29 herrialdetatik iritsitako 1.500 enpresak baino gehiagok teknologiarik berritzaileena erakutsiko dute BECen
Gaur goizean aurkeztu da BIEMH fabrikazio aurreratuan liderra den nazioarteko azokaren 32. edizioa, ekainaren 3tik 7ra bitartean Bilbao Exhibition Centren egingo dena. Prentsaurrekoan honako hauek parte hartu dute, orden honetan: Xabier Basáñez, BECeko zuzendari nagusia; Xabier Ortueta, AFM Clusterreko zuzendari nagusia; José Ignacio Ortiz de Urbina, AIMHEko presidentea; José Pérez Berdud, AFM Clusterreko presidentea; eta Mari Carmen Gorostiza, makina-erremintaren nazioarteko biurtekoaren (BIEMH) arduraduna.
29 herrialdetatik etorritako 1.500 erakusketarik baino gehiagok parte hartuko dute 2024ko BIEMHen, eta 3.500 produktu eta zerbitzutik gora erakutsiko dituzte. Funtzionamenduan dauden makinak izango dira protagonistak, eta BECeko sei pabilioiak erabiliko dira BIEMH, ADDITƐD, BeDIGITAL eta WORKinn Talent Hub-entzat. Egiazko ikuskizun industrial eta teknologikoa izango da, nazioarteko presentzia handiarekin: Alemania, Italia, Portugal, AEB, Japonia, Taiwan eta Turkia, besteak beste. Banaketa sektoreen arabera antolatuko da.
Horrela, azokak arlo hauetako enpresak bilduko ditu: erauzketako eta deformazioko makinen fabrikazioa eta banaketa (% 35), robotika eta automatizazioa (% 20), erremintak eta osagarriak (% 12), industriara aplikatutako digitalizazioa (% 9), osagai mekanikoak (% 9), produkziorako eta enpresarako zerbitzuak (% 6), fabrikazio aditiboa eta 3Da (% 5). Eta berrikuntza gisa, aurten robotika, automatizazio eta digitalizaziorako gune berezi bat bisitatu ahal izango da, baita Demo Robot gunea ere, non enpresa liderrek robot kartesiarrak, artikulatuak, industrialak, kobotak, autonomoak eta AMRak erakutsiko dituzten.
Aurtengo BIEMHen datuek sektorearen errealitatea islatzen dute. Ikusirik behin betiko nolako itxiera izan duten 2023an fabrikazio-teknologia aurreratuek eta makina-erremintak, behin-behineko zifrekin urtarrilean aurreikusitako datuak berretsi egin dira, bai eta hobetu ere. Zehazki, 2022ko zifrekin konparatuz, hazkundea % 22,6 izan da, marka historiko bat. Produkzio-bitartekoen inbertsioari dagokionez, urtea oztopoz beterik egon da berebiziko ziurgabetasunagatik eta zailtasunengatik. Hala eta guztiz ere, azken bi urteotan eskaerak pilatu direnez gero, sektorearen fakturazioa handitzen joan da, eta 2.157,3 milioi eurora iritsi da.
Enpresa erosleen presentzia handia, eta Mexiko herrialde gonbidatu
Askotariko sektore eta jardueretan (automozioa, aeronautika, aeroespaziala, trenbidea, energia, siderurgia eta ekipamendu-ondasunak, besteak beste) diharduten hainbat trakzio-enpresa garrantzitsuk BIEMHeko enpresekin bilerak lotzeko eta inbertsioak handitzeko interesa berretsi dute, oso tonu positiboan egin den sustapen-kanpaina arrakastatsuaren ostean. Bultzada horri esker, 75 herrialdetatik datozen eta pisu handikoak diren bisitari profesionalek eman dute izena. Herrialdeen artean, hauek azpimarratu behar dira: AEB, Frantzia, Alemania, Italia, Erresuma Batua, Portugal, Turkia, Kanada, India, Txina eta Mexiko.
