Eguerdi honetan inauguratu da WORKinn Talent Hub, industria arloko enpleguari eskainitako gune integrala, Bilbao Exhibition Centre-n egiten dena Makina-Erremintaren Nazioarteko Bienalaren testuinguruan.

Ekitaldi inaugurala Mikel Torresek, Jaurlaritzako Bigarren Lehendakariorde eta Ekonomia, Lana eta Enpleguko sailburuak, eta Teresa Laespadak, Enplegua, Gizarte-Kohesioa eta Berdintasuna Sustatzeko Foru Diputatuak, zuzendu dute.

Mikel Torres, Jaurlaritzako Bigarren Lehendakariorde eta Ekonomia, Lana eta Enpleguko sailburuak, azpimarratu du Euskadik “bere azken historiako belaunaldi-erreleborik handienari egin behar diola aurre, 2036ra arte 625.000 enplegu-aukera baino gehiagorekin, eta horietatik %83 erretiroekin lotuta egongo direla”. Testuinguru horretan, nabarmendu du “ezin dugula talentua alferrik galdu”, eta erakundeen eta enpresen arteko lankidetza estua defendatu du, Lanbide – Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren eginkizuna indartuz aliatu estrategiko gisa, beharrak aurreikusteko, profil egokiak prestatzeko eta pertsonak benetako enplegu-aukerekin konektatzeko.

Bestalde, Laespada Diputatuak adierazi du “Bizkaiak industria-enpleguaren alde egiten jarraitu behar duela. Hemen, Bizkaiko Foru Aldunditik, begirada estrategikoa eta apustu politiko argia egiten jarraituko dugu. Industriaren beharra dugu modu erresiliente eta jasangarrian hazteko, gizarte kohesionatu bat eraikitzeko aukera emango diguna”, gaineratu du.

WORKinn industriaren arloko enpresen, erakundeen, prestakuntza-zentroen eta profesionalen arteko topagune estrategiko gisa finkatu da. Martxoaren 4tik 5era, gune nagusia Enplegu Foroa da, talentua erakartzeko beharra duten konpainien eta aukera profesional berriak aktiboki bilatzen ari diren pertsonen arteko harreman zuzena errazteko diseinatua.

Jardunaldi hauetan, hogeita hamar enpresa eta erakunde inguruk 370 lan‑aukera baino gehiago aurkeztuko dituzte, eta WORKinn-era ekarriko dituzte martxan dituzten hautaketa‑prozesuak, baita gaur egun industria‑sektorean gehien eskatzen diren profilak ere.

Enplegu Foroaz gain, WORKinn-ek beste espazio osagarri batzuk ere eskaintzen ditu aste osoan zehar. Inspire Guneak ibilbide didaktiko eta interaktiboa proposatzen du hainbat geltokiren bidez, diseinua, programazioa, manufacturing-a, muntaketa edo metrologia bezalako arloetan oinarrituta, fabrikazio aurreratuari lotutako gaitasunak eta lanbide-irteerak modu praktikoan erakutsiz.

Bestalde, Food & Art guneak dimentsio esperientzialagoa gehitzen dio programari, eskaintza gastronomikoa artearen eta industriaren arteko loturak aztertzeko ekimen batekin uztartuz.

BIEMH azokaren baitan ospatzeak —34 herrialdetako 1.503 erakusketari biltzen dituen ekitaldia— WORKinn-en gaitasuna indartzen du pertsonen eta enpresen arteko konexioak sortzeko, sektorearen erronka nagusietako bati erantzunez: talentuaren erakartzea eta garapena.

WORKinn Talent Hub for BIEMH honako erakundeen laguntza du: Bizkaiko Foru Aldundiko Enplegu, Gizarte Kohesioa eta Berdintasuna sustatzeko Saila, DEMA, Lanbide eta Eusko Jaurlaritzako Ekonomia, Lan eta Enplegu Saila, eta AFM Cluster for Advanced Manufacturing eta Bilbao Exhibition Centre erakundeek antolatzen dute.