Bilbao Exhibition Centre azoka esparru handien europako elkartearen (EMECA) kide bihurtu da

Kontinente Zaharreko 24 esparru nagusiekin informazioa partekatuko du

EMECAk, Europako azoka esparru nagusien jabeak biltzen dituen elkarteak, Bilbao Exhibition Centre onartu du kide gisa. BECek Europako sare honekin bat egitea azoka eremu bizkaitarrarentzat beste aurrerapauso bat suposatzen du Europako eta mundu osoko erakunde eta organoetara iristeko bidean, hartara sektorearen bilakaera eta estrategiak zuzenean ezagutu ahal izateko. Berez, Bilbao Exhibition Centre jada bada Kongresu eta Konbentzioen Nazioarteko Elkartearen (ICCA) eta Azoka Sektorearen Munduko Elkartearen (UFI) eskubide osoko kidea. Halaber, BEC esparruko zuzendari nagusia, Xabier Basañez, UFI elkarteko zuzendaritza batzordeko kide da eta Espainiako Azoken Elkarteko (AFE) presidentea.

EMECA elkartea 1992. urtean sortu zen, azoken sektoreak Europan duen inpaktu ekonomikoan arreta jarri ahal izateko. Gaur egun, Bilbao Exhibition Centre kide moduan onartu ondoren, 24 esparru bazkide ditu eta, EMECA beraren datuen arabera, guztien artean 1800 azoka baino gehiago antolatzen dituzte urtean, 410.000 erakusketari eta 42 milioi bisitari baino gehiagorekin, guztira 37 milioi metro karratu inguru dituen erakusketa azalera gordinean. Aurkeztutako kontuen arabera, enpresa erakusketariek 800.000 milioi euro inguruko fakturazioa sortzen dute urtero erakusketen bidez.

Europatik kanpoko lanari dagokionez, kideek laguntza eskaintzen diete konpainiei merkatuaren globalizazioari aurre egiteko eta ekimen egokiak abian jartzeko, hala nola erakusketariak atzerriko azoka esparruetara aurkeztea, azoka berriak sortzea eta garatzen ari diren merkatu berrietara teknologia eramatea.

Bilbao Exhibition Centre-k esperientziak eta informazioa trukatzeko aukera izango du Europako azoka esparru nagusiekin, esaterako, Amsterdam, Geneva, Birmingham, Milan, Frankfurt edo Paris, eta baita estatuko beste hiruekin ere: Fira (Bartzelona), Ifema (Madril) eta Feria Valencia.

EMECA sareko kideek oso harrera ona eman diote BEC esparruari, Barbara Weizsäcker elkarteko idazkari nagusiak bere ongietorrian adierazi zuen moduan: “150.000 metro karratuko espazioarekin eta bere egoitzan antolatu diren erakusketa eta ekitaldi anitzen multzoari esker, BEC osagai ezin hobea da EMECAren esparru handi eta nagusietarako. Bilboko kideekin trukea abian jarri nahi dugu EMECA sarearen organo eta jarduera guztietan”.

-ek idatzirik|2020-02-06T17:09:48+01:006 de otsaila de 2020|0 Iruzkin

Iruzkin bat utzi

Go to Top