Egurtek Zurezko Arkitektura eta Eraikuntzaren Nazioarteko Foroaren hamaikagarren edizioak ateak itxi ditu Bilbao Exhibition Centren. Guztira, 1.759 bisitari bildu dira foroan, autonomia-erkidego guztietatik eta nazioartetik iritsitakoak (atzerritik etorritakoen artean, Europako herrialde hauetakoak nabarmendu behar dira: Austria, Belgika, Italia, Frantzia eta Portugal).
Erakusketa Eremuan estatuko eta beste herrialde batzuetako (Alemania, Australia, Estatu Batuak, Frantzia, Italia, Errumania eta Herbehereak, besteak beste) 78 enpresa erakusketari bildu dira. Bi egunetan, parte hartu duten enpresek zurezko eraikuntzarako punta-puntako produktu, teknologia eta soluzioak aurkeztu dituzte. Gune horri esker, industriaren berrikuntza sektoreko profesionalengana hurbildu ahal izan da.
Kongresuak interes handia piztu du beste behin, eta jende ugari bertaratu da bi egunetan. Europatik Asia eta Amerikaraino, ospe handiko hizlariek egurra ulertzeko eta lantzeko hainbat modu eraman dituzte Egurtekera, era askotako testuinguruetan garatutako proiektuak, soluzioak eta esperientziak partekatuz. Ibilbide horri esker, sektoreko beste erreferente batzuek zurezko arkitekturaren eta eraikuntzaren erronkei nola aurre egiten dieten ezagutzeko aukera izan da. Hain zuzen ere, ezagutza-truke hori funtsezko tresna da sektorearen garapenean aurrera egiten jarraitzeko.
Baskegur Euskadiko Egurraren Elkarteak antolatutako lau jardunaldi teknikoetan zurezko eraikuntzaren alderdi espezializatuenak landu dira, besteak beste, ondarearen birgaitzea, bizigarritasuna, aurreindustrializazioa eta suteen aurkako segurtasuna. Programa osatzeko, GO CONÍFERAS+ eta THRIVE Europako proiektuak aurkeztu dira, eta hainbat tailer parte-hartzaile egin dira; horien artean, INGUMA Europako proiektuaren esparruan garatutako ORCELAN isolamendu-soluzioari buruzkoa.
Gainera, WORKinn for Egurtek ekimenaren lehen edizioan hainbat enpresak hartu dute parte, eta lan-eskaintzak eta prestakuntza-aukerak aurkeztu dituzte. Ekimenak basogintzarekin eta zuraren sektorearekin lotura duten hainbat prestakuntza-zentrotako gazteak erakarri ditu.
Egurtek sarien zortzigarren edizioa
Egurtek sari-banaketa izan da ekitaldiko beste une nabarmenetako bat. Zortzigarren edizio honetan ia 90 proposamen jaso dira, eta horietatik 20 izan dira finalistak.
Eraikuntza kategorian, VAUMM Arquitectura y Urbanismo SLP enpresak garatutako Zarautz Jauregiaren birgaitzea proiektuak (kultur ekipamendu berri gisa) jaso du saria, eta Infinito Delicias eraikinak eta Oceanika Coliving proiektuak aipamen bereziak jaso dituzte. Barne-diseinuaren kategorian, Magén Arquitectosen Zaragozako Unibertsitateko Filosofia eta Letren Fakultatearen birgaitze-lanetako barrualdeek jaso dute saria, eta DBH Hankaz Gora! proiektuak aipamen berezia irabazi du. Produktu Diseinua kategorian, Antonio Jesús de los Aires Solísek garatutako Egurra egurrarekin lotzeko sistema berriek jaso dute saria.
Kategoria berezietan, Bertako Egurra-Basque Quality saria MUGARA Arkitekturaren Lamixeneko Nekazaritza Biltegiak jaso du; Bois/Egurra/Madera (BEM) saria, berriz, VAILLO + IRIGARAYren Bilboko Euskal Museoaren birgaitze integrala egiteko proiektuak; Hedapenaren kategorian, Guillermo Pozo Arribas eta Justo Diaz Diegoren Wooden Life. Madera Técnica en Vivienda Colectiva lanak.
Egurtek Amaia Barredo Eusko Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuak inauguratu zuen, eta ekitaldian parte hartu zuten, halaber, José María González-Pinto Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo Ofizialeko dekanoak, Shaila Olmos Baskegurreko presidenteak eta Xabier Basañez BECeko zuzendari nagusiak.
Egurtek Bilbao Exhibition Centrek antolatzen du, eta Eusko Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Sailaren babesa du, partner instituzional gisa, baita Baskegur-Euskadiko Zuraren Elkartearen, Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo Ofizialaren, Bilboko Ingeniaritza Eskola/Euskal Herriko Unibertsitatearen, Infoeditaren eta Tecnaliaren laguntza ere sektoreko partner gisa.
Iruzkin bat utzi