BIEMH 2026 – Makina Erremintaren Nazioarteko Biurtekoak inauguratuko du fabrikazio aurreratuaren nazioarteko azoken egutegia martxoaren 2tik 6ra bitarte Bilbao Exhibition Centren. Hitzorduak 34 herrialdetatik iritsitako 1.503 enpresa erakusketari bildu eta 3.335 produktu berritzaile baino gehiago aurkeztuko ditu. 33 edizio egin dira orain arte, eta sei hamarkada baino gehiagoko ibilbidea du. Mundu mailan, sektoreko eragile garrantzitsuenen erreferentziazko topagunea izaten jarraitzen du topaketak, eta abangoardiako teknologiaren, soluzio osoen eta lankidetza- eta negozio-aukera berrien bila joango dira.
BIEMH 2026k Bilbao Exhibition Centreko sei pabiloiak hartuko ditu, eta industria arloko esparru nagusien ordezkaritza sektorizatu osoa eskainiko du: harroketako makineria, erremintak eta osagarriak, soldadura, metrologia, osagaiak, deformazio-makineria, xafla- eta hodi-mozketa, eta gainazalen tratamendurako soluzioak. Dinamismoa izango da espazio horren ezaugarri nagusia, martxan dagoen teknologiarekin, eta industria ekintza bete-betean ikusteko aukera emango du. Automatizazioak, robotikak eta digitalizazioak, gainera, toki adierazgarria izango dute, produkzio-eredu eraginkorrago, malguago eta interkonektatuagoetara egindako bilakaeraren isla.
Erakusketa komertzialaz gain, BIEMH 2026k joerak aztertzera, ezagutza partekatzera eta goi mailako networkinga bultzatzera zuzendutako edukien agenda zabala eskainiko du, egungo erronkei aurre egiteko plataforma estrategiko gisa duen zeregina indartuz.
“CARPE BIEMH” lelopean, hitzorduaren 33. edizioak enpresa erakusketariak, bisitariak eta erakundeak gonbidatzen ditu unea aprobetxatzera. Beste behin, edizioz edizio bertaratzen direnak harrituta utziko dituen zuzeneko ikuskizun industrial eta teknologikoa eskaintzeko duen gaitasuna agerian geratuko da.
BIEMHen inaugurazio ofiziala martxoaren 2an, astelehenean, izango da, eguerdiko 12:00etan, eta Imano Pradales lehendakariak zuzenduko du.
MAKINA HANDIAK FUNTZIONAMENDUAN ETA NAZIOARTEKOTZEA
Produktua izango da ekitaldiaren ardatz nagusietako bat, martxan dauden makinen erakusketa ikusgarriari esker. Horien artean, bereziki nabarmendu beharrekoak dira standetan bertan martxan egongo diren formatu handiko soluzioak. Hain zuzen ere, horixe bera da BIEMHen DNAren parte den eta industriarentzako parekorik ez duen erakusleiho bihurtzen duen elementu bereizgarria. Balio bereizgarri hori are gehiago indartzeko asmoz, antolakuntzak berariazko laguntza-programa bultzatu du, enpresa erakusketariek ekipo mota horiekin parte hartze hartzea errazteko.
Nazioarteko dimentsioa indartuko da edizio honetan, 70 herrialde ingurutatik iritsitako enpresa erakusketarien, elkarteen eta bisitari profesionalen parte-hartzeari esker. Nazioartekotze maila handi hori funtsezko merkatuetan egiten den kanpo-sustapeneko lan handiarekin lotuta dago, eta balio handiko eskaintza teknologikoa erakartzera eta erabakitzeko eta inbertitzeko benetako gaitasuna duten bisitari kualifikatuak jasotzera bideratuta dago.
Erakusketa eremuan izango diren herrialdeetako batzuk dira hauek: Alemania, Austria, Txina, Frantzia, Italia, Herbehereak, Polonia, Portugal, Taiwan, Turkia, Suitza, Japon, AEB eta Ego Korea, besteak beste. Enpresek industriaren erronkei erantzuteko punta-puntako soluzioak, ekipoak eta zerbitzuak aurkeztuko dituzte. Gainera, BIEMH 2026k International Associations’ Area gunea ere izango du. Makina-erremintaren arloko erakundeentzako gune berri honetan nazioarteko 11 elkartek hartuko dute parte, eta beren herrialdeetako proiektuak aurkeztuko dituzte.
Eskaintza-eskaria ardatzaren beste aldean, bisitariak erakartzeko nazioarteko kanpaina sektore eta merkatu berrietara zabaldu da. India da herrialde aipagarri horietako bat, eta horien artean daude honako hauek ere: AEB, Kanada, Mexiko, Brasil, Alemania, Italia, Portugal, Frantzia, Turkia, Maroko eta Herbehereak, besteak beste. Profesional horietako askok Hosted Buyers’ Programme ekimenean hartuko dute parte. Ekimen garrantzitsu horrek bilerak erraztuko ditu enpresa erakusketarien eta erosle handien artean.
Nazio mailan, enpresa erosleen presentziak ere garrantzi handia izango du. Atal honi dagokionez, azokak 73 elkarteren laguntza izango du. Elkarte horiek nazio mailako erakunde nagusietakoak dira, eta makineria eta teknologia aurreratua erabiltzen duten enpresak eta industria-sektore estrategikoak biltzen dituzte.
Gerenteak, jabekideak, zuzendariak eta sailetako arduradunak helburu zehatzekin joango dira: soluzio zehatzak identifikatzea, azken garapen teknologikoak ezagutzea eta hainbat sektoretan industriaren etorkizuna zehaztuko duten joerak aurreratzea: aeronautika, aeroespaziala, automobilgintza, ekipamendu-ondasunak, defentsa, elektronika eta elektrizitatea, energia, trengintza, ontzigintza, oil&gas, siderurgia eta azpikontratazio industriala. BIEMHek kualifikazio handiko parte-hartzea eta erabakitzeko gaitasun handikoa izango dela aurrez ikusi du.
