AFE-APCEk elkarrekin egindako II. Batzarra uztailaren 3tik 6ra bitarte egin dute Bilbao Exhibition Centreko instalazioetan. BECekin elkarlanean antolatu dute Espainiako Azoken Elkarteak (AFE) eta Espainiako Batzar Jauregien Elkarteak (APCE) eta 240 partaide inguru bildu ditu.
AFE-APCEren II. Batzarraren leloa “eraldaketa sortzen duten legatuak; batzar eta azokak: ekitaldiaz harago doan inpaktua” izan da eta batez ere Estatuko batzar-jauregietako eta azoken sektoreko ordezkariak bildu ditu. Horren helburua izan da sinergiak sortzea, sektorea indartzen laguntzea eta inpaktu ekonomiko handiagoa lortzeko estrategiak garatzea. Edukien programak funtsezko gaiak jorratu ditu: MICE sektorearen efektu ekonomikoa eta soziala, batzar-jauregi edo -barruti bat aukeratzean bezeroek baloratzen dutena, adimen artifiziala, marketinaren kudeaketa integrala, talentuaren kudeaketa eta atxikipena, lidergoa, jasangarritasuna edo erosketak eta kontratazioak faktore estrategiko gisa.
Ekitaldi horretan, gainera, tokia izan zuten networkingak, lankidetzak eta negozio-sorkuntzak. Gainera, jardunaldietako bakoitzean programa sozial aipagarria antolatu zuten eta bertaratutakoek horren inguruko oso balorazio ona egin zuten: San Mames estadiora bisita gidatua eta ongietorriko koktela, bisita gidatua eta kongresuaren afari ofiziala Guggenheim museoan, itsasontzian egindako txangoa Bilboko erdigunean (udaletxeko zubitik Zorrotzaurreko erriberaraino), eta afaria Café Iruñan. Amaitzeko, batzarraren ondorengo jarduera gisa, bisita gidatua egin zuten Bizkaia Zubira, herri-kirolen erakustaldia Algortako (Getxo) Andra Mari pilotalekuan, eta bazkaria Ereagako (Getxo) hondartzako La Ola jatetxean.
Batzarraren afari ofizialaren baitan, APCEren eta AFEren sariak banatu zituzten Guggenheim museoan. APCErena AECOCri (Kodetze Komertzialaren Espainiako Elkartea) eman zioten eta Garapeneko zuzendariak, Jordi Cuatrecasasek, jaso zuen. AFErena Marva Taldeari eman zioten. Hain zuzen ere, enpresa horrek aurten 70. urteurrena bete du eta saria kontseilari delegatuek, Ignacio eta Joaquín Cabralek, jaso zuten. Bestalde, bi elkarteek plaka bat eman zioten Xabier Basañezi, BECeko zuzendari nagusiari, batzarra arrakastatsua izan zedin talde osoak egindako lana aitortzeko eta azoka esparruak 20. urteurrena betetzen duelako aurten.
Bestalde, batzarraren claimarekin (Eraldaketa sortzen duten legatuak) lotuta, APCEk eta AFEk eta batzarkideek beren borondatez 2.000 euroko dohaintza egin zuten La Cuadri del Hospi elkartearentzat. Dohaintza hori Gurutzeta-Barakaldoko Unibertsitate Ospitaleko Haur Onkologiako Unitatean prozesu onkologikoren bat jasan duten haurren gurasoei bideratu zieten.
Batzarraren eduki formalaren laburpen eta balantze gisa, honako hau adierazi behar da:
- Ekitaldiei dagokionez, Oliver Wykes-ek, WindEuroperen COOk, industria eolikoak sektore jasangarri gisa duen garrantzia eta etorkizun berdeagoa lortzeko eraketan eta berrikuntzan duen ikuspegia izan zituen ardatz.
- MICEren eragin ekonomiko eta sozialari dagokionez, ekitaldietan zehar eragin zuzena, zeharkakoa eta induzitua izateaz gain, epe luzera begirako etorkizuna ere eraldatzen du.
- “Kongresu edo batzarren antolatzaile batek zer baloratzen du batzar-jauregi bat aukeratzeko garaian?” eta “azoken antolatzaile bat vs azoken barrutia” gaiak jorratu zituzten mahai-inguruei dagokienez, esan behar da honako hauek baloratu zituztela bereziki: malgutasuna, komunikazio ona eta bertaratuaren esperientzia eraldatzeko duten gaitasuna, baita azpiegiturak edo kostuak ere. Baina, gainera, pixkanaka beste faktore batzuk sartzen ari dira, hala nola jasangarritasuna.
- Sektorerako aldaketa disruptiboa eta aukera ekarriko dituen faktore gisa AA aztertuta, agerian geratu zen adimen artifizialak sektorerako aukera disruptiboak ekarri dituela. Izan ere, datuen kudeaketa hobetu eta ekitaldiak antolatzeko prozesuak optimizatzen ditu.
