Kirol-jarduerek presentzia handia dute UGPn, bizimodu osasungarria sustatzeko antolakuntzak egiten duen lanaren adibide.

Pickleballa, saskibaloia, mahai-tenisa, beisbola, eskubaloia, jauzi hirukoitza, abiadurako erreleboak, hesien erreleboak, xabalina-jaurtiketa… Kirola ari da izaten Umeen Gabonetako Parkearen 58. edizioko protagonista nagusietako bat. Eta, nola ez, beste behin, Umeen Gabonetako Parkeko Lasterketak emango dio Parkeari amaiera bikaina urtarrilaren 5ean, igandean, jokatuko den zazpigarren edizioarekin. Plana Bizkaiko Atletismo Federazioarekin elkarlanean antolatu dute eta familiei eta nahi duten guztiei (bereizketarik gabe, federatuta daudenak zein federatu gabeak) egongo da zabalik. Horretarako, aurrez izena eman eta dortsala jaso beharko da. Parte-hartzaile kopurua 600 lagunetara mugatuta egongo da, kategoria guztien artean, eta aurreko edizioetan bezala, bete egingo dela uste du antolaketa taldeak.

Ibilbidea 2. pabiloian egingo da (barrakak eta gainerako jarduerak dauden tokiarekiko independentea) eta adin-tarteetarako bereizitako ordutegiak eta distantzia izango ditu: umeak, kimuak, benjaminak eta aurrebenjaminak. Gainera, txikientzako lasterketak eta familia osoarentzako beste lasterketa herrikoi bat ere izango dira.

Lehen lasterketa, mistoa eta umeen kategoriari zuzendutakoa (2011 eta 2012 artean jaiotakoak), 11:10ean hasiko da eta 900 metro egin beharko dituzte (hiru itzuli). Eta azkena, Familia Lasterketa Herrikoia, 11:50ean hasiko da eta 300 metro (itzuli bat) egin beharko dituzte. Gainerako lasterketak tarte horretan egingo dira: kimuak (2013-2014, 600 metro, neska-mutilak), benjaminak (2015-2016, 300 metro, neska-mutilak), aurrebenjaminak (2017-2018, 300 metro, neska-mutilak), txiki neskak (2019 eta ondorengoak, 60 metro) eta txiki mutilak (2019 eta ondorengoak, 60 metro). Gainera, atleten ahalegina saritzeko, antolakuntzak anoa eta opariak emango ditu.

Umeen Gabonetako Parkearen azken egunak

Honako hau izango da UGParen ordutegia azken egunotan: bihar, urtarrilak 3, eta larunbata, hilak 4, 11:00etatik 20:00etara; eta, igandean, urtarrilaren 5ean, 11:00etatik 17:00etara. Sarrera guztiak Parkearen webgunean eskura daitezke, eta lasterketetarako izen-ematea ere bertan egin behar da.