JARDUERAK ETA NETWORKINGA
BIEMH esperientzia osatzeko, networkingeko jardueren programa antolatu da, profesionalen arteko topaketa errazteko, harremanak sendotzeko eta ideiak trukatzeko eta negozio-aukera berriak sortzeko ingurune egokia prestatzeko.
Ekimen aipagarrienen artean daude Innovation Workshop delakoak. Hitzaldi horietan, robotikaren, automatizazioaren eta digitalizazioaren arloetako enpresa erakusketarien arduradunek standetan ikusgai dauden garapen teknologikoak aurkeztuko dituzte. Saio horiei esker, bisitariek berrikuntza bakoitzaren funtzionaltasunetan, aplikazioetan eta abantailetan sakondu ahal izango dute, ezagutza teknikoa ingurune industrialetan duen aplikazio errealarekin konektatuz.
Programaren barruan, AFMk eta BECek antolatutako Innovation Awards by BIEMH sariak banatuko dituzte. Sariek industria-berrikuntzaren arloko proposamenik nabarmenenak aitortuko dituzte. Sari horiek sei kategoriatan banatzen dira: makina-erreminta; osagaiak, osagarriak eta erremintak; fabrikazio aditiboa; manufacturing aurreratuko inguruneetako digitalizazioa eta automatizazioa; fabrikazio aurreratura bideratutako startup berritzaileena; eta inportatzaile batek aurkeztutako erakusketa-proposamen berritzaileena.
Networking profesionala, gainera, PWN sareak (Professional Women’s Network) sustatutako jarduerek indartuko dute. Horretarako, hitzaldiak, mahai-inguruak eta elkarrizketa-gune irekiak antolatuko dira, emakumeek industria- eta teknologia-sektorean egiten duten lana ikusarazteko eta aniztasun eta parekotasun maila handiagoak lortzeko industriaren kultura-eraldaketa azkartzeko lan-ildoak proposatzeko.
Alderdi sozialagoa duten jarduerei dagokienez, nabarmentzekoak dira erakusketariei ongietorria emateko antolatutako Welcome Reception topaketa, bisitari erosleei egindako harrera eta BIEMH Fest, publiko orokorrari irekia, martxoaren 4an, asteazkenean, Azkuna Zentroa-Alhóndiga BIlbaon egingo dena. Gainera, azokak iraungo duen bost egunetan, CARPE BIEMH AREA gunea, 4. pabiloian egongo dena, giro lasaia izango duen etengabeko konexiorako gune bihurtuko da, eta hainbat esparrutako profesionalen arteko bilera informalak errazteko diseinatuta egongo da.
Ekimen horiek guztiek BIEMH espazio dinamiko eta parte-hartzaile gisa indartzen dute, parte-hartzaile guztien arteko loturak sortzera bideratua.
BIEMH 2026 AFM, Machine Tool Manufacturers; AIMHE, Machine Tools Importers eta Bilbao Exhibition Centrek antolatzen dute eta Bizkaiko Foru Aldundia eta SPRI – Eusko Jaurlaritza dira erakunde mailako partnerrak.
WORKINN TALENT HUB: TALENTUA, BIEMH-EN ERE BAI
Fabrikazio aurreratuaren etorkizuna ez dago teknologiaren mende bakarrik, baita hori posible egiten duten pertsonen mende ere. Hori dela eta, BIEMHen esparruan WORKinn Talent Hub egingo da, talentu industrialari oso-osorik eskainitako foro bakarra, eta 30 enpresa eta erakunde baino gehiago bilduko ditu, 350 lan-eskaintza baino gehiagorekin. Zeharkako espazioa da, talentua bilatzen, sustatzen eta erakartzen laguntzeko diseinatuta, eta sektoreak kalitatezko enpleguari, egonkortasunari eta hazkunde profesionalari dagokienez eskaintzen dituen aukerak belaunaldi berriei erakusteko diseinatua.
WORKinn Talent Huben bihotza Enplegu Foroa izango da —martxoaren 4an eta 5ean—, eta bertan parte hartzen duten erakundeek beren proiektuak aurkeztuko dituzte, haien hautaketa-prozesuak partekatuko dituzte eta gehien eskatzen diren profilak helaraziko dituzte, industriaren sektoreok lan-merkatuaren egungo ikuspegia eskainiz. Aldi berean, Inspire Guneak ibilbide didaktiko eta esperientziala eskainiko du, hainbat estazio interaktibotan zehar, honako esparru hauetan eskatzen diren gaitasunak ezagutzeko: diseinua, programazioa, manufacturing-a, muntaketa eta doitasuna. Horrez gain, sektorean lehen hastapenak egin dituzten gazteek garatutako proiektuak ere ikusgai izango dira. Food & Art espazioak osatzen du proposamena. Eskaintza gastronomikoa eta artearen eta industriaren arteko loturak aztertzen dituen ekimena konbinatzen ditu, inspirazioa eta industria eremura hurbiltzeko modu berriak sustatzeko.
AFM Cluster for Advanced Manufacturing eta Bilbao Exhibition Centre erakundeek antolatzen dute WORKinn Talent Hub for BIEMH, eta Bizkaiko Foru Aldundiko Enplegu, Gizarte Kohesio eta Berdintasun Sailaren, DEMAren, Lanbideren eta Eusko Jaurlaritzako Ekonomia, Lan eta Enplegu Sailaren laguntza du.
Iruzkin bat utzi