DS INDUSTRYk lehen edizioa egingo du azaroan, eta +INDUSTRY otsailean itzuliko da industria arloko balio-kate osoa ordezkatzen duten 7 azokarekin.
Bilbao Exhibition Centrek deskarbonizazio industrialarekin eta fabrikazio aurreratuarekin lotutako sektore eta herrialde askotako enpresak, adituak eta bisitariak jasoko ditu hurrengo hilabeteetan bi ekitaldi nagusiren inguruan: DS Industry 2026, azaroan, eta +INDUSTRY 2027, otsailean. Bi hitzorduei esker, BEC industriaren etorkizuna zehaztuko duten joerak eta soluzio aurreratuak erakusteko gune bihurtuko da, negozioaren, ezagutzaren eta nazioarteko proiekzioaren erreferentziazko topagune gisa duen zeregina indartuz.
2026ko azaroaren 3tik 5era bitartean egingo den DS Industry 2026 azokak industria jasangarriago eta deskarbonizatuagorako trantsizioa izango du ardatz. Horretarako, zuzeneko harremana sustatuko du, energiaren, automobilgintzaren, siderurgiaren edo elikaduraren sektoreak barne hartzen dituzten hogei industria-sektore baino gehiagotako profesional bisitariak bilduko dituen gunean. Izaera dinamiko eta parte-hartzailea izango duen topaketa hori hiru zutabetan oinarrituko da: Knowledge, Networking eta Innovation (ezagutza, sareko lana eta berrikuntza). Industria-sektorearen eraldaketa bizkortzera eta garapenerako une erabakigarrian lehiakortasuna indartzera bideratutako eduki espezializatuak, bilera profesionalak eta erakustaldi teknologikoak uztartuko ditu egitasmoak.
Bestalde, +INDUSTRY azokak fabrikazio aurreratuaren nazioarteko azoken egutegia irekiko du 2027ko otsailaren 23tik 25era. Espezializazioa, kalitatea eta profesionalen arteko lotura izango dira topaketaren ezaugarri nagusiak. Horren bidez, aliantza berriak sortzea eta aukera berrietara sarbidea izatea sustatuko da, nazioarteko proiekzio handiko ingurunean. +INDUSTRYk balio-kate osoa ordezkatzen duten industria arloko zazpi azoka osagarri biltzen dituen eredu paregabea eskainiko du: AdditꜪD, BeDIGITAL, Maintenance, Pumps & Valves, Subcontratación, weAR eta WORKinn Talent Hub enplegu-foroa.
DS Industry eta +INDUSTRY azokek indartu egiten dute Bilbao Exhibition Centrek industriaren topagune nagusi gisa duen posizionamendua. Izan ere, data berean, negozioa, berrikuntza, ezagutza eta nazioarteko proiekzioa bateratzeko duen gaitasuna erakutsiko ditu. Bi hitzordu horien bidez, BECek joerak aurreikusteko, enpresen eta profesionalen arteko lankidetza sustatzeko eta industria-sareari eraldaketa eta lehiakortasunaren arloko erronka nagusiei aurre egiten laguntzeko plataforma gisa betetzen duen rola sendotu du.
Iruzkin bat utzi