WORKinn azokaren edizio berria gaur eguerdian inauguratu da, +INDUSTRYren baitan. Ekitaldia Alfonso Gurpegui Enplegu eta Inklusiorako sailburuordeak (Eusko Jaurlaritza) eta Teresa Laespada Enplegu, Gizarte Kohesio eta Berdintasun Saileko foru diputatuak (Bizkaiko Foru Aldundia) zuzendu dute.
Gurpeguik azpimarratu du enpleguak duen garrantzia gizarte-kohesiorako eta etorkizunerako motor gisa. “Enplegua funtsezko tresna da gizarte bidezkoago eta kohesionatuago bat eraikitzeko”, adierazi du. Halaber, nabarmendu du WORKinn bezalako foroek duten garrantzia helburu horiek lortzeko, etorkizuna eraikitzen duten pertsonen eta enpresen arteko topagune baitira.
Bestalde, Teresa Laespadak baieztatu du industriak duen eginkizun estrategikoa Bizkaiko ekonomiaren motor gisa. “Bizkaiko industria funtsezko elementua da gure hazkunde ekonomikoa jasangarritasunean oinarrituta sendotzeko. Horregatik, gure ardura da testuinguru ekonomiko, sozial eta politiko bat eskaintzea, industria berriro Bizkaiko ekonomiaren motor gisa kokatzeko eta kalitatezko enpleguaren benetako iturri bihurtzeko”, adierazi du.
Bi ordezkariek bat egin dute industria-sektorean emakumeen presentzia eskasa dela eta hori dela gaur egungo lanaren eraldaketa testuinguruan erronka nagusietako bat.
Ekitaldian, halaber, honako hauek hartu dute parte: Francisco Pedraza (Lanbideko zuzendari nagusia), Gloria Múgica (DEMAko zuzendari gerentea), María Ruiz-Lopetedi (AFM Clusterreko zuzendariorde nagusia), Xabier Ortueta (AFM Clusterreko zuzendari nagusia), Mari Carmen Gorostiza (BECeko Industria, Energia eta IKT Negozio Unitateko zuzendaria), eta Xabier Basañez (BECeko zuzendari nagusia), beste agintari batzuen artean.
Hogei enpresa eta erakunde baino gehiagok parte hartzen dute WORKinn Talent Hub-en, eta 400 enplegu-aukeratik gora aurkezten dituzte, hautaketa-prozesuei eta industria-sektorean eskatzen diren profil profesionalenei buruzko informazio zuzena emanez.
WORKinn Talent Hub +INDUSTRYren sei azoka espezializatuekin batera garatzen da –Addit3D, BeDigital, Maintenance, Pumps & Valves, Subcontratación eta weAR–, eta horrek espazio ezin hobea bihurtzen du enpresen eta profesionalen arteko loturarako, benetako laneratze eta garapen profesionaleko aukerekin.
Iruzkin bat utzi