BECek eta Quirónsaludek lankidetza-hitzarmena sinatu dute

Bilbao Exhibition Centrek eta Quirónsalud ospitale-taldeak lankidetza-hitzarmen bat lortu dute, BECeko bezeroei laguntza mediko telematikoa eta/edo etxekoa emateko. Osasun-erakundeko ordezkari gisa, Joseba Vidorreta Gómezek eta Manuel Díaz de Corcuera Ruiz de Oñak, eta Bilbao Exhibition Centreko zuzendari nagusi Xabier Basañezek sinatutako akordio honek berretsi egiten du BECek bezeroen arretarekin eta zaintzarekin duen inplikazioa.

Hala, Bilbao Exhibition Centrek konpromisoa hartzen du Quirónsaludek eskaintzen dituen zerbitzu medikoei buruzko informazioa bezeroen eskura jartzeko. Horien artean dago etxez etxeko edo telematikoki emandako asistentzia medikoa, hala behar denean; urteko egun guztietan egunean hogeita lau ordutan eskuragarri izatea, eta gaztelaniaz eta ingelesez, bi hizkuntzatan, artatuak izateko aukera. Gainera, hurrengo BIEMH-Makina-Erremintaren Nazioarteko Biurtekorako eta modu paraleloan egingo diren beste azoketarako indarrean egongo den lankidetzak zehazten duenez, erantzuteko denbora, oro har, ez da ordubetetik gorakoa izango.

Quirónsalud erakundearen helburua da kalitate-estandar altuenak dituen osasun-laguntza ematea nazioko eta nazioarteko bidaiariei. Akordioaren indarraldia urtebetekoa da, eta luzatu egin daiteke. Bilbao Exhibition Centrerentzat, beraz, lankidetza funtsezkoa izango da bezeroen ongizatearekin eta segurtasunarekin duen konpromisoa hobetzeko.

-ek idatzirik|2022-06-02T11:51:32+02:002 de ekaina de 2022|0 Iruzkin

Iruzkin bat utzi

Go to Top