Ikerketa eta garapen teknologikoko zentroak ENLIT 2025 Foroan parte hartuko du, Energiaren Euskal Klusterrarekin batera, Bilbao Exhibition Centren (BEC), azaroaren 18tik 20ra

Bilbo, 2025eko azaroaren 14a. ENLIT EUROPE 2025 energia-sektorerako erreferentziazko foro estrategikoa Bilbon egingo da, lehen aldiz, azaroaren 18tik 20ra, eta han izango da TECNALIA ikerketa eta garapen teknologikoko zentroa. Sare elektriko adimendunen arloan Europan egiten den azokarik garrantzitsuena da. Hori dela eta, espero da mundu osoko 15.000 bisitari eta 700 enpresa erakusketari baino gehiago biltzea Bilbao Exhibition Centren (BEC). TECNALIAk merkatuan teknologia berrien sarrera bizkortzeko eta energia-sistemaren eraldaketa digitalean laguntzeko zerbitzuetako azken berrikuntzak eramango ditu Azokara.

Energiaren Euskal Klusterraren stand berean (C70) izango da zentro teknologikoa. Zenbait arlotan dituen soluzioak erakutsiko ditu, hala nola digitalizazioan, zibersegurtasunean, energia-biltegiratzean, baliabide banatuen malgutasunean, energia-plangintzan eta instalazioen ikuskapen automatizatuan.

Gainera, smart grid edo sare elektriko adimendunetako ekipamenduen funtzionaltasuna, zibersegurtasuna eta interoperabilitatea ebaluatzeko saiakuntza-zerbitzuen plataforma integrala erakutsiko du. Plataformak beste zerbitzu hauek ere eskaintzen ditu: komunikazio-protokoloen ziurtagiriak, bateragarritasun elektromagnetikoko (EMC) saiakuntzak, metrologiako saiakuntzak (MID zuzentaraua) eta iraunkortasuneko saiakuntzak.

Erakustaldiak standean

Azokaren hiru egunetan, gainera, TECNALIAk honako gai hauei buruzko zenbait saio eta forotan hartuko du parte: zibersegurtasuna, neurtze adimenduna, malgutasun-hornitzea, plangintza energetikoaren optimizazioa eta sareen operazioetarako adimena.

Gainera, TECNALIAren standa bisitatzen duten pertsonek eta enpresek zenbait erakustalditara joateko aukera izango dute, zeinetan honako ekintza hauek egiteko aukera izango baitute:

– Datu-eredu birtualizatuak dituzten azpiestazio primarioetako ekipamenduen eta AMI sistemen (neurketa aurreratuko azpiegitura) saiakuntzetarako proba-laborategi automatizatua ikusi. Horrek bi helburu izango ditu. Batetik, ekipamenduak birtualizatzeak (datu-ereduen mailan) zer abantaila dituen erakustea; izan ere, ekipamenduen arteko komunikazio-proba berritzaileak egiteko aukera ematen du horrek, bai AMI sistemari dagokionez, bai azpiestazio elektrikoari dagokionez, eta horrek malgutasunerako neurketa berriak txertatzeko aukera dakar. Eta, bestetik, banaketa elektrikoko sarean ekipamendu ziberseguruak jartzen direla ziurtatzeko orduan automatizazioak zer abantaila dituen erakustea.

– Laborategian funtzionaltasun-, komunikazio-, interoperabilitate- eta zibersegurtasun-probak nola egiten diren ikusi, betiere prozesuetan zuzentarau eta estandarrik zorrotzenak eta segurtasun mailarik handienak betez.

Sare adimendunen zibersegurtasunaren laborategi baten funtzionamendua ikusi. Laborategi horrek kontrol-gela bati konektatutako azpiestazio baten ekipamendua erreproduzitzen du, eta ingurune seguru eta kontrolatu bat eskaintzen du benetako instalazio batean egin ezin diren zibersegurtasun probak egiteko. Halaber, ikusi nola egiten diren laborategian zibersegurtasuna ziurtatzeko probak —zuzentaraurik eta estandarrik zorrotzenak eta segurtasun-mailarik handienak betez (CRA, IEC 62443).

