Bikaina izan da amaitu berri den urtea BEC-entzat, martxan jarri zenetik izan duen inpaktu ekonomiko eta sozial handiena izan baitu

  • 2018an, 134,7 milioi euroko inpaktu ekonomikoa izan du; horren eraginez, 2.754 lanpostu sortu dira, eta 16,8 milioi bildu zergatan
  • Inpaktu hori aztertuta, guztira 33 azoka izan dira, 146 ekitaldi BEC Batzarrak unitatearen eskutik, eta 27 ikuskizun Bizkaia Arenan; ekintza horiek guztiek 1 milioi bisitari baino gehiago izan dituzte
  • Datu horiek erakusten dutenez, 2018an finkatu egin da jardueraren eta kanpoko proiekzioaren gorakada, eta urte «bikaina» izan da, bai erakundearentzat, bai metropoli-barrutiarentzat

134.657.261 euro. Inpaktu ekonomiko hori izan du Bilbao Exhibition Centrek 2018an barne-produktu gordinari (BPGd) dagokionez; 2004an martxan jarri zenetik izan duen handiena izan da, eta, orduz geroztik, guztira, 1.236 milioi euro metatu ditu. Hamabi hilabeteetan zehar egindako lan handiaren ostean (206 ekitaldi, 278 egunetan eremua hartuta, eta 1.082.203 bisitari); euskal erakundeak urte «bikaina» izan du, jardueraren eta kanpoko proiekzioaren gorakada finkatuz.

BECek 2018ko ekitaldian lurraldean izan duen inpaktuak beste kopuru batzuk utzi ditu. Adibidez, haren eraginez, 16.827.959 euro bildu ditu zergatan euskal Ogasunak eta 2.754 lanpostu sortu dira; azterketa kualitatiboari erreparatuta, zerbitzu berriak eta baliozko proposamenak sortu dira sektore estrategikoekin erlazionatutako topaguneetan, nola profesionaletan hala aisiakoetan. Horrela, berretsi egin da BEC funtsezko azpiegitura dela azokak, biltzarrak, batzarrak eta ikuskizunak egiteko, eta, ondorioz, lehen mailako eragile ekonomikoa eta inguruko enpresa-, elkarte-, erakunde- eta gizarte-ehunaren dinamizatzailea dela. Parametro horiek guztiak lortu dira, tartean 2018ko aurrekontuetan adierazitakoa baino emaitza ekonomiko positibo hobea lortzearena.

Urtarriletik, ekitaldi ugari eta askotarikoak izan dira BECen. Batzuk oso ezagunak dira nazioartean beren sektoreetan (hala nola BIEMH-Makina-Erremintaren Nazioarteko Biurtekoa, Routes eta Rail Live); beste batzuek mundu osoan dute oihartzuna (adibidez, MTV sarien gala); erreferentziako azoka aitzindariak ere izan dira fabrikazio aurreratueneko teknologiaren arloan (esaterako, Addit3D eta BeDIGITAL); finkatuta dauden hainbat ekitaldi (Egurtek, PIN-UGP, Tendencias Creativas, Workinn, RetroClásica eta BioCultura); hainbat lan-eskaintza publikotako azterketak; eta kontzertuak (Shakira, Fito & Fitipaldis, Ara Malikian, etab.). Guztira, 206 ekitaldi izan dira, honela banatuta: azokak (guztira, 33, eta 3.130 erakusketari), BEC Batzarrak unitateak kudeatutako ekitaldiak (146) eta Bizkaia Arenako ikuskizunak (27).

Ekitaldi horietako asko gertaera benetan gogoangarriak izan dira, oso konplexuak eta garrantzitsuak izan direlako. Haiei esker, «urte bikaina» izan da, ez bakarrik BECentzat, baizik eta baita lurralde osoarentzat ere, eta Euskadi nazioartean ezagutaraztearen alde, eta erreferentziako helmuga izatea bultzatuz.