Mexiko izango da, gainera, 32. BIEMH azokako herrialde gonbidatua. Hain zuzen ere, herrialde horrek presentzia handia izan du azokan eta industriarako merkatu estrategikoa da, batez ere T-MEC ituna sinatu ondoren eta aurrera eramaten ari den nearshoring politika dela eta. Besteak beste, automobilgintzako, sektore aeroespazialeko, etxetresna elektrikoetako, moldisten sektoreko eta banaketako Mexikoko 70 enpresa eroslek baino gehiagok parte hartuko dute azokan. Gainera, enpresa horiek Hosted Buyers’ Programme ekimenean dabiltza. Mundu-mailan sektoreko azoka garrantzitsuenen ekimen bakarra da, eta BIEMHen erakargarri bihurtu da. Basque Trade & Investmenten eta Eusko Jaurlaritzaren babesa du, bestalde.
VIP erosleen programa honek enpresa erakusketarien eskaerak biltzen ditu, eta, hala, ehunka profesional estrategikoren presentzia bermatzen du. Mundu-mailan liderrak diren enpresetan erabakimena duten 300 goi-kargudun inguru programa horretan dabiltza. Datu zinez adierazgarriak dira horiek, eta Hosted Buyer´s Programme apustu egoki eta arrakastatsua dela frogatzen dute.
Edukien agenda zabala
BIEMHen edizio hau bereziki dinamikoa izango da, eta jarduera-programa zabala izango du, besteak beste, BIEMH Talksen nazioarteko adituen analisiak eta edukiak. Konferentzien, keynote oharren, workshopen eta mahai-inguruen bidez, industriaren gaur egungo egoera eta etorkizuneko proiekzioak aztertuko dituzte BIEMH Talk solasaldietan. Ekainaren 4rako antolatuta daude eta eraldaketa digitalerako punta-puntako 4.0 teknologiak arakatuko dituzte Digital Talk topaketetan, bereziki ekipo industrialetako erabiltzaileei zuzenduta. Hilaren 5ean, Automation & Robotics Talks ekimenak industriara aplikatutako robotikako eta automatizazioko berritasunak eta garapenak aurkeztuko ditu. Ekainaren 6an, aldiz, Additive Talk hitzaldiek teknologia aditiboaren erronkak, eboluzioa eta ezarpena azpimarratuko dituzte, hainbat arrakasta-kasu azalduz eta esperientzia propioak eskainiz.
Estreinakoz, BIEMH Tours egingo dira; hots, industriaren gaurkotasunean murgiltzeko aukera emango duten bisita gidatuak. Hiru kategoria hauetan sailkatu dira: Big Machines Tour, Automation & Robotics Tour eta Innovation Tour. Bakoitzak bere espezialitatean, zuzeneko ikuspegia eta oso teknologikoa eskainiko dute, zortzi enpresatan zehar 45 minutuko ibilbidea eginez. Horrekin batera, ekainaren 3an, 4an eta 5ean, BIEMH TVk emankizunak egingo ditu 4. pabilioitik: 50 elkarrizketa baino gehiago zuzenean, profesionalen lekukotasunak, eguneroko laburpenak eta eguneko agenda.
Bestalde, eta formatu irekiarekin eta dinamikoarekin, BeDIGITALen Innovation Workshops tailerrek aurrerapen digital esanguratsuenak erakutsiko dituzte. Berrikuntzaren Euskal Agentziaren (Innobasque) Innotech eremuan, Europako hainbat programekin kofinantzatutako ikerketako eta berrikuntzako proiektuak ezagutaraziko dituzte, eta ekainaren 3an, 4an eta 5ean hitzaldietara joateko aukera egongo da.
PWNk Women in Industry liderren gailurra antolatu du edizio honetan ere. Hitzaldiak, mahai-inguruak eta eztabaida-gune irekiak egongo dira, emakumeek industria- eta teknologia-sektorean egiten duten lana agerian uzteko, eta, halaber, industriaren kulturaren eraldaketa azeleratzeko gauza izango diren lan-ildoak proposatuko dira, aniztasun eta parekotasun handiagoak lortzeko asmoz. AEBk bere espazioa izango du egitarauan. Euskal enpresak AEBko merkataritza-ekosistemara errazago egokitu daitezen, Basque Trade & Investmentek jardunaldi bat antolatu du ekainaren 5ean, asteazkenean.
Gainera, erakusketarien eta bisitarien arteko harremana errazteko, networkingeko guneak eta topagune sozialak ere izango dira. Adibidez, erakusketariei ongietorria emateko Get Together eta BIEMH Fest egingo dira, herritar guztiei zuzenduta; baita azokako esperientzia aberastea xede duten beste ekimen batzuk ere.
