Jasangarritasunaren aldeko konpromisoa eta apustua mantentzen jarraitzen du Bilbao Exhibition Centrek. Hori dela eta, BEC espazioan eta bezeroekin antolatutako ekitaldietan jasangarritasuna kudeatzea da helburuetako bat. Energiaren erabilerari dagokionez, esparruak dagoeneko badu eguzki-energia fotovoltaikoaren parke bat, EAEko garrantzitsuenetakoa; aurten handitu egingo dute eguzki-plaken instalazioa, egungo 100 kilovatioko potentzia handitu eta % 10-12 arteko autohornikuntzara iritsi ahal izateko. BECeko jasangarritasun-batzordea sail hauetako kideez osatuta dago: Giza Baliabideak eta Finantzak; Komunikazioa; Konbentzioak eta Ekitaldiak; Elikadura, Aisialdia eta Beste sektore batzuk; Teknikoa; eta Industria, Energia eta IKTak.

Gainera, aldaketa klimatikoari aurre egiteko, UFI-Erakusketa Industrien Nazioarteko Elkarteak babestutako Net Zero Carbon Events egitasmora batu da BECeko talde arduraduna, beste 150 erakunderekin batera. Erakusketa-industrian orain arte garatutako elkarlan zabalena eta inklusiboena izango da eta, gainera, sektorea aldaketarako inpaktu positiboen iturri gisa ikusteko balioko du.

Bestetik, gizarte arloari dagokionez, lan arloan emakumearen aurrerapena modu bateratuan sustatzeko elkarlanerako akordio bat lortu dute BECek eta Bilboko PWNk (emakumearen garapen profesionalerako elkartea). BECek dituen 71 langileetatik erdiak baino gehiago dira emakumeak. Hala, emakumeen eskubideak eta lidergo-postuetan duten ikusgarritasuna sustatzeko helburuz PWNk antolatutako hainbat jardueratan parte hartuko du BECek. Horien artean, Mentoring programa eta “Gizonak ere ontzikide” proiektua nabarmendu behar dira.