200.000 pertsonak baino gehiagok balioak ikasi dituzte Umeen Gabonetako Parkearen beste edizio arrakastatsu batean

Umeen Gabonetako Parkeak arrakasta handia izan du aurten. Urtarrilaren 5ean itxi zituen ateak, eta gizartean funtsezkoak diren sei balio babestu eta gaztetxoenen artean bultzatu nahi izan ditu: Elkartasuna, Berdintasuna, Jasangarritasuna, Zibergizabidea, Bizimodu Osasuntsua eta Familia. Horrela, balio horietako bakoitza BECeko 3. eta 5. pabiloietako txoko guztietara zabaldu da, eta halaxe bizi izan dute aurten abenduaren 19tik urtarrilaren 5era bitartean UGPra etorri diren 218.826 pertsonek.

Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Ekonomia sailburu Pedro Azpiazuk inauguratu du UGP. Bigarren urtez jarraian, Gabonetako Lasterketa ere izan da, eta jende askok hartu du parte; hain zuzen ere, 250 pertsonak jantzi dute dortsala, ez bakarrik haurrek (kategoria guztietan), baizik eta baita gurasoek ere, UGPren esparruan seme-alabekin kirola egiteko. BECek eta Bizkaiko Atletismo Federazioak antolatutako Gabonetako Lasterketaz gain, aurten Miniatletismoko II. Txapelketa ere antolatu da. Kirola beti dago Gabonetako parke honetan, eta kirol-proba ugari antolatzen dituzte federazioek: saskibaloia, mahai-tenisa, eskubaloia eta beisbola.

Horretaz gain, aurreko urteetan bezala, babesleen guneetara milaka haur hurbildu dira. Aurten ere, Bizkaiko Foru Aldundiaren izotz-pistak eta EEEren eta CTBren kart elektrikoen zirkuituak izan dute arrakasta handiena. Foru Aldundiko suhiltzaileek txundituta utzi dituzte txikiak, beren erakustaldiekin, eta Interbiak-ek Olentzeroren irudi-lehiaketa bat antolatu du; oso irudi desberdinak izan dira, baina guztiak oso artistikoak. Zinema euskaraz ere izan da aurtengo edizioaren beste apustuetako bat. Horretaz gain, hauetaz ere gozatu ahal izan dute txikienek: Portu Agintaritzaren eta BBKren ihes-gelak, Kontzertu Ekonomikoari buruzko Eusko Jaurlaritzaren jokoa, DEIAren bubble balls izenekoak, Radio Nervión-en karaokea eta EiTBren photocall-a, besteak beste. Emakundek ere pertsona anitz erakarri ditu gabon hauetan Umeen Gabonetako Parkean izan duen berdintasunaren aldeko autobusera. Berton, “Berdintasunerako Gunea” osatzen duten erakunde eta ordezkariek egindako ekintzak azaldu dira.

5. pabiloiko hogeita hamar bat barrakek milaka haur bizkaitarrei gozarazi diete, baina baita inguruko beste lurraldeetatik etorritakoei ere. Izan ere, UGPra etorritako 218.826 pertsonetatik gehienak Bizkaikoak dira, baina badira Gipuzkoakoak, Arabakoak, Nafarroakoak, Burgosekoak eta Kantabriakoak ere, besteak beste.

Gurasoen Gaua ere indartuz doa Umeen Gabonetako Parkearen egitarauan. Horrela, abenduaren 29an, helduek ere gozatu zuten UGPren eskaintzaz, beren seme-alabek bezalaxe. Helduentzako barraketan ibili ahal izan ziren, eta barrutiko tabernetako janaria eta edaria dastatu, gaueko girora moldatu baitzuten eskaintza. Bitartean, musika entzun ahal izan zen, zuzenean.

Azkenik, balioen aurtengo UGPn, ekimen solidarioak ezin ziren falta; adibidez, Gurutze Gorriarekin eta Cáritas Bizkaiarekin batera jostailuak biltzeko egin ohi den kanpaina. Opariz bete da BECeko atarian jarritako Gabonetako zuhaitzaren behealdea. Horri esker, Olentzero eta Errege Magoak etxe gehiagotara iritsi dira, eta haur askok Gabon zoriontsuagoak izan dituzte.

|2019-01-08T12:46:49+02:00January 8th, 2019|Albistea @eu|0 Iruzkin

Utziguzu iruzkin bat