Bilbao Exhibition Centrek 2025a jasangarritasuneko bere estrategian mugarri esanguratsu batekin hasi du: ingurumeneko, gizarteko eta ekonomiako jardunbide jasangarriekiko bere konpromisoa islatzen duen nazioarteko aitortza, Biosphere, jaso du. Hala, BEC ziurtagiri hori eskuratu duen Bizkaiko hirugarren egoitza bihurtu da, Bilbao Convention Bureau eta Iberdrola Dorrearen ondoren.

Lorpena Bilbao Convention Bureauren estrategiari lotuta dago; izan ere, iaztik, Biosphere ziurtagiria sustatzen du kideen artean jasangarriagoa den Bilbo-Bizkaia sendotu ahal izateko. Testuinguru horretan, Bilbao Arima Berdea proiektuaren baitan elkarrekin egindako lanari esker, 2024an, hiria GDSren (Global Destination Sustainability) sailkapenean 14. posturaino igo da eta jasangarritasun arloan Estatuko lehen toki bihurtu da.

Biosphere zigilua eskuratu izana 2024an zehar egindako dokumentazioko eta bilketako lan handiaren emaitza izan da. Horrek agerian utzi du barrutiak jasangarritasun arloan aurrera egiteko egindako ahalegina. Biosphere ziurtagiria Turismo Arduratsuaren Institutuak (ITR) bideratu du eta UNESCOk eta Turismoaren Mundu Erakundeak (TME) babesten dute, eta etengabeko hobekuntza arloko estandar zorrotzak betetzen dituzten erakundeei ematen zaie. 80 herrialde ingurutan dago eta urtero berritu beharra dago. Horrek guztiak epe luzera begirako jasangarritasun-plana sendotzen du.

Aitortza horrez gain, bere ekitaldietan, BECek jasangarritasunaren aldeko apustua egin du Erronka Garbia zigiluaren bidez. Zigilua Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Jarduketarako Sozietate Publikoak-Ihobek ematen du. Zigilu horrek ziurtatzen du esparruan antolatutako azoka eta kongresuek ingurumen-neurriak dituztela txertatuta diseinuan eta gauzatzean, ingurumen-inpaktua murrizteko eta sentsibilizatzeko eta jardunbide arduratsuak sustatzeko ekintzak egiteko. Hala, barrutian antolatutako ekitaldi batzuek (BIEMH, Expovacaciones, Egurtek, Steel Tech eta Gustoko) dagoeneko eskuratuta dute ziurtagiria, eta helburua funtsezko beste topaketa batzuetara (AdditƐD eta BeDIGITAL, esate baterako) hedatzea da.