31BIEMH: 4.0 Industriaren lehen mailako erakusleihoa

23 herrialdetako punta-puntako enpresek dagoeneko baieztatu dute BIEMH-Makina-Erremintaren Nazioarteko Biurtekoan parte hartuko dutela. Hala, azoka egiteko hiru hilabete baino gutxiago falta diren honetan, eskuragarri dagoen azaleraren % 95 kontratatuta dago jada. 900 enpresa erakusketari baino gehiago erregistratu dira, eta nabarmentzekoa da parte-hartzaileen % 46 atzerriko herrialdeetatik etorriko direla, hala nola Alemaniatik, Austriatik, Belgikatik, Txinatik, Danimarkatik, Frantziatik, Indiatik, Italiatik, Herbehereetatik, Portugaldik, Suitzatik, Taiwandik eta Turkiatik.

Sektoreen arabera, honela banatuko da eskaintza: osagaiak eta osagarriak (% 28), harroketako makineria (% 22), tresnak (% 15), deformazioko makineria (% 14), metrologia eta CAD-CAM (% 10), eta automatizazioa eta robotika (% 9), nagusiki. Orain arte, zerrendak 2.200 makina, produktu eta zerbitzutik gora jasotzen ditu. Hortaz, Bilbao Exhibition Centreko pabiloiak abangoardiako erakusleiho bihurtuko dira, soluzio teknologiko aurreratuenekin.

Datuen arabera, aurtengo aurreikuspenak onak dira, eta industriak indartu egingo du ekonomiarako duen funtsezko protagonismoa. Ekainaren 13tik 17ra itzuliko da BIEMH, eta lehen mailako topaketa estrategikoa izango da industria arloa dinamizatzeko, are gehiago, egungo testuinguruaren konplexutasunaren aurrean. B2B tresna izango da harreman komertzial zuzenerako, negozio-aukera ugarirekin.

 

Erosleen nazioarteko kanpaina

Une honetan 30 herrialdetan baino gehiagotan ari gara erosleen kanpaina garatzen. Horien artean, hauek lehenesten ditugu: Alemania, Txina, AEB, Frantzia, India, Italia, Mexiko, Portugal, Erresuma Batua eta Turkia. Halaber, begirada gertuago ekarrita, Espainian enpresen industria-kontzentrazio handiena duten eremuetan ere ekintza bereziak egiten ari gara.

Hosted Buyers´ Programme programaren bidez erosle handiak erakartzea da BIEMH azokaren bisitarien kanpainaren elementu nagusietako bat. Egitarau bateratu honek erakusketarien euren eskaerak ere jasotzen ditu. Hori funtsezkoa da interes goreneko profil estrategikoak BECera erakartzeko. Horiek, azokara bidaiatu aurretik itxi ditzakete negozio-bilerak enpresa parte-hartzaileekin.

Aldi berean, bisitarien sustapen-kanpaina orokorra 100 herrialdetan baino gehiagotan ari gara garatzen, eta sektore erabiltzaile nagusietako profesionalei zuzenduta dago: automobilgintza, aeronautika, energia, gas&oil, trengintza, ontzigintza, eraikuntza metalikoa, kapital-ondasunak, burdingintza eta balbulak, beste batzuen artean.

 

BeDIGITAL, Addit3D eta beste ekitaldi batzuek osatuko dute eskaintza

BIEMH azokaren egun berberetan egingo dituzte BeDIGITAL eta Addit3D. 4.0 industrian zeharreko ibilbidea osatuko dute bi horiek, industriaren eraldaketa digitalerako prestatzeko teknologien azken proposamenekin eta fabrikazio aditiboa egiten duten enpresen eskaintza oso zabalarekin.

Fabrikazio aurreratuaren erronka handiei helduko diete bi ekitaldiek, lehiakortasun industriala hobetzeko. BeDIGITALen laugarren edizioaren topaketa-eskema oso dinamikoa izango da. Batetik, erakusketa eremua eta Start Up Village izango ditu, eta, bestetik, Innovation Workshops eta Digital Talks. Horietan, digitalizazio aurreratuaren azken berritasunak aztertuko dituzte asteazkenean, ekainaren 15ean. Bestetik, Addit3D-Fabrikazio Aditiboari eta 3Dri buruzko Nazioarteko Azokak antzeko formatua izango du seigarren edizioan. Hitzaldi-programa bat izango du, Additive Talks, ostegunean, ekainaren 16an. Gainera, BIEMH azokaren testuinguruan, IMIC-Industrial Maintenance Innovation Conference kongresua egingo dute ekainaren 13an (astelehena; egun osoan) eta 14an (asteartea; goizez). Eta WORKinn ere egingo dute, Industria Enpleguaren Foroa.

-ek idatzirik|2022-03-29T17:05:00+02:0029 de martxoa de 2022|0 Iruzkin

Iruzkin bat utzi

Go to Top