Tendencias Creativas, eskulanen eta sormenaren zaleentzako topaketa nagusia, berriro itzuliko da Bilbao Exhibition Centre-era, bere 18. edizioa ospatzeko, 2026ko urtarrilaren 29tik otsailaren 1era. Lau egunetan zehar, azoka gunearen 2. pabilioia inspirazio eta ikaskuntzarako gune bihurtuko da; bertan, profesionalek, artistek, merkatariek eta adin guztietako zaleek euren diziplina gogokoenak partekatuko dituzte, zaletasun berriak ezagutuko dituzte eta, batez ere, originaltasuna eta eskuz egindakoaren balioa ospatuko dute.
Urtez urte, azoka estatuko enpresa erakusle ugari erakartzen jarraitzen du, baita nazioarteko ordezkaritza ere. Don Trapillo y Don Ovillo edo Tandy Leather bezalako enpresek jada baieztatu dute euren parte-hartzea, proposamen erakargarriekin. 2026ko ediziorako, gainera, azokak bere eskaintza zabalduko du larrua, beira, xaboiak eta zeramika lantzeko tailer berriekin, eta aurreko edizioetan bisitarien artean oso arrakastatsuak izan diren jarduerak berriro eskainiko ditu: landare dekorazioa, mixed media, scrapbooking, margoketa dekoratiboa, gozogintza, makramea, gurutze-puntua, bitxigintza, egurra, jantzigintza eta kandelak, besteak beste.
Bisitariek, gainera, erakusketa-eremuan inspiratzeko aukera izango dute, non sormen-lan anitz izango dira ikusgai.: Güeñeseko Paper Jantzien Nazioarteko Lehiaketako irabazleak, amigurumiak, gurutze-puntu modernoko diseinuak edo margoketa multidimentsionaleko koadro errealistak, beste proposamen batzuen artean.
Eskulanek publiko oso anitza erakartzen dute, eta horien artean daude, besteak beste, denbora librea baliatuz sormenaren mundua esploratu eta eskuz sortzea gustuko duten gazteak ere. Hori dela eta, Tendencias Creativas azokak artileari, erretxinarekin egindako lanari—edozein motatako apaingarriak eta osagarriak sortzeko aukera ematen duen teknika—, zeramikari eta gero eta ezagunagoa den patchwork-ari eskainitako gune bereziak ere izango ditu.
Tendencias Creativas iparraldeko eskulanen azokarik garrantzitsuena da, eta urtero-urtero, milaka jarraitzaile zain izaten dituen ekitaldia. Aurreko edizioan, 16.000 lagun baino gehiagok parte hartu zuten azokan, 500 tailer baino gehiago, 9 erakusketa eta ehunka erakustaldi zuzenean gozatzeko. Gainera, erakusketa-eremuan 100 enpresa baino gehiago bildu ziren, euren produktuak eta teknikak erakusteko.
Sarrerak, banakakoak zein taldekoak, azaroaren 12an jarriko dira salgai azokaren webgune ofizialean. 10 pertsona baino gehiagoko taldeentzat prezio berezia aplikatuko da.
Tendencias Creativas azokak honako laguntzaileak ditu: El Correo, Hotel Puerta de Bilbao eta Be Up, eta Agence Initiales eta Bilbao Exhibition Centre dira antolatzaileak.
Iruzkin bat utzi