8.713 pertsona etorri dira BEC-en egindako Caravaning azokara, karabanan bidaiatzearen espirituari eutsiz

Karabanen sektorearentzat inflexio-puntua izan da pandemia, eta gero eta pertsona gehiagok nahi dituzte opor seguruak, aire librean. Karabanan bidaiatzearen kulturak baldintza horiek guztiak betetzen ditu, eta asteburu honetan agerian geratu da eskariaren hazkundea, Bilbao Exhibition Centreko 3. pabilioian. Guztira 8.713 pertsona etorri dira Caravaning azokara, hiru egunetan zehar. Gainera, 1.248 pertsona 510 ibilgailutan etorri dira (karabana, atoian eramaten den denda, autokarabana edo camper furgoneta), eta 3. eta 1. pabilioien artean prestatutako aparkalekuan utzi dute ibilgailua. Ekitaldia antolatu duen lantaldearen eta parte hartu duten enpresen iritziz, emaitzak “oso positiboak” izan dira.

Momentu egokian egin da Caravaning azoka. Izan ere, Espainiako kanpinetako erreserbek % 982 egin dute gora. Gero eta pertsona gehiagok egiten dute bizitzeko eta oporrak pasatzeko estilo horren alde: segurua, goxoa eta familia girokoa. Hori dela eta, oporrak modu horretan pasatzen hasteko abiapuntua izan da Caravaning. Izan ere, erakusketan zehar ezaugarri horietako ibilgailuak in situ alokatzeko eta erosteko aukera izan da. Hain zuzen ere, karabanen mundua (maitaleak, zaleak, dendak eta bizi-estilo honekin hasi nahi duten pertsonak) BECen bildu da azken hiru egun hauetan.

Gainera, opor seguruak eta naturarekin kontaktua izateko eskariak gora egin duela baieztatu ahal izan dute erakusketariek azoka esparruan. Mikel Caravaning enpresako arduradunek honako hauek nabarmendu dituzte: “jendearen etorrera” eta “horrelako opor batzuk inoiz probatu ez dituzten bikote eta familiek informazioa eta aurrekontua eskatu izana”. Bestetik, Autocaravanas Norte eta LB Caravaning enpresek gustura amaitu dute Caravaning azoka, egindako eragiketa kopurua dela eta: “Ziur asko, aste honetan zehar, BECen hasitako beste eragiketaren bat ere amaituko dugu”.

Ia 100 ibilgailuk parte hartu dute azokan, hala nola enpresa hauetakoak: Mikel Caravaning, PlanetaCamper, LB Karabaning, Decathlon, Roadsurfer, Custom Camper, Autocaravanas Norte, Campertek edo Nerevan. Horiek, marka hauekin lan egiten dute, beste batzuen artean: Benimar, Challenger, Mclouis, Custom Camper, Vega Performance, Dometic, Giottline, Ilusion, Across, Bambina, Fendt, Pilote, Randger, Rimor, Sterckeman, Knaus, Weinsberg, Bram Tecnologies, Clever Vans, Possl, Reimo, Webasto, Quechua edo Volkswagen. Gainera, sektore ugari egon dira ordezkatuta: autokarabanen alokairua; osagarriak eta altzariak; autokarabanak; aitzinamenduak; atoian eramaten diren dendak; karabanak; camperrak eta camperrak prestatzen dituztenak; eta ibilgailuak eraldatzen dituztenak.

-ek idatzirik|2022-02-22T11:18:32+01:0022 de otsaila de 2022|0 Iruzkin

Iruzkin bat utzi

Go to Top