BECek sortutako inpaktu ekonomikoaren emaitza ostalaritzan, garraioan, merkataritzan eta aisialdiko zein kulturako jardueretan sortzen diren kanpoko jarduerek eragin dute (2018an, % 67,8 izan dira), baina baita BECen beraren jarduerek ere (gainerako % 32,2a). Profesionalentzako erakusketek eta gainerakoentzat antolatutakoek zuzeneko gastu osoaren % 39,4 eta % 24 eragin dute, hurrenez hurren; BEC Batzarrak unitatearen jarduerak, % 11; eta Bizkaia Arenako ekitaldiek, berriz, % 24,7. Eragileei dagokienez, erakusketariek eta antolatzaileek gastuaren % 52,9 eragin dute, eta bisitariek, berriz, gainerako % 47,1a.

Azkenik, 2018an eman den aktibitatearen areagotzeak, baliabideen handiagotzeak eta emaitza hobeagoak, gaur egun BEC lantzen ari den 2017-2020 Plan Estrategikoaren egokitasuna berresten du. Hauek dira Planaren jarduera-ildo nagusiak: erakundea indartzea euskal enpresen, erakundeen eta gizartearen aliatu gisa eta lehentasunezko sektoreetarako eta gorabidean daudenetarako eremu desberdin gisa; berrikuntzarako bokazioa duen eredu komertzial proaktibo bat erabiltzea; eraldaketa digitala sustatzea; eta azoketarako ez diren eremuak ahalik eta gehien erabiltzea. Planak hedatzea du helburu, haziz, bai Estatuan, bai nazioartean, eta produktuak eta formatuak etengabe aldatuz.

4.0 azokak: fabrikazio aurreratuak goitik behera aldatu ditu erakusketa industrialak

Maiatzeko BIEMH-Makina-Erremintaren Nazioarteko Biurtekoa orain arteko handinahiena izan zen, inoiz ez bezalako eskaintza teknologikoa ekarri baitzuen. 21 herrialdetatik etorritako 1.700 enpresa erakusketarik baino gehiagok erantzun zioten «Be IN, BIEMH» azokaren gonbidapenari. Bertan, indarrez barneratu ziren berrikuntzan, ekoizpen adimentsuan, sistemen integrazioan eta nazioartekotzean, BECek dituen sei pabiloietan zehar. 42.000 pertsona baino gehiago izan ziren erakusketaren 30. edizioan, eta, antolatzaileen arabera, “erabateko arrakasta izan zuen bai erakusketa gisa, bai produktuari, makinen funtzionamenduari eta partaidetzari dagokienez”. Erakusketak Eusko Jaurlaritzaren babesa izan zuen.

Aste horretan, erakusketarekin batera, negozio-aukerak agerian geratu ziren esparruko 4. pabiloian ere. Pabiloi hori «4.0 pabiloia» bihurtu zen, zuzenean aurkezteko Industria berrirantz ongi igarotzeko ezinbestekoak diren teknologiak BeDIGITAL by BIEMHn (teknologia digitalen industriako aplikazioen inguruko lehen eztabaida-gunea, Bizkaiko Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak babestua), ADDIT3Dn (Fabrikazio Aditiboko eta 3Dko Nazioarteko Azoka) eta IMIC-Industrial Maintenance Innovation Conference-n. Hiru erakusketa horietan, Workinn-en bezala, «confexpo» formatua erabili zen, erakusketa-eremuaz gain, hitzaldiak ere izan baitziren, parte-hartzaileei balio erantsi handiagoa eskaintzeko.

Era askotako programazioa, azoka berriekin eta ohikoekin

2018ko azoken programazioan, askotariko proposamenak izan dira: erakusketa berri eta oso originalak, baina baita jendearentzat ezagunak diren betikoak ere. Urteari hasiera emateko, Magic the Gathering deigarria izan zen; «Pro Tour Rivals of Ixalan» txapelketa izan zen BECen, karta trukagarrien jokoko nazioarteko zirkuitu ikusgarria. Fun&Serious Game Festival ere izan zen BECen iaz. Bideojokoen Europako jaialdi handienaren agendan, hainbat aukera eskaini ziren: prestakuntza, topaketa, sormena eta ekintzailetza.

