Automatizazioak, robotikak eta digitalizazioak toki garrantzitsua beteko dute 2026ko martxoaren 2tik 6ra bitarte Bilbao Exhibition Centren egingo den BIEMHen 33. edizioan. Azokak fabrikazio aurreratuan abangoardiako benetako erreferenteak diren esparru estrategiko horien protagonismoa indartuko du. Izan ere, esparru horiek ezinbestekoak dira produkzio-eredu eraginkor, malgu eta konektatuagoetarantz aurrera egiteko.

Sektore horiek 6. pabilioian pilatuko dute haien eskaintza, eta azokaren azalera osoaren % 20 hartuko du. Nazioartean erreferentziazko hainbat enpresak baieztatu dute gune horretan izango direla azken belaunaldiko ekipo eta robotak erakutsiz: ABB, Siemens, Yaskawa, Beckhoff, Motofil, ESSS, Farresa, KUKA, Inycom by Nunsys, Larraioz, Zimmer Group, Sisteplant, Hiwin, Odoo, Baumer eta Semantic Systems.

Bestalde, 6. pabiloian egingo dira Innovation Workshop izeneko konferentziak. Horietan, enpresa erakusketariek gero standetan ikusgai izango diren garapen teknologikoak aurkeztuko dituzte. Erakustaldi eta erakusketa teknikoaren integrazio horri esker, bisitariek xehetasunez aztertu ahal izango dituzte berrikuntza bakoitzaren funtzionalitateak, aplikazioak eta abantailak, eta zuzeneko lotura ezarriko dute eduki teorikoenaren eta industria-inguruneetan duten ezarpen praktikoaren artean.

BIEMH 2026 fabrikazio aurreratuaren zuzeneko erakusleiho teknologiko handia da, eta lehiakortasuna bultzatzeko eta industriaren egungo erronkei aurre egiteko diseinatutako soluzioak eskaintzen ditu. Aipatutako 6. pabiloi horrez gain, azoka beste bost pabilioitan ere zabalduko da, funtsezko sektoreen ordezkaritza osoarekin: harroketako eta deformazioko makineria, erremintak, osagarriak, soldadura, metrologia, osagaiak, txapa- eta hodi-mozketa, eta gainazalen tratamendurako lineak. Makina handiak izango dira funtzionamenduan, eta bisitariek aukera izango dute prozesu industrialak martxan daudela esperimentatzeko. Orain arte, 26 herrialdetako 1.170 enpresa erakusketarik baino gehiagok baieztatu dute parte hartuko dutela, Estatuko eta nazioarteko marka nagusiak barne, eta punta-puntako soluzioak aurkeztuko dituzte industriaren erronkei erantzuteko.

Azken deialdian, 67 herrialdetako 37.000 profesional erakarri zituen azokak; kualifikazio handiko eta erabakitzeko gaitasun handiko publikoa. Profilen artean, sektore estrategikoetako (aeronautika eta aeroespaziala, automobilgintza, ekipo-ondasunak, defentsa, elektronika eta elektrizitatea, energia, trenak, ontzigintza, oil & gas, siderurgia eta azpikontratazio industriala) industria-enpresetako gerenteak, jabeak, zuzendariak eta sailetako arduradunak nabarmendu behar dira.

BIEMH 2026 AFM, Machine Tool Manufacturers; AIMHE, Machine Tools Importers eta Bilbao Exhibition Centrek antolatzen dute eta Bizkaiko Foru Aldundia eta SPRI – Eusko Jaurlaritza dira erakunde mailako partnerrak.