BIEMH bere enpresa erakusketariekin bildu da

Bartzelonan, Madrilen eta Bilbon

BIEMHeko arduradunak (Makina Erremintaren Nazioarteko Biurtekoa) Bartzelonan bildu dira gaur zenbait enpresa erakusketarirekin, kanpaina komertzialen, bisitarien kanpainen eta komunikazio kanpainen berri emateko. Bidenabar, erakundearen eta erakusketarien arteko lan–ildo zuzena indartzeko parada hartu dute bileran. Antolatzaileek, lehen eskutik ezagutu nahi izan dituzte azokara begira enpresek dituzten beharrak eta helburuak, lehen aurkezpen-blokearen ondotik egindako elkarrizketen bidez. Espezializatutako hainbat komunikabide izan dira topaketan, eta horiei ere BIEMHen eta sektorearen egoera onari buruzko informazioa eman zaie. Halaber, ekitaldiaren antolakuntzaren eta sustapenaren berri eman zaie. Bihar, taldea Madrilen izango da, eta martxoaren 15ean, Bilbora joango da.

Mari Carmen Gorostiza BIEMHeko event managerrak ireki du ekitaldia. Bertan izan dira, baita ere, María Ruiz-Lopetedi AFMko (Fabrikazio Aurreratu eta Digitalaren Klusterra) zuzendari laguntzailea eta Zuriñe Varona, Cristina Campo eta Ana Belen Palencia, BECeko erakusketarientzako zerbitzuen, bisitarien eta komunikazioaren sailetako arduradunak, hurrenez hurren.

1.280 enpresa erakusketari eta 2.500 produktu eta ekipo inguru daude baieztatuta, azoka hasi baino hiru hil lehenago, eta martxan dauden makina handiak izango dira protagonistak aurtengoan ere bai. Aurkezpenean jakinarazi duten moduan, BECeko sei pabilioietan egingo da azoka eta sektore nagusiak izango dira bertan: Makinen fabrikazioa eta banaketa, Robotika, Automatizazioa eta Digitalizazioa, bai eta Tresnak, Lanabesak eta Osagarriak. Dagoeneko, badaude baieztatuta 20 herrialdetako enpresa liderrak, eta horrek esan nahi du edizio honetako berrikuntza eta teknologia mailarik gorenekoa izango dela.

Manufacturing aurreratua sasoi onean dago, AFMk emandako datuek erakusten duten bezala. Iazko zikloa zifra errekorrekin itxi zen; lehen aldiz 2.000 milioi euroko muga gainditu zen makina-erremintei eta fabrikatzeko teknologia aurreratuei dagokienez, eta horrek % 17ko hazkundea ekarri zuen, 2022ko zifrekin alderatuta. Eskaerek ere egin zuten gora iaz, % 12 hain zuzen, eta horrek 2024ko jarduera bermatzen lagundu zuen. Izatez, lehen hiruhilekoan mantsotu egin bada ere, urtearen bigarren zatirako berreskuratuko da, eta 2025ean egonkortu egingo da.

Klusterrak emandako datuen arabera, 2024ko fakturazioaren itxiera % 5 eta % 7 artean haziko da, eta horrek aurreikusten du maila bikaineko azoka izango dela aurten, fabrikazio aurreratuko sektore eta azpisektore guztietan.

Bisitarien sustapen-kanpaina 141 herrialdetan ari da arrakastaz gauzatzen, besteak beste hurrengoetan: Mexiko, AEB, Turkia, Argentina, Aljeria, Alemania, Vietnam, Thailandia, Indonesia, Brasil, Kolonbia, Txile, Txina, Eslovakia, Frantzia, India, Italia, Polonia, Portugal, Erresuma Batua eta Txekiar Errepublika. Beste behin, Hosted Buyers’ Programme izango da BIEMHen indarguneetako bat. Erakusketarien eskaerak jasotzen dituen ekimena da eta, hala, negozio-bilerak ixteko ehunka profesional estrategiko bertan izatea bermatzen da.

BIEMHek aliantza-sare sendoa du eta oso gertutik egiten du lan erabiltzailearen sektoreko elkarteekin zein industriako solaskideekin eta key player-ekin. Orain arte, enpresen erantzuna oso positiboa izan da: interes handia erakutsi dute azoka bisitatzeko eta eskaintzen dituen soluzio lehiakor berrietan inbertsioak egiteko aukerak aprobetxatzeko.

Edukien agenda eta beste deialdi batzuk

Gaurko topaketa baliagarria izan da askotariko jarduera-programa ezagutarazteko. Horien artean, nabarmentzekoak dira networkingerako espazioak eta BIEMH Talk-ak. Azken horiek ekainaren 4an, 5ean eta 6ean izango dira eta nazioarteko adituak egongo dira bertan Automatizazioaren eta Robotikaren, Fabrikazio Aditiboaren eta Digitalizazioaren arloetako joeretan, erronketan eta irtenbideetan sakontzeko. Horrez gain, programazio interesgarria egongo da BIEMH TVren bitartez. Zuzeneko elkarrizketak, egunaren laburpena edo sustapen-bideoak emango dira bitarteko horren bidez.

BIEMHekin batera, honako hauek izango dira BECeko pabilioietan: BeDIGITALen edizio berria, teknologia digitalen aplikazio industrialera soilik bideratutako foroa; eta ADDITƐD, fabrikazio aditiboaren eta 3D inprimaketen arloko nazioarteko azoka. Gainera, talentuaren garapenarekiko duen konpromisoari leial eutsiz, WORKinn Talent Hub ekimena egingo da, talentuaren eta industriaren arteko elkargunea izango dena.

 

BIEMH 2024 AFM, Machine Tool Manufacturers; AIMHE, Machine Tools Importers eta Bilbao Exhibition Centrek antolatzen dute eta SPRI – Eusko Jaurlaritza da erakunde babeslea.

Komunikazio Saila, 2024ko martxoak 6.

-ek idatzirik|2024-03-06T13:51:53+01:006 de martxoa de 2024|0 Iruzkin

Iruzkin bat utzi

Go to Top