Japoniako kulturarekin, mangarekin eta animearekin erlazionatutako esperientziak, vintage dekorazioko piezak, enkanteak eta antigoaleko gauzak, kalitateko elikadura postu eta showcookingetan, produktu eta zerbitzu ekologikoak, informatika, auto klasikoak, ezkontzetarako eta ekitaldi handietarako proposamenak, eskulanak, outlet salmentak, bidaiatzeko eta aisialdiaz gozatzeko ideiak, adinekoak elkartzeko eremuak… 2018an BECek antolatu dituen azoka ez-profesionalek era guztietako interesak eta edukiak aztertu dituzte, eta jarraitzaileek ez diete huts egin, urtero bezala: Japan Weekend, Gustoko, Expovacaciones, Euskal Encounter, Desembalaje, BioCultura, Expobodas, Euskadiko Stock Azoka, Nagusi, RetroClásica…eta beste batzuk, besteak beste, Oil&Gas Conference.

Urteari amaiera emateko, Umeen Gabonetako Parkea izan da. Bere 54. edizioarekin, gizartean funtsezkoak diren sei balio babestu eta gaztetxoenen artean bultzatu nahi izan dituelarik: Elkartasuna, Berdintasuna, Jasangarritasuna, Zibergizabidea, Bizimodu Osasuntsua eta Familia.

Bizkaia Arenak markak hautsi ditu 2018an, eta amaiera bikaina eman dio MTV galarekin

Guztira 27 ekitaldirekin eta 240.000 ikuslerekin baino gehiagorekin, Bizkaia Arena pabiloiak eta CUBEC! aretoak markak hautsi dituzte 2018an bisitariei eta okupazioari dagokienez. Artista eta musika-talde ugari izan dira bertan; besteak beste, Judas Priest, Thirty Seconds to Mars, Berri Txarrak, Shakira, Fito & Fitipaldis, Melendi, Dani Martín, Loquillo, Nightwish, Rosendo eta Ara Malikian. Erabilera anitzeko pabiloian ere kontzertu asko izan dira hainbat jaialdiren harira (BIME Live, Operación Triunfo, Love the Tuenti´s, Love the 90s eta 1980 Pop Festival), baita bakarrizketari ugari ere «Las noches de Comedy Central» ikuskizunaren biran. Kirol-ikuskizunei dagokienez, hauek nabarmendu behar dira: Súper Enduro GP Euskadi, Europako Boxeo Txapelketa eta Euskalgym Nazioarteko XIII. Gimnastika Gala. Gainera, Bizkaia Arenako agendan haurrentzako ikuskizunak ere izan dira: Soy Luna eta Ene Kantak Jai Erraldoia.

Baina, zalantzarik gabe, Bizkaia Arenako 2018ko programazioko ekitaldi nagusia MTV Europe Music Awards galaren hogeita bosgarren edizioa izan da. Azaroaren 4an ospatu zen, eta amaiera eman zion MTV Music Week Bizkaia jaialdiari. Horrela, musikaren munduko epizentro bihurtu zen Bilbao Exhibition Centre. 500 milioi ikus-entzule inguru izan zituen galak, zuzenean eman baitzen eta 170 herrialdetara baino gehiagotara iritsi baitzen. Bi orduko ikuskizuna izan zen agertoki handi eta berritzaile baten gainean, eta uneko artista musikal garrantzitsuenetako askok hartu zuten parte; besteak beste, Camila Cabellok, Nicki Minajek, Janet Jacksonek, Marshmellok eta Rosalíak.

Ekitaldiak Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Bilboko eta Barakaldoko udalen laguntza izan zuen, eta arrakasta handia izan zuen, baita oihartzun ikaragarria ere mundu guztian. Ekitaldiak amaiera bikaina eman zion Bizkaia Arena pabilioiarentzat oso urte ona izan denari. Izan ere, Europako erabilera anitzeko esparrurik handienetako bat da pabilioia eta tamaina handiko ekitaldi konplexuak hartzeko gaitasun itzela duela agerian utzi du berriro ere.

