Bilbao Exhibition Centrek Tendencias Creativas azokaren edizio berri bat hartuko du bihartik aurrera, urtarrilaren 29tik, otsailaren 1era arte. Eskulanen eta sormenaren azoka handiak 2. pabiloia berriz ere topagune bihurtuko da profesionalentzat, sortzaileentzat, saltoki espezializatuentzat eta zaletuentzat. Irekiera ofiziala bihar izango da, 12:00etan, eta Amaia del Campo Barakaldoko alkateak presidituko du.

Tendencias Creativas azokaren 18. edizioak Estatuko hainbat lekutatik eta nazioarteko esparrutik etorritako 91 enpresa erakusketari bilduko ditu. Besteak beste, Don Trapillo y Don Ovillo, Dayka Trade, Tandy Leather, Centímetros o Pulgadas, Cristina Camps, Fil de Fada, Florilèges Design, Il Pantografo, Todo Punto de Cruz, UA Juguetes, Una Buena Pieza eta Velala Candle bezalako markek parte hartuko dute, sektoreko erakusleiho nagusi gisa duen papera indartuz.

Azokaren lau egunetan zehar, bisitariek beren sormen-proiektuetarako material espezializatuak ezagutu eta eskuratu ahal izango dituzte: ehunak, harilak, paperak eta egurrak, baita buztina, erretxinak, entretelak, portzelana eta bestelako produktuak ere.

Tailerrak eta erakusketak, maila eta gustu guztietarako
Tailerren programazioa Tendencias Creativasen ardatz nagusietako bat izango da beste behin ere, 430 tailer baino gehiagorekin. Horri esker, azoka ikaskuntzarako, esperimentaziorako eta sormen partekaturako gune handi bihurtuko da.

Lau egunetan zehar, bisitariek hainbat diziplinatako tailerretan parte hartu ahal izango dute, hala nola patchworka, josteko sormen-lanak, broderia, puntua, kakorratza, makramea, scrapbooking-a, artisau-enkoadraketa, lettering-a, pintura apaingarria eta objektuen pertsonalizazioa. Horrez gain, zeramikarekin eta erretxinarekin lotutako proposamenak, material garaikideekin egindako lanak, landareekin eta natura sortzailearekin lotutako jarduerak, kandela eta xaboiak egiteko tailerrak, sukaldaritza sortzailea eta gozogintza, bitxigintza eta osagarriak, bai eta haurrei zuzendutako tailerrak ere izango dira.

Jarduera guztiak ordutegi-tarte ezberdinetan banatuko dira, eta hasiberrientzat zein esperientzia handiagoa duten pertsonentzat pentsatuta egongo dira.

Tailerren eskaintzaz gain, azokak erakusketa-programa osoa izango du, handmade unibertsoko adierazpen artistiko ezberdinak gertutik ezagutzeko aukera eskainiko duena. Besteak beste, honako erakusketak nabarmentzen dira: “Patchwork Contemporáneo. Un paseo entre telas y emociones” (La Blu), “Costura Creativa. Aire. Luz. Textura” (La Ta Te Store), “Al hilo de la tradición. Quilts de patchwork” (Esther Fernández) eta “Punto de cruz moderno. Una buena pieza” (Anna Figueroa). Horiez gain, Mercedes Henryren “Pintura multidimensional en relieve. Obras maestras”, Soineko Elkarteak antolatutako Güeñesko Paper Jantzien Nazioarteko 65. Lehiaketako irabazleen erakusketa, Isa Domínguezen “LILIGURUMIS. Hilos que cobran vida – Amigurumis” eta Resincret Bizkaiaren “Creaciones artísticas y decorativas con resina” ere ikusgai egongo dira.

Bisitarien esperientzia hobetzeko helburuarekin, Tendencias Creativas 2026k atseden- eta jatetxe-gune bat izango du, bisitaldian zehar etenaldi bat egiteko aukera eskainiz. Pabiloian food truck-ak egongo dira, gustu eta behar ezberdinetara egokitutako eskaintza gastronomiko zabalarekin, egun osoan irekita. Horrez gain, BeUp-BEC kudeatutako ludoteka ere egongo da, espazio dinamiko eta sortzaile bat, non txikiek eskulanen bidez ikasi eta ondo pasatuko duten, familiek azoka modu eroso eta lasaiagoan gozatzeko aukera izan dezaten.

Tendencias Creativas Bilbao Exhibition Centrek eta Agence Initialesek antolatzen dute, eta El Correo, Puerta de Bilbao eta BeUp-BECen laguntza du.

Informazio praktikoa
Tendencias Creativasen ordutegi orokorra honakoa izango da: osteguna, ostirala eta larunbata, 10:30etik 19:30era; igandea, 10:30etik 18:00etara. Ludotekaren ordutegia honakoa izango da: ostirala, urtarrilak 30, 15:15etik 19:30era; larunbata, urtarrilak 31, 10:45etik 14:00etara eta 15:15etik 19:30era; eta igandea, otsailak 1, 10:45etik 14:00etara eta 15:15etik 18:00etara.

Sarrerak azokaren webgunean eskuratu ahal izango dira: https://tendenciascreativas.bilbaoexhibitioncentre.com/