Bidaiekin eta esperientziekin lotutako berritasun guztiak 2024ko Expovacacionesen

Maiatzaren 10etik 12ra bitartean, Bilbao Exhibition Centre bidaiatzea maite dutenentzat erdigune bihurtuko da beste behin Expovacacionesi esker. Ekimenak turismoguneetako uneotako eskaintza onenak aurkeztuko ditu. Hitzordu honek sektoreko berritasun guztiak, azken proposamenak eta aisialdirako eta denbora librerako aukera berritzaileenak jasoko ditu, gustu eta profil guztiak kontuan hartuta.

Hala, beste urte batez, bisitariek haien ihesaldietarako nahi duten guztia in situ kontratatzeko, aukeratzeko eta inspirazio-iturri gisa erabiltzeko eta bisitatuko dituzten tokietako txokoetara gerturatzeko aukera izango dute. Dagoeneko 2024ko Expovacaciones azokan parte hartuko dutela baieztatu dute toki hauek: Galizia, Kantabria, Aragoi, Murtzia, Gaztela-Mantxa, Errioxa, Ibiza, Menorca, Formentera, Bartzelona, Costa Brava, Huelva, Costa del Sol, Valentzia, Gaztela eta Leon, Kanaria Handiko uharteak edo La Palma. Gainera, Eusko Jaurlaritza eta Bizkaiko Foru Aldundia ere bertan izango dira lurraldeko altxorrak erakusteko prest (beste hainbat erakunderekin batera).

Azokaren eduki guztia bi kontzeptu hauen inguruan egituratuta dago: Experimenta & Saborea (esperimentatu eta dastatu). Experimentari esker, bertaratzen direnek zuzenean hainbat sentsazio bizitzeko aukera izango dute: tirolinan salto egitean sentitzen dena, arkitekturako maisulan bat edo ilunabar bat ikusten dugunean sentitzen dena, bisitatutako tokiko dantza bat ikasten dugunean sentitzen dena edo bertako kulturarekin liluratuta geratzen garenean sentitzen duguna, adibidez. Bestalde, ikusmena, dastamena eta usaimena izango dira Saborearen programa zaporetsuan jasotako jarduera ugarietan erabiliko ditugun zentzumenak. Izan ere, gastronomia da bidaiariak herrialde, hiri edo ibilbide berriak ezagutzera bultzatzen dituen pizgarrietako bat. Horregatik, hainbat turismogunetako (Kuba edo Mexiko, esate baterako) aurkezpenez eta esperientzia gastronomikoez gozatzeko aukera izateaz gain, bisitariek komunitate bakoitzeko produktuak dastatzeko eta erosteko aukera ere izango dute.

Expovacaciones, gainera, FVO-Bigarren Eskuko Ibilgailuen Azokarekin eta Caravaning Euskadirekin batera egingo da. Hitzordua maiatzaren 10etik 12ra bitarte egingo da eta autokarabanak, camper-ak eta karabanak alokatzen eta saltzen dituzten enpresek, bungalowen eta mobile home-n fabrikatzaileek eta banatzaileek, eta osagarrien enpresek hartuko dute parte.

Ekitaldi jasangarria

Aurten ere, Erronka Garbia ziurtagiria jasoko du hitzordu turistiko honek; hau da, ekitaldi jasangarria izango da, ingurumenarekiko konpromisoa duena. Horretarako, antolakuntzak hondakinak kontatu eta murrizteko eta gaikako-bilketa sustatzeko plana aplikatuko du; modu eraginkorragoan argiztatu eta klimatizatzeko, argiaren intentsitatea eta pabilioiaren tenperatura ordu-fase desberdinetara egokitzeko; standetako energia-kontsumoa murrizteko; eta gai horien inguruko eta ingurunean eragina duten beste gai batzuen inguruko sentsibilizazio-mezuak aktibatzeko, besteak beste, bisitariek garraio publikoa erabil dezaten sustatzeko.

-ek idatzirik|2024-04-15T13:27:43+02:0015 de apirila de 2024|0 Iruzkin

Iruzkin bat utzi

Go to Top