Nazioartera aireratzea

Routes Europe biltzarrean parte hartu duten airelinea, aireportu, helmuga, agintari turistiko eta garraio-enpresen ibilbidea ez da izan BEC Batzarrak unitatearen agendako bakarra 2018an. Aireko konektibitateari buruzko Europako topaketa garrantzitsuenaz gain (1.200 profesional eta 4.800 bilera), beste ekitaldi batzuk ere egin ziren esparru horretan, formatu guztietakoak, baina ezaugarri bera zutenak: nazioartekotasuna. World Metrorail & Light Rail Congress metroari eta hiriko tren-garraioari buruzko biltzarraren 14. edizioa egin zen BECen, aurretik zenbait hiritan egon ondoren; adibidez, Londresen. Ekitaldi horiek Eusko Jaurlaritzaren, Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Bilboko Udalaren babesa izan zuten.

Bestalde, Hautsen Metalurgiako Europako Elkartearen urteroko biltzarrak (EuroPM Congress & Exhibition) lehengaien, makinen eta osagarrien munduko ekoizle nagusiak bildu zituen, eta sektoreko agintari tekniko eta zientifiko garrantzitsuenak ere bertan izan ziren.

Nabarmentzekoa da, halaber, hainbat erakunde publikok antolatutako lan-eskaintza publikoko azterketak eta oro har azterketa jendetsuak egiten direla BEC Batzarrak unitatearen bidez. Era berean, batzarrak eta ekitaldi korporatiboak antolatu dira ere B. Sabadell, BBVA, Laboral Kutxa, Beaz, Ibil, Eroski, Bioef, Iscar, Idom, UPV, EVE, Izertis eta Petronor enpresen eskutik, besteak beste.

Duela gutxi, Biltzar eta Batzarren Nazioarteko Elkarteak (ICCA) nabarmendu egin du BEC Batzarrak unitateko taldeak izen handiko nazioarteko ekitaldiak erakartzeko eta antolatzeko egin duen lana. Aurtengo urtarrilaren 1ean, elkarte horretako kide egin zen BEC eta nazioarteko bilera eta ekitaldien kudeaketan, garraioan eta ostatuan lider diren hornitzaileak ordezkatzen ditu. ICCAk 1.100 enpresa eta erakunde ditu kide mundu osoko ia 100 herrialdetan, eta guztira 390 egoitza ditu.

BECeko jarduera-bolumena sare sozialetan ere islatu da, gero eta jarraitzaile gehiago baititu Facebook-en, Twitter-en, LinkedIn-en eta Instagram-en. Nabarmentzekoa da BECen Facebook-eko kanalean jarraitzaile kopuruak izan duen gorakada (126.000 jarraitzaile), baita Instagram-eko kontuan izan duenak ere (6.000 baino gehiago). YouTube-ko kanalak, bestalde, 37.000 ikustaldi izan ditu. BECen webguneari dagokionez, 1.929.000 bisitaldi erregistratu dira.

2019: erronken urtea eta Bilbao Exhibition Centreren 15. urteurrena

Aurten BECek 15 urte beteko ditu, eta, testuinguru ekonomikoa ona denez eta azken balantzeek oinarri sendoa eskaintzen dutenez, optimismoz eta erronka berriei ekinez hasi du urtea. Oso maila handiko nazioarteko beste ekitaldi batzuk hartzeko prestatzen ari da esparrua; besteak beste, arkitekturari, haize-energiari eta trenbideko garraioari eskainitako ekitaldiak: Architect at Work, Rail Live eta WindEurope Congress & Exhibition.

Otsailean, Architect at Work iritsiko da lehenengoz BECera, eta geratzeko asmoz, gainera. Arkitektoen, diseinatzaileen, ingeniarien, hirigileen eta higiezin-sustatzaileen bisita jasoko duen diseinu originaleko azoka profesionala da. Headquarters Kortrijk Xpo-k antolatzen du ekitaldia, eta denera 15 herrialdetan erabiltzen du marka hori. Ekitaldiak erakusketaren berritzailetasuna azpimarratzen du; izan ere, epaimahaiak berrikuntza-mailaren eta erakusketariak berak emandako informazioaren arabera ebaluatuko du produktu bakoitza.

