Bizkaia Arenak 2026ko lehen seihilekoa parte-hartzearen datu bikainekin eta askotariko programazioarekin amaitu du, eta zuzeneko musikarako eta formatu handiko ikuskizunetarako Espainiako erreferentziazko guneetako bat bihurtu da. Guztira, 183.250 lagunek gozatu dute urteko lehen hilabete hauetan aretoan egin diren ekitaldiez. Datu horrek agerian uzten ditu barrutian egindako jardueraren intentsitatea eta aniztasuna, eta adin eta interes desberdinetako publikoarekin konektatzeko duen gaitasuna.
Dinamismo hori urtearen hasiera-hasieratik islatu da, jarduera-bolumen handiari eta bertan egindako proposamenen aniztasunari esker. Maiatza izan da seihilekoko hilabeterik aktiboenetako bat, astean ia bi ekitaldiko batezbestekoarekin. Bizkaia Arenako agertokitik era askotako artistak igaro dira, besteak beste Amaia, Fito & Fitipaldis, Megadeth edo Beéle. Horrek agerian uzten ditu programazioaren moldakortasuna, eta popa, rocka, soinu alternatiboagoak eta nazioarteko zuzeneko handiak uztartzeko duen gaitasuna.
Jarduera handi horren baitan, seihilekoko une aipagarrienetako batzuk publikoarekin lotura emozional berezia duten artista eta taldeen itzulerak izan dira.
La Oreja de Van Gogh taldeak Bizkaia Arena aukeratu zuen bira berriari hasiera emateko. Publikoarekin berriz elkartzea eta hainbat belaunaldiren musika-memoriaren parte den talde horrek pizten duen maitasuna izan dira bira horren ezaugarri nagusiak. Maiatzaren 9ko lehen kontzertuaren ondoren, taldeak maiatzaren 16an ere jo zuen barrutian, eta denboraldiko hitzordurik esperoenetako bat izan zen.
Beste itzulera handietako bat El Último de la Filarena izan da. Taldeak maiatzaren 30ean eta ekainaren 5ean jo zuen Bizkaia Arenan. Espainiako musika-talde enblematikoenetako bat agertokietarako itzuli izanak belaunaldi desberdinetako publikoaren topagune bihurtu zituen bi hitzorduak, eta bertaratutakoek klasiko bihurtutako abestiak berriro elkarrekin kantatzeko aukera izan zuten.
Lehen hilabete hauetako balantzeak agerian uzten du Bizkaia Arenaren moldakortasuna. Estatu mailako bira handiak, nazioarteko hitzorduak, jaialdiak, umore-ikuskizunak eta muturreko kirol-ekitaldiak espazio berean elkartu dira, pabiloiak formatu askotara egokitzeko eta oso profil desberdinetako publikoak erakartzeko duen gaitasuna indartuz.
Bigarren seihilekoa: izen handi gehiago, sarrera guztiak agortuta daudela dioten kartelak eta iragartzear dauden hitzordu berriak
Aniztasuna eta publikoaren erantzun bikaina ezaugarri izan dituen lehen seihilekoaren ondoren, Bizkaia Arenak helburu handiak izango dituen urteko bigarren zatiari ekingo dio.
Aitanak irailaren 18an eta 19an joko du (bi kontzertu horietarako sarrerak berehala agortu ziren). Urrian, berriz, Dani Martín izango da protagonista, hilaren 2an eta 3an; eta Melendik hilaren 17an eta 18an eskainiko ditu emanaldiak.
Hilabete berean itzuliko da Ura Bere Bidean ere. Urriaren 22an, 23an eta 24an, Bizkaia Arena berriz ere euskarazko musikaren, kultura-ondarearen eta belaunaldi desberdinetako artisten topagune bihurtuko da. Ekitaldi hori Bizkaia Arenaren ibilbidearen parte da jada, eta BECen programazioan euskal kulturarekin lotura estua duen proposamenetako bat da.
Azaroan, Bizkaia Arenarentzat hitzordu bereziki esanguratsu bat iritsiko da: Bryan Adams artista kanadarraren itzulera. Azaroaren 13an joko du, Roll With The Punches 2026 nazioarteko biraren barruan. Bryan Adamsen eta Bizkaia Arenaren arteko harremana 2005ean hasi zen, artistak berak inauguratu baitzuen aretoa. Ordutik, Bryan Adams beste hiru aldiz itzuli da Bizkaia Arenara, pabiloiarekin eta Bizkaiko publikoarekin denboran zehar iraun duen lotura sendoa indartuz.
Hitzordu horiei gehituko zaizkie Remember Paradiseren 9. urteurrena, azaroaren 14an; Blackworks, azaroaren 28an; La Oreja de Van Gogh taldearen beste kontzertu bat, abenduaren 5ean; eta UN1TED, abenduaren 19an. Urteari amaiera Carolina Durante taldeak emango dio, abenduaren 26an Bizkaia Arenan eskainiko duen kontzertuarekin.
Programazioak 2027ko hasierarako hainbat emanaldi ere baieztatu ditu dagoeneko. Urtea Pantxoa eta Peioren agurrarekin hasiko da; bikoteak 40 urtetik gorako ibilbideari amaiera emango dio urtarrilaren 9an eta 10ean eskainiko dituzten “Azken Dantza” kontzertuekin.Egun gutxi batzuk geroago, urtarrilaren 16an, Rodrigo Cuevasek “La Belleza” bere proposamen eszeniko berria aurkeztuko du Bizkaia Arenan. Urtarrileko egitaraua hilaren 23an osatuko da, SuperEnduro Munduko Txapelketaren itzulerarekin, urteko kirol-hitzordu handienetako bat.
Horrez gain, Bizkaia Arenak oraindik iragartzeke dituen hitzordu berriak aurkez tuko ditu irailean, eta horiek guztiek urteko programazio sendoa osatuko dute.
Egutegi honekin, Bizkaia Arenak jarduera handiko urtea osatuko du. Horiek guztiek agerian uzten dute barrutia une ezin hobean dagoela eta urteko bigarren zatia lehenengoa bezain sendoa izango dela iragartzen dute.
Hurrengo ekitaldietarako sarrerak Bizkaia Arenaren webgune ofizialean daude eskuragarri www.bizkaiaarena.com.
Iruzkin bat utzi