BIEMH indartuta itzuliko da 2022ko ekainaren 13tik 17ra

“MORE BIEMH THAN EVER”

Dinamismoa nagusitzen eta dena bere onera itzultzen hasi den honetan, Makina-Erremintaren Nazioarteko Biurtekoa (BIEMH) 2022ko ekainaren 13tik 17ra itzuliko da Bilbao Exhibition Centre-ra. Funtsean betiko BIEMH izango da, baina indartuta etorriko da. Biurtekoa nazioartean erreferentzia da, eta Europako topagune industrial garrantzitsuenetako bat. Datorren urtean, bere bertsiorik onenarekin bueltan, berriro elkartzeko plataforma bihurtuko da, konfiantza eta motibazioa pizteko, kontaktuak aktibatzeko, eta berrikuntza, negozioa eta aukera berriak eskaintzeko. Hala ematen du aditzera haren claim berriak, MORE BIEMH THAN EVER (BIEMH, INOIZ BAINO BEREZKOAGOA), BIEMHek sektorearen dinamizazio ekonomikoa lortzeko foro aliatu gisa hartu duen konpromisoa adierazteko aukeratutakoa.

Biurtekoaren helburu estrategikoak eta lehentasunezko ekintza-ildoak mahai gainean daude jada, berriki Aholkularitza Batzorde Teknikoa Bilbao Exhibition Centre-ko instalazioetan bildu baita. Hauek izan dira Batzordearen aztergaien zerrendako alderdi nagusiak: datak berrestea, 2022ko ediziorako irudia eta claim berria aurkeztea, eta sustapen- eta antolaketa-ekintza garrantzitsuenak zehaztea.

Halaber, makina-erremintaren sektorearen egoera aztertu da bileran: garai zail baten ondoren, badirudi etorkizuna positiboa dela. Urritik, eskaeren kopurua leheneratzen ari da, eta 2019koaren antzekoa izan da urteko lehenengo lauhilekoan. AFMren prospektiba-paneletako aurreikuspenen arabera, eskaerak asko handituko dira 2021 osoan; hots, % 25 inguru.

BIEMHen sendotasunak erakusketarien indarra islatzen du, munduan lehen lerroan baitaude aurrerapen teknologikoei eta neurrira egindako soluzioei dagokienez. Hortaz, datorren urteko edizioan, “You make it big” markarekin batera doan ohiko eslogana “You make it big again” (zuk handi egiten duzu berriro) bihurtuko da. Horren bidez, BIEMHen antolatzaileek eskerrak eman nahi dizkiete berriro urtez urte erakusketan parte hartzen duten enpresa guztiei, beren konpromisoagatik, leialtasunagatik eta gogoagatik.

Erakusketariak eta bisitariak erakartzeko kanpainek mezu hori zabalduko dute, eta uztailean eta irailean jarriko dira abian, hurrenez hurren. Lehenengoei dagokienez, hainbat herrialdetan egingo dira ahalegin komertzialak, hala nola Alemanian, Austrian, Belgikan, Txinan, Frantzian, Herbehereetan, Italian, Polonian, Portugalen, Erresuma Batuan, Suitzan, Taiwanen eta Turkian, baina baita Espainian ere. Herrialde horiek guztiak liderrak dira sektorean, eta aspalditik daude erakusleiho teknologiko aurreratu honetan.

Aholkularitza Batzorde Teknikoaren bileran, Advanced Manufacturing Technologies-eko (AFM) eta Bilbao Exhibition Centre-ko ordezkariek hartu dute parte, erakusketaren antolatzaileak diren heinean. Halaber, Makina Erremintaren Inportatzaileen Elkarteko (AIMHE) kideak ere izan dira bertan, zeina Eusko Jaurlaritzarekin batera erakunde laguntzailea den.

-ek idatzirik|2021-07-01T08:52:54+02:0030 de ekaina de 2021|0 Iruzkin

Iruzkin bat utzi

Go to Top