Bilbao Exhibition Centre-k ateak zabalduko dizkie herritarrei Open House arkitektura-jaialdiaren edizio berriaren harira

Irailaren 28an izango da, eta bi ibilbide izango ditu: BEC! Bistak eta Bizkaia Arena

Eraikinen barrualdea ezagutzea eta haiek eraikitzeko egindako lana eta barruan duten bizitza ezagutaraztea da Open House nazioarteko arkitektura- eta hirigintza-jaialdiaren asmoa, eta aurten ere harekin bat egingo du Bilbao Exhibition Centre-k. Horri esker, herritarrek azoka-esparru ikusgarriaren txoko guztiak ezagutu ahal izango dituzte, zeina munduko modernoenetako bat baita, bai diseinuagatik, bai ekipamenduagatik.

Open House jaialdiaren aurtengo edizioan, Bilbao Exhibition Centre-k egun bakarrean zabalduko ditu ateak: irailaren 28an, larunbata. Bisita gidatuek 25-30 minutuko iraupena izango dute, gutxi gorabehera, eta goizean izango dira, 10:00etatik 14:00etara. Bisitetan parte hartzeko, ez da aurretik izena eman behar, taldeak (25 lagun gehienez) jendea informaziogunera iritsi ahala eratuko baitira (informaziogunea atarian dago, 1. pabiloiaren ondoan).

Hirugarren ediziorako, BECek bi ibilbide prestatu ditu. BEC! Bistak da lehenengoa, eta, hari esker, bertaratuek batzarretarako BEC dorrea ikusi ahal izango dute, diseinuzko kongresu-zentro moderno, eroso eta funtzionala. 18.000 metro karratuko azalera du, erabilera anitzeko hainbat aretotan banatuta; aretoek 20 eta 2.500 lagun artean har ditzakete. Dorreko jatetxean eta zabaltzan hasiko da bisita; han, pabiloiak nola banatuta dauden azalduko da, eta eguzki-plakak ikusi ahal izango dira, BECek jasangarritasunarekin duen konpromisoaren erakusgarri. Batzarretarako aretoak ikusi ondoren, bulegoen dorrea ikusiko da; bertako terrazatik, ikuspegia zoragarria da, hondoan aireportua, UPV/EHU eta Abra dituela. Ibilbide hau ez da egokia mugikortasun urriko pertsonentzat.

Bigarren ibilbidean, Bizkaia Arenaren egunerokotasuna ikus dezake jendeak. Erabilera anitzeko Espainiako pabiloi handiena da; 18.000 lagun har ditzake, eta era guztietako ekitaldiak antolatzen dira bertan: kontzertuak, kirol-ikuskizunak… Harmailak mugitzeko duen sistemari esker da hain moldaerraza. Bisitariek lehen eskutik ezagutu ahal izango dituzte eremu guztiak; besteak beste, harmailak, pista, eta oihal atzekoa eta kamerinoak.

Barakaldok eta BECek iaz egin zuten bat Open House jaialdiarekin, aurreko urtean Bilbon egin zelarik lehen aldiz. Arkitekto-talde batek osatutako irabazi-asmorik gabeko OUT elkarteak antolatzen du jaialdia, eta Eusko Jaurlaritzaren, Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Bilboko eta Barakaldoko udalen babesa du, baita, aurten lehen aldiz, Leioako eta Getxoko Udaleena ere. Beste urteetan bezala, itsasadarrak lotuko ditu udalerri horiek historian eta tradizioetan zehar.

Open House jaialdiaren hirugarren edizioan, orotara Bizkaiko 81 eraikinek baino gehiagok zabalduko dituzte ateak, herritarrek normalean ikusi ezin dituzten edo ezagutzen ez dituzten tokiak ezagut ditzaten. Azken batean, jai-giroa izango da nagusi asteburu horretan (irailak 28 eta 29), eta hirietako arkitektura, hirigintza, kultura eta historiaren garrantzia azpimarratuko da.

Open House ez ezik, Bilbao Exhibition Centre-k bisita gidatuen programa propio bat ere eskaintzen du 2015eko abendutik, eta, urte hauetan guztietan, bi milako bisitari inguru izan ditu dagoeneko. Ibilbideak ordu eta erdiko iraupena du. Bisitan,  bideo bat proiektatzen da, eraikina nola egin zen erakusteko, eta, amaitzeko, BECeko bulegoen dorrea ikusten da, normalean jendeak ezin baitu bertara igo; hain zuzen, gune hori baloratzen dute gehien bisitariek. BECeko bisita gidatuen edizio berria urrian hasiko da; hortaz, laster zabalduko da izena emateko epea, bai banakakoen bisitetarako, bai taldeen bisitetarako.

BILBAO EXHIBITION CENTRE – OPEN HOUSE 2019

  • OPEN HOUSE BISITAK

Eguna:                                                 Irailak 28, larunbata
Ordutegia:                                         10:00etatik 14:00etara
Taldeak:                                             25 pertsona gehienez. Ez da hitzordua hartu behar
Ibilbideak:                                          BEC! Bistak (ez da egokia mugikortasun urriko  pertsonentzat) – Bizkaia Arena
Topagunea:                                       Informaziogunea (atarian, 1. pabiloiaren ondoan)
Iraupena:                                           25-30 minutu, gutxi gorabehera

  • BECen DATU TEKNIKOAK

Erakusketa-eremua:                     150.000 m2
Kongresu Zentroa:                         18.000 m2
Barne-sarbideak:                            6.500 m2
Bulegoak:                                           6.500 m2
Ataria                                                   41.500 m2
Eremu librea:                                    100.000 m2 (Berdeguneak eta gune zolatuak)
Aparkalekua:                                    4.000 plaza

-ek idatzirik|2019-09-20T12:35:28+02:0020 de iraila de 2019|0 Iruzkin

Iruzkin bat utzi

Go to Top