– Fabrikatzaileei eta operadoreei zibersegurtasunaren arloko nazioarteko erregulazioak betetzen lagunduko dieten soluzioak ezagutu, hala nola sistema txertatu ziberresilienteak diseinatzera bideratutako soluzioak, kriptografia, nortasun eta ziurtagiri digitalen kudeaketa, ahulguneen kudeaketa, arrotzen detekzioa, gertakariei emandako erantzunak, etab.

Egiaztatu zer onura dakartzan merkatuetan aktiboki parte hartzea ahalbidetuko duten tresna digitalen bidez malgutasuna aprobetxatzeak. Zehazki, FLEXYrekin interakzioan aritu ahal izango dute —tresna horrek malgutasunaren erabilera optimizatzen du—, dela prosumitzaile (ekoizlea-kontsumitzailea) indibidual moduan (izan prosumitzaile industrial handia nahiz etxeko kontsumitzaile txikia), dela komunitate energetiko mailan, dela baliabide banatu desberdin batzuk elkartzeko.

BATTWIN biki digitala ikusi. Tresna horren bidez, energia metatzeko sistemak maneiatzen eta mantentzen dira; baterien egoera estimatzen du, haien bizitza baliagarria optimizatzen du, eta energia berriztagarriak integratzen laguntzen du.

– Aztertu energia-eredu aurreratuak, adimen artifiziala eta datu georreferentziatuak integratzeak zer aukera ematen dituen deskarbonizazioaren erronkak maila ezberdinetan —eraikinen sektorean, energia-azpiegituretan, industrian eta eskualdeko testuinguruetan— analizatzeko eta haiei aurrea hartzeko, eta aztertu nola erabil ditzaketen soluzio horiek energia-enpresek, industriak eta administrazio publikoek erabaki estrategikoak hartzeko.

Dronotikan eta ikaskuntza sakoneko algoritmoetan oinarritutako ikuskapen automatizatuko teknologiak ezagutu, energia-azpiegiturak diagnostikatzeko eta mantentzeko. Teknologia horiek aukera ematen dute sarean anomaliak eta puntu beroak automatikoki detektatzeko, datuen doitasuna hobetzeko, arrisku operatiboak murrizteko eta metodo tradizionalei (helikopteroak erabiltzea, esaterako) lotutako CO₂ emisioak ezabatzeko.

I+G+Ba sare elektrikoaren etorkizunerako

TECNALIAk, halaber, honako hauek erakutsiko ditu: ekipamendu elektrikoen enpresa eta fabrikatzaileentzako I+G+Bko jarduerak eta proiektuak; sistema elektrikoen analisia, modelatzea eta simulazioa; sare elektrikoetako energiaren plangintza, eragiketa, mantentzea eta kudeaketa optimizatzeko aplikazioak; sare elektrikoetarako soluzioak eta produktu elektroniko ziberseguruak; eta banatutako baliabide energetikoak sarean integratzeko tresnak eta potentzia-bihurgailuak.

TECNALIAri buruz

TECNALIA Espainiako ikerketa aplikatuko eta garapen teknologikoko zentro handiena da, Europako erreferentzia eta Basque Research and Technology Alliance-ko kide. Enpresa eta erakundeekin elkarlanean aritzen da, lehiakortasuna eta pertsonen bizi-kalitatea hobetzeko eta hazkunde jasangarria lortzeko. Horretarako, 1.500 lagunetik gorako lantalde bat dauka, ikerketa teknologikoaren eta berrikuntzaren bidez mundu hobea eraikitzeko konpromisoa hartu duena. Horregatik, TECNALIAren ikerketak benetako eragina du gizartean, eta onurak sortzen ditu bizi-kalitatean eta aurrerabidean. Hauek ditu jarduera-eremu nagusiak: fabrikazio adimenduna, eraldaketa digitala, trantsizio energetikoa, mugikortasun jasangarria, osasuna eta elikadura, hiri-ekosistema eta ekonomia zirkularra.

European Research Survey ERSk ospeari eta posizionamenduari buruz egindako azken azterketan (2022an egina da), TECNALIA lehen postuan ageri da I+G+Ban markak duen ospeari dagokionez.