio teknologikoak eta esperientzia praktikoak hurbildu dizkiete, industria-sarearen eraldaketa bizkortzeko.
Ildo horretan, Knowledge guneak industria-eraldaketarako funtsezko alderdi batzuk izan ditu ardatz: Co₂-a atzitzeko eta erabiltzeko teknologiak, biltegiratze termikoa, bero-ponpak eta hidrogeno berdea, batetik, eta ekonomia zirkularreko estrategiak eta hainbat sektoretan (hala nola finketan, erregai berriztagarrietan, siderurgian, zementuan, elikaduran eta zeramikan) deskarbonizazioa bultzatzen ari diren joerak, bestetik. Programa mahai-inguruekin, eztabaida-guneekin eta Expert Talk saioekin osatu da. Horiez gain, Innovation Workshop tailerrek eta Startup Talk saioek esperientzia praktikoak, benetako ezarpen-kasuak eta enpresek zein startupek industriaren egungo erronkei erantzuteko garatutako soluzioak hurbildu dizkiete bertaratutakoei.
100 enpresa erakusketari baino gehiagorekin, Innovation gunea DS Industry topaketaren erakusleiho teknologikoa izan da, eta industrian zuzeneko aplikazioa duten soluzioak eta garapenak aurkeztu dizkiete bertaratutakoei. Gune horretan, sektoreko enpresa lider eta erreferenteak bildu dira, eraldaketa industrialaren erronkei aurre egiteko soluzio berriak bultzatzen ari diren startupekin batera. Gainera, 36 panelek osatutako posterren eremuak sektoreko enpresek garatutako proiektu berritzaileak, teknologia berriak eta soluzioak ezagutarazi ditu.
Harremanak sortzea eta lankidetza-aukera berriak sustatzea izan da Networking gunearen helburua, eta deskarbonizazioarekin eta jasangarritasun industrialarekin lotutako profesionalen, enpresen eta erakundeen arteko topaketak errazteko diseinatu da. Ekimen nagusien artean, B2B bileren nazioarteko programa nabarmendu da. Enterprise Europe Network (EEN) sareak antolatu du, SPRIren bidez, eta aldez aurretik hitzartutako 190 bilera ahalbidetu ditu erakusketarien, bisitarien eta deskarbonizazioarekin eta energia-eraginkortasunarekin lotutako erakundeen artean. Parte-hartzaileak Alemania, Eslovenia, Frantzia, Belgika, Italia, Turkia eta Pakistanetik etorri dira, baita estatu barrutik ere.
Horri Hosted Buyers Programme ekimena gehitu zaio. Topaketaren negozio-ahalmena indartu du, erabakitzeko gaitasuna duten erosleen eta profilen partaidetzaren bidez, kontaktu profesional berriak ahalbidetu dituzten networkingeko jarduerekin batera.
Talentua erakartzeak eta garatzeak ere leku nabarmena izan dute WORKinn for DS Industry ekimenaren bidez. Ekimen horren helburua da enpresak, profesionalak eta ikasleak harremanetan jartzea, enplegu-aukera errealak sortzea eta belaunaldien arteko erreleboa bultzatzea, industriaren beharren eta hura eraldatzeak eskatzen dituen gaitasun berrien arteko lotura sendotuz.
Azaroaren 3an eta 4an BECen egindako programari amaiera emateko, gaurko, hilaren 5eko, jardunaldia, erreferentziazko instalazioetara bisita teknikoak egiteko baliatu da. Parte-hartzaileek Zabalgarbi, Biscay Eco Aggregates, PepsiCo, Petronor eta Bilboko Portua bisitatu dituzte, eta deskarbonizazioaren eta industria-jasangarritasunaren arloko erreferentziazko proiektuak eta ekimenak bertatik bertara ezagutzeko aukera izan dute.
Topaketaren bigarren edizioa 2028ko azaroan egingo da Bilbao Exhibition Centren.
DS Awards 2026 sariak
DS Industryk deskarbonizazioaren, zirkulartasunaren eta industria-jasangarritasunaren arloko ekimen nabarmenetako batzuk saritu ditu DS Awards sarien bidez. Sari-banaketa atzo egin zen, Bilboko Guggenheim Museoan. Sariek industria-inguruneetan eragin frogatua duten teknologia-ezarpenen benetako kasuak aitortu dituzte.
Startup kategorian, deskarbonizazioa, energia-eraginkortasuna eta industria-eredu jasangarriagoetarako trantsizioa bizkortzeko soluzio berritzaileak garatzen ari diren enpresa sortzaileak saritzen dira. Horien artean, URAPHEX enpresak “Industria Zirkularra eta Cleantech” kategorian jaso du saria, eta NAWATIAk, berriz, “Deskarbonizazioa eta Energia-eraginkortasuna” kategorian.
Zirkularitatea Industrian kategorian, baliabideen erabilera eraginkorragoa, hondakinen balorizazioa eta balio jasangarria sortzeko modu berriak sustatzen dituzten ekimenak saritu dira. ARTECHEk “Produktu, prozesu eta negozio zirkularrak: ekodiseinua, produktuaren bizitza luzatzea eta produktua zerbitzu gisa” kategorian jaso du saria, eta OTUAk, berriz, “Hondakinen balorizazioa” kategorian.
Teknologiak kategoriak, industria-jardueraren deskarbonizazioa bizkortzeko gaitasuna duten soluzioekin lotura duenak, honako hauek saritu ditu: Heidelberg Materials, “Industrian CO₂-a atzitzea eta erabiltzea” ekimenagatik; BAYER, “Biltegiratze termikoko aplikazioak industrian” ekimenagatik; UNIPER, “Bero-ponpen aplikazioak industria-prozesuetan” ekimenagatik; eta ARCELORMITTAL, “Hidrogeno berdearen aplikazioak industrian” ekimenagatik.
DS Industry 2026 Bilbao Exhibition Centrek antolatu du, honako hauen babesarekin: Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzarena erakunde mailako bazkide gisa; Iberdrola eta Petronorrena, Platinozko babesle gisa; KPMGrena, Urrezko babesle gisa; eta Aclima, Basque Environment Cluster, Basquenergy Cluster, EEE-Energiaren Euskal Erakundea, IHOBE, Net Zero Basque, SPRI Taldea eta Tecnaliarena, sektoreko bazkide gisa.
Iruzkin bat utzi