Martxoan, berriz, Rail Live! ekitaldiaren bigarren edizioa egingo da. Tren-sektoreko operadore, fabrikatzaile eta hornitzaileen bereizgarri bihurtu den urteroko topaketa hau BECera itzuliko da, ekitaldia antolatzen duen Terrapinn Holdings Ltd enpresaren hitzetan, «espero zen parte-hartzea gainditu zuen 2018ko estreinaldi dinamiko eta arrakastatsuaren» ondoren. Bestetik, Energia Eolikoaren Europako Elkarteak «WindEurope Conference & Exhibition» ekitaldia egingo du apirilean. Europa mailan espezialitate horretako topaketarik garrantzitsuena da azoka hau. Mundu osotik, batez beste, 8.000 profesional eta 50 herrialdetako 400 enpresa erakusketari baino gehiago etortzen dira. Azken urteotan, haize-energia asko garatu da, eta hazkunde-tasa handieneko energia-iturria da jada; beraz, berrikuntzaren alde apustu egiteko, harreman berriak sortzeko eta etorkizuneko joerak ezagutzeko une garrantzitsuan iritsiko da azoka.

Ohiko programazioan nabarmenduko da +Industry plataforma; horrela esaten zaio ekainean BEC industriaren topagune handiena bihurtuko duten zazpi azoken baturari. «Azokak gehitzen, industria sortzen» goiburupean erakutsiko dituzte azoka hauek beren indarra eta sinergiak: ADDIT3D, Fabrikazio Aditiboko eta 3Dko Nazioarteko Azoka; BeDIGITAL, Industriarako 4.0 Irtenbideak eta Erremintak; FITMAQ, Aukerako eta Bigarren Eskuko Makineriaren Nazioarteko Azoka; IT by FERROFORMA, Industriarako Erreminten eta Horniduren Nazioarteko Azoka; MAINTENANCE, Mantentze Industrialaren Nazioarteko Azoka; PUMPS & VALVES, Industria Prozesuetarako Ponpen, Balbulen eta Ekipamenduko Sistemen Nazioarteko Azoka; eta SUBCONTRATACIÓN, Fabrikaziorako Prozesu eta Ekipamenduen Nazioarteko Azoka.

Bestalde, Industria, Merkataritza eta Turismo Sailak Bilbao Exhibition Centre-ek 2019an ospatuko dituen hamar azoka aintzatetsi ditu hauen nazioarteko izaera dela eta. Erakunde honek aldeko ebazpena eman die Industry Tools by Ferroforma, Subcontratación, Tendencias Creativas eta World Maritime Week azokei eta “nazioartekotasun osoarekin” aintzatetsi ditu. Bestetik, Addit3d, Expovacaciones, Fitmaq, Maintenance, Polveri Ecocoating eta Pumps & Valves azokek “aduana-helburuetarako nazioartekotasun” kontzesioa lortu dute.

Bizkaia Arenan eta CUBEC! aretoan ziur egingo diren ekitaldiei dagokienez, hauek aipa daitezke: Twenty One Pilots, hip hop eta rock alternatiboko talde estatubatuarra; Operación Triunfo 2018 bira; «Remember Paradise», 90eko eta 2000ko hamarkadetako musika-festa; Leivaren kontzertu-bira berria; Melendiren kontzertua; eta, beharbada, denboraldiko kontzertu nagusia, Bob Dylan mitikoarekin.

Gainera, Be Up Sport Centre enpresaren eta BECen arteko hitzarmenari esker, azoka- eta kongresu-esparruak 5.000 metro karratu baino gehiago duen kiroldegia hartuko du 2020tik aurrera iparraldeko gurutzaduran. Ekipamenduak kirol-enpresak ustiatuko du «Be Up BEC» markaren pean; 5.590.000 euroko inbertsioa beharko du lokala erabat berritzeko eta 50 pertsonari baino gehiagori emango die lana. Egokitzapen-lanak urtarrilean hasiko dira eta 10 hilabeteko iraupena izango dutela aurreikusten da.

Azkenik, Bilbao Exhibition Centrek 15 urte beteko ditu apirilean. Hori dela eta, BEC! ekitaldi berezi bat prestatzen ari da, eta bertan izango dira erakundeak egiten duen guztiaren eragile nagusiak.

 

 

-ek idatzirik|2022-01-13T11:03:31+01:0015 de urtarrila de 2019|0 Iruzkin

Iruzkin bat utzi

Go to Top