Egurtek azokaren hamaikagarren edizioa gaur inauguratu da Bilbao Exhibition Centren, Luxua pabiloian egindako ekitaldian. Ekitaldiaren buru Amaia Barredo izan da, Eusko Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantzako sailburua. Inaugurazio-ekitaldian parte hartu dute, halaber, José María González-Pintok, Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo Ofizialeko dekanoak; Shaila Olmosek, Baskegurreko presidenteak, eta Xabier Basañezek, BECeko zuzendari nagusiak. Inaugurazio-ekitaldiaren ondoren, agintariek erakusketa-eremua bisitatu dute, eta bertan parte hartzen duten hainbat enpresaren standak ikusi dituzte.

Gaurko eta biharko jardunaldietan, Egurtekek ezagutza, berrikuntza eta lankidetzarako aukerak uztartuko dituen programa eskainiko du, egurrezko arkitekturaren eta eraikuntzaren inguruan. Ardatz nagusietako bat Kongresua izango da. Bertan, nazioko eta nazioarteko erreferente nabarmenek beren esperientziak eta proiektuak partekatuko dituzte. Haien hitzaldiei esker, konponbide berriak ezagutzeko eta egurrak egungo eraikuntzan eskaintzen dituen aukerak aztertzeko aukera izango da.

Kongresuaz gain, Baskegurrek —Euskadiko Egurraren Elkarteak— antolatutako Jardunaldi Teknikoek sektorearen erronka nagusietako batzuk landuko dituzte, hala nola ondarearen birgaitzea, bizigarritasuna, industrializazioa eta suteekiko segurtasuna. Horretarako, esperientzia eta benetako kasuak hartuko dituzte abiapuntu. Programa osatzeko, GO CONÍFERAS+ eta THRIVE Europako proiektuak aurkeztuko dira, eta THRIVEri eta ORCELANi buruzko tailer parte-hartzaileak egingo dira. ORCELAN isolamendu-soluzio bat da, INGUMA Europako proiektuaren esparruan garatutakoa.

Bestalde, Erakusketa Eremuan nazioko eta nazioarteko 80 enpresa inguruk hartuko dute parte, eta beren azken berrikuntzak, produktuak eta teknologiak aurkeztuko dituzte. Erakutsitako soluzioen artean, egurraren industriarako makineria eta teknologiak, eraikuntza-materialak eta -sistemak, isolamendu-soluzioak, estaldurak eta egurra tratatzeko eta babesteko produktuak aurkitu ahal izango dira, besteak beste.

Egurtek Sarien VIII. edizioa

Lehen jardunaldia VIII. Egurtek Sarien banaketarekin amaituko da. Sari horien bidez, arkitektura-kalitateagatik, berrikuntzagatik, eta arkitekturan, diseinuan eta eraikuntzan egurraren aplikazio berriak garatzen laguntzeagatik nabarmentzen diren proiektuak aitortzen dira. Hautatutako lanek material horren erabileren aniztasuna eta egungo arkitekturan eta eraikuntzan gero eta protagonismo handiagoa duela erakusten dute.

Sariak hiru kategoria nagusitan banatzen dira:  Eraikuntza, Barne-diseinua eta Produktu-diseinua. Horiez gain, hiru sari berezi ere ematen dira. Bertako Egurra – Basque Quality sariak Euskal Autonomia Erkidegoko egurraren erabilera aitortzen du; Bois/Egurra/Madera (BEM) sariak Akitania Berria-Euskadi-Nafarroa Euroeskualdean ekimen publikoak sustatutako proiektuak nabarmentzen ditu; eta Hedapena sariak egurraren erabilera ezagutarazten eta sustatzen laguntzen duten komunikazio-lanak aitortzen ditu.

Egurtek Bilbao Exhibition Centrek antolatzen du, eta Eusko Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Sailaren babesa du erakunde-bazkide gisa. Sektoreko bazkideak, berriz, honako hauek dira: Baskegur – Euskadiko Egurraren Elkartea, Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo Ofiziala, Bilboko Ingeniaritza Eskola/Euskal Herriko Unibertsitatea, Infoedita eta Tecnalia.