Ideia berriek, aurrerapen teknikoek, eraikuntzako proiektuek eta lankidetzarako aukerek beren lekua izango dute Egurteken urriaren 28an eta 29an. Zurezko Arkitektura eta Eraikuntzaren Nazioarteko Foroak bere hamaikagarren edizioa egingo du Bilbao Exhibition Centren, ezagutza, esperientziak eta soluzioak partekatuko dituzten nazioarteko profesional, enpresa eta erreferenteak bilduz, sektorearen bilakaera bultzatzen jarraitzeko.
Bi egunetan zehar, Nazioarteko Kongresua ospe handiko adituekin, jardunaldi tekniko espezializatuekin eta sektoreko enpresek beren azken soluzioak eta berrikuntzak aurkeztuko dituzten Erakusketa Eremuarekin uztartuko dituen programa eskainiko du foroak. Bestalde, networkingeko jarduerek eta Egurtek Sarien VIII. edizioko sari-banaketak osatuko dute foroaren egitaraua.
Egurteken inaugurazio ofiziala urriaren 28an, asteazkenean, egingo da, 13:15etik aurrera, Bilbao Exhibition Centreko Luxua pabiloian. Ekitaldia Amaia Barredok, Eusko Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza sailburuak, zuzenduko du.
Estatuko eta nazioarteko erreferenteak bilduko dituen Kongresua
Egurtekeko Kongresuak estatuko eta nazioarteko erreferenteak bilduko ditu, zurak birgaitze-lanetan, etxegintzan, ingeniaritzan eta eraikuntza-sistema berritzaileetan dituen aukerak erakusteko. Lehenengo jardunaldian, honako hauek parte hartuko dute: Arrokabe Arquitectos (Santiago de Compostela) enpresako Óscar eta Iván Andrés Quintela, zuraren egitura-, eraikuntza- eta adierazpen-balioan oinarritzen diren lanen egilea; OHLAB Arquitectura (Mallorca) enpresako Jaime Oliver, Terreno Barrio Hotel eta eraikuntza-doitasunaren, sentsibilitate materialaren eta sistema arinen konbinazioa aurkeztuko dituena; Rüdiger Lainer + Partner Architekten ZT GmbH (Austria) enpresako Oliver Sterl, etxebizitzaren arloan Vienan aplikatzen dituzten sistema malguak azalduko dituena; eta KOZ / Aagroup Paris (Frantzia) enpresako Christophe Ouhayoun, eskala ezberdinen araberako itzulgarritasun arkitektonikoa landuko duena.
Matteo Scagnolek, Italiako MoDusArchitects estudiokoak, ere parte hartuko du, tradizioa, berrikuntza eta paisaia uztartzen dituen Alpeetako arkitekturari buruz hitz egiteko. Bestalde, Andrea Garcíak, BABEL Estudiokoak (Bilbo), testuinguruari, pertsonei, argiari eta xehetasunei arreta berezia eskaintzen dien lana aurkeztuko du. Horrez gain, Cecilia L. Muiñosek eta Juanjo Oterok, MOLArquitectura estudiokoek (Ourense), lehenengo egunari amaiera emango diote “El bosque animado: madera que hospeda, protege y produce” hitzaldiarekin. Artisautzari, eraikuntza-eraginkortasunari eta baliabideen erabilera arduratsuari buruzko ikuspegia eskainiko dute.
Urriaren 29an, berriz, honako hizlari hauek hartuko dute parte: Borja Gómez, IDOM enpresakoa (Madril), San Carlos de Apoquindo estadioa berrikuntza teknikoaren, industrializazioaren eta funtzionaltasunaren adibide gisa aurkeztuko duena; Johannes Rebhahn, WIEHAG enpresakoa (Austria), egur trinkozko nazioarteko proiektu handien ibilbidea azalduko duena; Martín Hurtado, Martín Hurtado Arquitectos enpresaren (Txile) sortzailea, zura, paisaia eta bizigarritasuna uztartzen dituen lanaren egilea; eta Song Yehao, SUP Atelier estudioaren (Txina) sortzailea. Azken horrek emango dio amaiera Kongresuari, sistema arin, aurrez fabrikatutakoen eta jasangarrien bidez banbuarekin eta zurarekin egiten duen esperimentazioa azalduta.
Erakusketa eremua
Beste behin, Erakusketa Eremua izango da Egurtek foroko espazio protagonistetako bat. Estatutik eta Alemania, Australia, Estatu Batuak, Frantzia, Italia, Errumania eta Herbehereetatik (besteak beste) etorritako 80 enpresa erakusketari inguruk hartuko dute parte bertan. Enpresek produktu-, teknologia- eta soluzio-aukera zabala aurkeztuko dute egur-arkitekturarako eta -eraikuntzarako. Horien artean, honako hauek izango dira: zuraren industriarako makineria eta teknologiak, eraikuntza-materialak eta -sistemak, isolamendu-soluzioak, zura tratatzeko eta babesteko estaldurak eta produktuak, besteak beste.
Jardunaldi teknikoak eta beste jarduera batzuk
Ondarea birgaitzea, bizigarritasuna, industrializazioa eta suaren aurkako segurtasuna izango dira Egurteken Jardunaldi Teknikoen lau ardatz nagusiak. Baskegur-Euskadiko Zuraren Elkarteak antolatuta, saio horiek aukera emango dute zurezko eraikuntzaren hainbat erronka nola landu diren ezagutzeko, kasu errealetan oinarrituta esperientziak, irtenbideak eta ikaskuntzak partekatuz.
