BEC, egun, Bizkaiaren irudia atzerrian zabaltzeko 10 enpresa onenetakoa

% 97,3ko nabarmentasun-indizearekin, eta beharrezko azpiegitura eta aktibo gisa finkatuta “ekonomiaren garapenari laguntzen diolako”

Bilbao Exhibition Centre, egun, Bizkaiaren irudia atzerrian zabaltzeko 10 enpresa onenetako bat da, % 97,3ko nabarmentasun-indizearekin, eta lurraldeko biztanleen % 92,2rentzat beharrezko azpiegitura eta aktibo gisa finkatuta dago, “ekonomiaren garapenari laguntzen diolako”. Horixe diote joan den azaroan Bizkaiko 1.200 bizilaguni egindako inkestetako datuek; halaber, BECen ezaugarrien eta eraginaren, bisitarien eta haien asebetetzearen, eta haren erantzukizunaren zein hainbat alderdiren aitorpenaren gaineko azterketa xehatua ere badakarte.

BECen posizionamenduari dagokionez, BEC erreferente nagusia da Euskadin ekitaldiak egiteko, erantzunen % 39,9ren arabera, eta 20 puntu gehiago jaso ditu hurrengo lehiakideak baino; gainera, oso urrun dago EAEko beste ekipamendu batzuetatik, zeinak elkarrizketetan bat-batean aipatu ziren. Parametro horien osagarri, azpiegiturari esleituriko garrantzi-indizeak daude: landa-laneko parte-hartzaileen % 95ek diote “oso edo nahiko garrantzitsua” dela BECen moduko eremu bat izatea azokak, kongresuak eta kontzertuak egiteko.

Elkarrizketatuek gehien balioetsiriko ezaugarrien artean, hauek daude: BECen edukiera bisitari-kopuru handia hartzeko (% 19,3), eskaintzen dituen askotariko ekitaldiak (% 16,1), erdigunean kokatuta egotea (% 11,1), esparruaren beraren egitura (% 10,6) eta bertarako sarbideak (% 8,3), besteak beste. Ikuskizun-gune gisa, elkarrizketatuek nabarmendu dute BECen eskaintza edo ekipamendua askotarikoa eta kalitatezkoa dela (% 84,4).  Adibide bat jartzearren, % 52,8ren ustez BEC esparrurik onena da goi-mailako kontzertuak egiteko, Rolling Stones taldearena edo Lady Gaga abeslariarena, kasurako.

Bisiten azterketari dagokionez, elkarrizketatuen % 88,6k diote noizbait edo hainbat aldiz izan direla BECen. Gehienek azokekin lotzen dute (% 64,8), gero kontzertuekin (% 5,5) eta ondoren kongresuekin (% 8,8). Erregistraturiko bisita gehienak kontzertuak ikusteko izan ziren (% 20,5), edo ekitaldi zehatzetarako: UGP (% 18,3), Expovacaciones (% 11,2), Makina Erremintaren Nazioarteko Biurtekoa (% 10,9) edo BECeko ekitaldi-egitarau zabalaren barruan garatzen diren beste jarduera batzuetarako.

Bestetik, elkarrizketatuek diote BEC ezagutzen dutela bertan egin izan direlako Munduko Saskibaloi Txapelketa, Bertsolari Txapelketa, Munduko SuperEnduro Txapelketako Euskadiko Sari Handia edo Skoda Kontzesionarioen Mundu Mailako Biltzarra, besteak beste. Hala, nabarmengarria da BECen kontzertuak eta aisialdiarekin loturiko ikuskizunak eskatzen direla gehien, egitura azokak eta kongresuak egiteko bereziki prestatuta dagoela uste bada ere.

BECeko ekitaldien erabiltzaileen batez besteko asebetetze-maila 7,94koa da, 10 puntutik; hala, oso iritzi ona dute pertsona-kopuru handia hartzeko edukierari, jarduera-mota oro antolatzeko malgutasunari, komunikabide eta sarbideei, eta

eskaintzen dituen zerbitzuen kalitateari buruz. Alderantziz, ilarak, jendetza eta ekitaldi baten bateko soinu edo haren antolaketa eskasa dira okerren baloraturiko alderdiak, eta hobetu beharrekoen artean, berriz, jarduera gehiago erakartzea, aparkalekua eskaintzea, garraiobide publiko gehiago jartzea edo kanpoaldeko estetika daude. Nabarmendu beharra dago elkarrizketatuen % 73,8k ez dakiela ekitaldi batzuk ez dituela BECek antolatzen; hortaz, uste dute erantzukizuna ─onerako zein txarrerako─ erakundearen beraren zuzendaritzarena dela.

Azkenik, BECeko zerbitzu edo eremu batzuk oraindik ez dira oso ezagunak biztanleen artean, besteak beste: CUBEC! ─formatu txikiagoko kontzertuetarako esparrua─, Biltzar Gunea, bisita gidatuak, metroz ez etortzeko aparkalekua edo eguzki-instalazioa. Bilbao Exhibition Centreri buruzko informazioa eskuratzen da BECen webgunearen beraren bidez (% 69,8), Sare Sozialetan (% 13,3) edo prentsan (% 12,1) .

Gizaker enpresak 2017ko azaroaren 22tik 28ra egin zuen “BECi buruzko azterketa”, Bizkaiko 1.200 bizilagun ─udalerri, sexu eta adinaren arabera multzokatuta─ telefonoz elkarrizketatuz.

-ek idatzirik|2018-03-23T13:35:29+01:0023 de martxoa de 2018|0 Iruzkin

Iruzkin bat utzi

Go to Top