Andoitz Kortak, Industria Sustatzeko sailburuordeak, zuzendu du gaur goizean gaurtik ostegunera bitarte Bilbao Exhibition Centren egingo den +INDUSTRY 2025 azokaren inaugurazio-ekitaldia. Topaketan 18 herrialdetatik iritsitako 873 enpresak hartuko dute parte. “Hiru egunotan, +INDUSTRYk fabrikazio aurreraturako erakusleiho nagusi bihurtuko du Euskadi eta hori guztia SPRI Taldearen laguntzari esker egingo dugu. Euskadiko industriaren elementu onenak izango dira ikusgai BECen, eta etorkizuneko sektoreen fabrikazioan gure bikaintasuna mundu osoari erakusteko aukera izango dugu: aeronautika, energia, trengintza edo makina-erreminta, adibidez”.
“Argi dugu industria dela Euskadiko ongizate-iturria, eta kalitatezko enplegua, aurrerapena eta aberastasuna sortzen ditu. Hori dela eta, Europaren berrindustrializazioaren aurrean, Eusko Jaurlaritzak industria gehiagoren, industria hobearen eta isuri gutxiagoren aldeko apustua egin du”, adierazi du Andoitz Kortak, Industria Sustatzeko sailburuordeak.
Inaugurazio-ekitaldian izan dira, halaber, Mikel Antizar, Barakaldoko Udaleko alkateordea eta Gizarte Ekintza arloko zinegotzia; Joseba Mariezcurrena, Bizkaiko Foru Aldundiko Ekintzailetza, Talentua eta Enpresa Lehiakortasuneko zuzendari nagusia; Saray Zarate, Arabako Foru Aldundiko Ekonomiaren Garapen eta Berrikuntzako diputatua; Ander Larrinaga, Arabako Foru Aldundiko Ekonomiaren Sustapen eta Berrikuntzako zuzendaria; Carlos García Buendía, Gobernuaren ordezkariordea; José Pérez, AFMko presidentea; Xabier Ortueta, AFM Clusterreko zuzendari nagusia; Alfonso Ganzabal, STECHeko presidentea; Fernando Gastaldo, AFMECko presidentea; Natividad Cuadra, ICEXeko zuzendaria; Maite Martínez Granado, Lanbideko Lan Aktibazioko zuzendaria; Mari Carmen Gorostiza, Bilbao Exhibition Centreko Industria, Energia eta IKTak negozio-unitateko zuzendaria; eta Xabier Basañez, Bilbao Exhibition Centreko zuzendari nagusia.
«Industria osoa, hemen» lelopean nazioarteko parte-hartze nabarmenarekin (Alemania, Txina, Frantzia, Italia, Portugal, Belgika, AEB, Taiwan edo India, besteak beste), eta Euskadiko industriaren ordezkaritza sendoarekin, ekimenak BECeko 1 eta 3 pabiloiak beteko ditu. Sektoretan banatutako formatuak aukera emango die bertaratuei industria-fabrikazioko funtsezko prozesu guztiak ikusteko, ingurune dinamiko eta oso espezializatu batean.
Jada izena eman duten milaka profesionalek, zeinek askotariko sektoreetan egiten baitute lan (automobilgintza, aeronautika, defentsa, trenak, energia, siderurgia, ekipo-ondasunak, petrokimika, elikadura, logistika eta intralogistika, farmazia, kosmetika, ontziak eta paketatzeak, besteak beste) ekosistema aberasgarria aurkituko dute, sektorearen erronka globalei erantzuteko eta beren lehiakortasuna indartuko duten irtenbide berritzaileekin lotzeko diseinatua. Kualifikazio handiko bisitariaren profila da, I+G+Bn inbertitzera eta erosketa-prozesuetan etengabe hobetzera eta erabakiak hartzeko gaitasunera bideratua. Bisitarien jatorriak Espainiako lurralde osoa hartzen du —bereziki, iparraldea, Katalunia eta Madril—, bai eta nazioarteko presentzia zabala ere, industria-ingurune globalari lotua.
Ildo berean, eta denetik izango duen erakusketa guneaz gain, +INDUSTRYk konferentzien helburu handiko programa eskainiko du. Programa hori diseinatuta dago bertaratzen diren profesionalek industriaren sektorea berriro definitzen ari diren erronka eta joera nagusiak sakon ditzaten. Programak 40 hizlari izango ditu guztira, hainbat herrialdetakoak (Espainia, Alemania, Belgika, Frantzia, Suedia eta Herbehereak), eta horrek topaketari nazioarteko eta diziplina anitzeko ikuspegia emango dio.
Iruzkin bat utzi