Urriaren 28an, Zumaiako Karmeldar Oinutsen San Jose Komentu zaharra kultur etxe bihurtzeko egindako birgaitze-lana izango dute hizpide. Gipuzkoako Foru Aldundiko Ainara Irozek eta Josu Marotok, ZETABI Arkitektura Bulegoko Aitor Zubiak eta Uzuri Larrañagak eta TECNALIAko Josu Benitok beren esperientziaren berri emango dute, ondare-kontserbazioa, segurtasuna, energia-eraginkortasuna, jasangarritasuna eta irisgarritasuna bateratuko dituen aurkezpenean. Egun horretan bertan, HABITA+eko Matxalen Acasuso Atutxak eta FÜNDCko Paz Martín Rodríguezek zurak bizigarritasunean eta barne-espazioen erosotasunean duen zeregina aztertuko dute, baita eraikitze-prozesuaren industrializazioan duen ekarpena ere.
Urriaren 29an, Narcís Poza Belmontek, Félix Flüshöhek eta Aurelio Gamiz Urrutiak zurezko fatxadetako industrializazioa eta inguratzaile bereziak aztertuko dituzte, bi proiektu abiapuntutzat hartuta: Bodegas Faustino upategiak eta KNEM eraikina. DAMA Engineering Consultantseko Cristian Malukek egur trinkozko eraikinetako suteen ingeniaritzari buruz hitz egingo du, analisi- eta diseinu-metodoetatik hasi eta arriskuak arintzeko estrategietaraino. Horrez gain, araudiarekin eta ikerkuntzarekin lotutako aurrerapenak ere landuko ditu.
Programan, gainera, Europako bi proiektu aurkeztuko dira: GO CONÍFERAS+, mendiaren eta industriaren arteko balio-katea sendotzera bideratua, basoen kudeaketa jasangarriaren eta koniferoen zura eraldatzeko industria lehiakorragoaren bidez, eta THRIVE, basoen kudeaketa aktiboaren eta lurralde-kohesioaren bidez espezie hostozabalen balorizazioa bultzatzera zuzendutakoa. THRIVE eta ORCELANi, Europako INGUMA proiektuaren esparruan garatutako isolamendu biooinarrituko soluzioari, buruzko tailer parte-hartzaileak ere egingo dira.
Egurtek Sarien VIII. edizioa
Zurezko arkitekturaren eta eraikuntzaren arloko proiektu onenak aitortzeko sari-banaketak leku nabarmena izango du Egurteken, lehenengo jardunaldiaren amaieran egingo den gala berezian.
Aurtengo edizioan, hainbat herrialdetatik etorritako 87 hautagaitza jaso dira sarietarako, eta horien artean Eraikuntza, Interiorismoa eta Produktuaren diseinua kategorietako proiektu finalistak aukeratu dira. Horiei, gainera, beste sari berezi hauek gehitu behar zaizkie: Bois/Egurra/Madera (BEM), Bertako Egurra (Basque Quality) eta Hedapena.
Honako hauek dira proposamen finalistak:
- Eraikuntza: Centro Social Muimenta, Haus Anton II, Zarautz Jauregiaren birgaitzea kultur ekipamendu berri gisa, Infinito Deliciasentzako eraikina eta Oceanika.
- Interiorismoa: Zaragozako Filosofia eta Letren Fakultateko Birgaitze laneko barrualdea, DBH Hankaz gora! eta Oslo Cowork.
- Produktuaren diseinua: Nuevos Sistemas de Unión Patentados Madera-Madera, Losa industrializada híbrida de hormigón y vigas laminadas de madera para espacios de grandes luces eta Serie pr (silla&taburete).
- Sari berezia – BOIS/EGURRA/MADERA (BEM): Centro Social Tiki-Toki gizarte-egoitza, Bilbao Bizkaia Museoa eta MUGAKHABIT[atu]Z.
- Sari berezia – BERTAKO EGURRA (Basque Quality): Casa en Serra D’Ordal, Laminexeko Nekazaritza Biltegia eta The Woods. Aberanga Txikia baserriaren eraldaketa.
- Sari berezia – HEDAPENA: Guía de ecoalojamientos en Madera, Nuevas narrativas para la construcción en madera: Las Guías Cambium y Wooden Life. Madera técnica en vivienda colectiva en España.
WORKinn for Egurtek: talentuaren eta enpleguaren aldeko apustua
Egurteken parte hartzen duten enpresa batzuek, Lanbiderekin batera, eskatzen dituzten profil profesionalak, lan- eta prestakuntza-eskaintzak eta talentuari eta belaunaldi-erreleboari lotutako ekimenak ezagutaraziko dituzte WORKinnen bidez. Zerbitzu honen bidez, Egurtekek basogintzaren eta zuraren sektoreetako eta eraikuntzako lan-aukerak hurbildu nahi dizkie arlo horietan lan egin nahi duten profesionalei eta pertsonei.
Egurtek, gainera, Baskegur-Euskadiko Egurraren Elkarteak urriaren 26tik azaroaren 1era antolatzen duen Egurraren Astearekin batera ospatuko da. Ekimenak basogintza-egurraren sektoreko profesionalak biltzen ditu, eta Euskadirentzat duen garrantzia nabarmendu nahi du, bai garapen ekonomikoari egiten dion ekarpenagatik, bai ingurumen-jasangarritasunarekin lotuta betetzen duen zereginagatik.
Egurtek Bilbao Exhibition Centrek antolatzen du, eta Eusko Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Sailaren babesa du, partner instituzional gisa, baita Baskegur-Euskadiko Zuraren Elkartearen, Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo Ofizialaren, Bilboko Ingeniaritza Eskola/Euskal Herriko Unibertsitatearen, Infoeditaren eta Tecnaliaren laguntza ere sektoreko partner gisa.
Iruzkin bat utzi