BIEMHen hasiera ekitaldi ofiziala ekainaren 3an, eguerdiko 12:00etan, izango da, eta Iñigo Urkullu Lehendakaria izango da buru.
BIEMHek Innobasqueren babesa du berrikuntza-lankide gisa, eta Eusko Jaurlaritzako SPRIrena, erakunde-lankide gisa. Eta antolatzaileak AFM, Machine Tool Manufacturers, AIMHE, Machine Tools Importers eta Bilbao Exhibition Centre dira.
Plataforma global bat, ekitaldi paraleloekin: ADDITƐD, BeDIGITAL eta WORKinn Talent Hub
Industriako arlo guztiak daude BIEMHek aurkezten duen fabrikazio aurreratuaren ibilbidean. Zehazki, biurtekoa egiten den bitartean, industriari begirako beste hiru ekimen egingo dira. ADDITƐD fabrikazio aditiboaren eta 3D inprimatzearen erreferentziazko espazio bat da, eta, 8. edizio honetan, inputak teknologia berriak, merkatu berriak eta aukera berriak izango dira. Additive Talks ekitaldiez gain, 120tik gora enpresek ezagutzera emango dituzte sistema eta makineriako berrikuntza teknologikoak, aplikazio industrialak, fabrikazio aditiborako lehengaiak, kontsumigarriak, software- edo eskaner-proiektuak eta 3D eskaneatze-zerbitzuak.
Bestalde, BeDIGITAL Transforming Industry foroaren 6. edizioa izango da. Teknologia digitalen aplikazio industriala landuko dute, eta 80 enpresatik gora egongo dira erakustokien gunean. Enpresa horiek hainbat sektoreren parte dira: softwarearen garapena, big data, AA, zibersegurtasuna, errealitate areagotua, IoT-a, blockchaina, hardwarea, software-ingeniaritza, telekomunikazioak eta 5Ga, informazioaren teknologiak eta robotika, besteak beste. Gune hori, Digital Talks eta Innovation Workshops ekimenez gain, BeDIGITALek Startup Village gunea izango du: proposamen berritzaileak aurkeztu eta trukatzeko toki dinamiko bat.
Amaitzeko, WORKinn Talent Hub topagune integrala izango da talentua eta industria konektatzeko bere 8. edizioan. Hitzorduan, enpresa liderrak, ikasleak eta enplegua modu aktiboan bilatzen ari diren profesionalak batuko dira. Hala, 300 lan-eskaintza baino gehiagoko enplegu-foroa eta Inspire gunea konbinatuko dira; hau da, manufacturingaren irteera profesionalak erakusteko gune bat. Hala, bertaratzen direnek sektoreen egunerokoa ezagutuko dute eta enpresekin hitz egin ahalko dute zuzenean. Foroan 30 enpresak baino gehiagok parte hartuko dute. 2016an abiarazi zenetik, industriari soilik zuzendutako estatuko ekitaldi bakarra da.
Erronka Garbia bereizgarria
BIEMH azokak konpromisoa du sektorearekin eta ingurunearekin, eta BIEMHeko taldearen lana horren isla da. Izan ere, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Jarduketarako Sozietate Publikoak (Ihobe) ematen duen Erronka Garbia bereizgarria lortu nahi da, ekitaldi jasangarriak akreditatzen ditu eta. Ziurtapena lortzeko, inpaktua murrizteko plan bat diseinatu da. Sei jarduera-ardatz ditu planak: mugikortasuna, energia, ura, erosketak, azpiegitura eta hondakinak.
Bestalde, WORKinn Talent Hubek Jobbe (Evolus taldea) du babesle, eta erakunde-lankideak Bizkaiko Foru Aldundia eta Euskal Enplegu Zerbitzua (Lanbide) dira. Eta BeDIGITALek babesle hauek ditu: Digitalentu, Kaizen Institute eta MathWorks urrezko babesleak dira; FI Group, Irontec, Kuik! eta Oreka i.t., zilarrezkoak; eta Jakintza Industrien eta Teknologia Aplikatuen GAIA Elkartea du laguntzaile. Erakunde-lankidea Bizkaiko Foru Aldundia da. Eta ADDITƐDen Urrezko babeslea da Air Liquide.
Iruzkin bat utzi