- Hain zuzen ere, batzarrean, azoka eta kongresuetan AAren erabilerarekin lotutako hainbat adibide azaldu zituzten. AA bi kasuetan erabil liteke produktibitatea hobetzeko, edukierak kudeatzeko, laguntzaile birtualak eskaintzeko eta antolaketa eta segurtasuna optimizatzeko.
- “Kirol-erakunde baten marketin integralaren kudeaketa” izenburupean, Valentzia CFko marketineko zuzendari eta zuzendari komertzialak, Jorge Garciak, pertsonalizaziorako datuen kudeaketak duen garrantzia nabarmendu zuen, eta kirol-klubaren estrategia hiru zutabetan oinarritzen zela adierazi zuen: Mediterraneoko bizimodua, akademia erreferente gisa eta entretenimendua. Babesletzak ondo kudeatzeko gakoak ere eskaini zituen.
- Amparo Garcíak, Zeuseko CEOak, talentua erakartzearen, kudeatzearen eta atxikitzearen garrantziaz hitz egin zuen, eta haien enpresarekin lotutako adibideak eman zituen honako hauei buruz: lan-baldintza bereziak eta giza baliabideen harremana eta inplikazioa.
- “Zer egiten ari gara jasangarritasunaren arloan?” mahai-inguruari esker ikusi ahal izan genuen sektore kontzientziatua garela, ekintza ugari bideratzen ari garela, baina oraindik egin beharreko lan handia dugula aurrean. Bai APCEk, bai AFEk lan-batzordeak sortu dituzte, eta aurrera egiten ari dira jasangarritasunaren eta autoebaluazioaren arloko prestakuntzan, besteak beste. Horri esker, helburu lorgarri eta zehatz batzuetara bideratu ahal izango gara.
- “Erosketak eta kontratazioak faktore estrategiko gisa” izeneko mahaiari dagokionez, agerian geratu zen azokekin lotutako erakundeentzat eta batzar-jauregientzat funtsezko garrantzia dutela lehiakortasunari dagokionez, bai eta barruko eta kanpoko bezeroei zerbitzu onak eskaintzeko ere. Hala, hainbat alderdi aztertu ziren ikuspegi juridikotik, erakundearen profilaren arabera.
- Pedro Pablo Ramosek, pertsonen, taldeen eta erakundeen garapenean aditua den prestatzaileak, enpresek funtzionamendu egokia izan dezaten lidergoak bete beharreko gakoak zehaztu zituen, funtsezko 7tan oinarrituta.
- Azkenik, Maitena Salinasek, batzarraren aurkezleak, Sylvia Andrés APCEko presidentearekin eta Xabier Basañez AFEko presidentearekin batera, labur-labur azaldu zituen ekitaldiaren ondorio garrantzitsuena eta, horrekin, hitzaldi eta mahai-inguruen egitaraua itxitzat eman.
Babesletzak eta erakundeen babesa
Ekitaldia hainbat enpresa eta erakundek babestu zuten. Platinozko kategorian: ASCÉNDER, BOSCH, FLUGE Audiovisuales, Grupo MARVA, Montoro OR, Ondoan, On Site SL eta Panasonic Connect. Urrezko kategorian: AURMAN, BIDICO, Extreme Networks, IberStand, Grupo Iruña, Master Silla, Premium eta Telesonic. Laguntzaileen kategorian: CONTRASTE, Grupo Alse, Grupo Intermedio, IDOM, ISS, Kaiku Café Latte eta Xeria. Ekitaldiaren media partner babesleak Punto MICE Taldea eta Eventoplus izan ziren. Batzarrak hainbat babesle instituzional ere izan zituen: Eusko Jaurlaritza, Bizkaiko Foru Aldundia, Bilboko Udala, Barakaldoko Udala eta Bilboko Merkataritza Ganbera.
Batzarrari buruzko informazioa www.congresoafeapce.comwebgunean dago eskuragarri. Bertan, besteak beste, edukien programa, aldi berean egindako jarduerak, parte hartzeko moduak, babesletzak eta informazio praktikoa daude ikusgai.
Espainiako Batzar Jauregien Elkartea (APCE) 1995ean sortu zen, batzar-jauregiak espazio fisiko eta antolaketa-egitura gisa balioa ematera bideratutako ekintza komunak abian jartzeko. Hain zuzen ere, elkarteak Espainiako batzar eta bileren turismoa egituratzen du. Era berean, esperientzien eta ideien trukea ahalbidetzea bilatzen du, baita administrazioekin proposamenak eta akordioak egitea ere. Gaur egun, elkartean 33 batzar-jauregi daude.
Espainiako Azoken Elkartea (AFE) irabazi-asmorik gabeko erakundea da; 1964an eratu zen, gaur egun 39 kide ditu eta azoken sektorea ordezkatzen du Espainian eta nazioartean. Azoka-jarduerari dagokionez, Espainia Europako herrialde nagusien artean dago, Alemania, Frantzia, Italia eta Erresuma Batuarekin batera.
Iruzkin bat utzi