2026ko egutegiko erreferentziazko nazioarteko lehen hitzordua izango da
BIEMHeko antolaketa-taldeak EMO Hannoverren hartzen du parte aste honetan. Bertan izango duen agenda barruan, BIEMHen 33. edizioan erabakigarriak izango diren sektore eta herrialde estrategikoetako profesionalekin bilduko dira. Produkzio- eta metalurgia-teknologian nazioarteko erreferentzia bihurtu den azokari esker, BIEMHeko eta kanpoko eragileen sareko arduradunek mundu osoko bezeroekin harremanetan jartzeko eta maila gorenean harreman berriak egiteko aukera izango dute. EMO izango da aurten antolatutako azoka liderren egutegiko azkena, eta 2026ko ekitaldiko lehenengoa, aldiz, BIEMH. Bilbao Exhibition Centren egingo da, martxoaren 2tik 6ra bitarte.
Egunotan egingo dituzten elkarrizketatan ere alderdi zehatzak landuko dituzte. Irekitzeko bost hilabete baino gehixeago bakarrik falta direnean, enpresa asko ari dira BIEMHeko parte-hartzea prestatzen, azken belaunaldiko zer ekipo eta makina funtzionamenduan jarriko duten zehazten. Zuzeneko erakusleiho teknologiko gisa duen balio bereizgarria indartzeko, hain zuzen ere, antolakuntzak neurri lagungarriak jarri ditu aurten abian. Horiei esker, standetan formatu handiko makina eta soluzio operatiboak jarri ahal izango dira.
Fabrikazio aurreratuaren balio-kate osoa egongo da BIEMHen. Makina-erreminta eta prozesuak, erremintak, osagaiak, osagarriak, metrologia eta produkziorako zerbitzuak, eta robotikari, automatizaziori eta digitalizazioari zuzendutako eremu espezifikoa eskainiko ditu erakusketako eskaintzak. Orain arte, bertan izango direla baieztatu dute 26 herrialdetatik iritsitako 1.000 erakusketa-enpresak. Direktorioan, 2.100 produktu berritzaile baino gehiago erregistratu dituzte dagoeneko. Kanpaina oso aurreratuta dago eta mugarri garrantzitsuenetako batzuk dagoeneko lantzen ari gara: planoen marrazketa eta espazioen banaketa, edo nazioarteko erosleen VIP programa, adibidez.
Alemanian, Indian, Turkian, Estatu Batuetan, Erresuma Batuan, Kanadan, Suitzan eta Mexikon (besteak beste) inbertsio-aukera handiak dituzten sektore mailako elkarteekin eta enpresekin egindako elkarrizketek Hannoverren aurrez ikusitako agendaren zati handi bat jasoko dute, eta Marokora, Frantziara, Portugalera, Italiara eta Estatu mailako hainbat tokitara egindako bidaiekin osatuko da datozen hilabeteetan. Sektore hauekin lotutako soluzio industrialen eskari maila handia duten merkatuak dira: aeronautika, ekipo-ondasunak, automobilgintza, defentsa, energia, trenbideak, petrolioa eta gasa, siderurgia eta azpikontratazio industriala.
Hori guztia dela eta, eta ingurune industrial sendo eta dibertsifikatuaren babesari esker, BIEMHek lidergo-posizioa izango du 2026ko egutegian. Erronka handiz betetako urtea izango da eta azokak sektorearen garapenarekiko duen konpromisoa berretsiko du. Hala, makina-erremintako eta fabrikazio aurreratuko enpresei bultzada berria eskainiko die.
BIEMH 2026 AFM, Machine Tool Manufacturers; AIMHE, Machine Tools Importers eta Bilbao Exhibition Centrek antolatzen dute eta SPRI – Eusko Jaurlaritza da erakunde babeslea.
Iruzkin bat utzi