Umeen Gabonetako Parkeak (PIN-UGP) 59. edizioa egingo du Bilbao Exhibition Centren abenduaren 13tik urtarrilaren 5era bitarte, eta 1., 3. eta 5. pabiloiak gozatzeko, ikasteko eta partekatzeko proposamenez beteko ditu. Egun horietan, adin guztietarako pentsatutako atrakzio, tailer eta bestelako esperientzia ludikoen eskaintza zabala izango da barrutian. Horri esker, PIN-UGPa Gabonetako hitzordurik desiratuenetako bat izango da.
Aurreko edizioetako ildoari jarraituz, ekitaldiak funtsezko sei baliotan oinarritzen den dibertsioarekiko konpromisoa berretsiko du: elkartasuna, gizalegea, jasangarritasuna, berdintasuna, familia eta bizitza osasuntsua. Printzipio horiek, entretenimenduarekin lotutako eremuetan euskararen erabilera sustatzearekin batera, PIN-UGParen muinaren parte dira, eta espazioa bizitzaz beteko duten jardueretan presente egongo dira.
Proposamen aipagarrienen artean, aurten PIN-UGPak STEAM Gunea ere eskainiko du. Gune hori BECek Innobasqueren eta Eusko Jaurlaritzako Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza Sailaren laguntzarekin garatzen du. Eremua haurrei STEAM hezkuntza hurbiltzeko diseinatuta dago, eta zientzia, teknologia, ingeniaritza eta matematika arteekin eta humanitateekin lotuta modu atsegin, sortzaile eta interaktiboan integratzen dituen ikuspegia eskaintzen du. Aurtengo edizioak berrikuntzak izango ditu eta hiru bloke nagusitan antolatuta egongo da: erronkak, tailerrak eta erakustaldiak. Elhuyarrek egingo du haien diseinu- eta animazio-lana. Gainera, ikastetxeek eta aisialdiko taldeek dagoeneko erreserbatu dezakete beren plaza STEAM Gunearen jarduera-programaren barruan. Horri esker, bisitaren plangintza erraztu eta tailerretan parte hartzea bermatuko da.
Bestalde, ekitaldiak, beste behin, PIN-UGPa denentzako gune bihurtzeko konpromisoari eutsi dio. Hori dela eta, abenduaren 13an, 14an eta 15ean, hainbat neurri ezarriko dira behar funtzional ezberdinak dituzten pertsonen parte-hartzea errazteko. Argi eta soinuen intentsitatearen egokitzapena, eta, Desgaitasunaren Akreditazio Txartela aurkeztuta, sarrera eta irteera librerako eskumuturrekoa edo sarrera prezio bereziarekin eskuratzeko aukerak eskainiko dira besteak beste.
Ordutegi orokorra 11:00etatik 20:00etara bitartekoa izango da, abenduaren 24 eta 31n, eta urtarrilaren 5ean (11:00etatik 17:00etara bitartekoa izango da), eta abenduaren 15etik 18ra bitarte izan ezik (10:00etatik 20:00etara bitartekoa izango da). Jaiegunetan (abenduaren 25ean eta urtarrilaren 1ean), PIN-UGPa itxita egongo da. Sarrera guztiak Parkearen webgunean eskura daitezke: https://pin.bilbaoexhibitioncentre.com.
Iruzkin bat utzi