BioCultura Bilbao, gehien espero den azoka

BioCultura, produktu ekologikoen eta kontsumo arduratsuaren azoka, urriaren 6tik 8ra izango da BECen

 BioCultura Bilbao, Produktu Ekologikoen eta Kontsumo Arduratsuaren Azoka, Bilbao Exhibition Centrera itzuliko da urriaren 6tik 8ra, Ireki begiak ekologikoari lelopean. Hiru egunetan, 130 enpresa eko-arduratsu eta jasangarrik parte hartuko dute deialdian, eta, gainera, jarduera ludikoen programa zabala garatuko dute.

“Elikagai ekologikoen, kosmetiko eko-naturalen, moda jasangarriaren eta eko-estilo baterako hamaika produktu eta zerbitzuren 10.000 erreferentzia baino gehiagoko eskaintzarekin… BioCultura denok nahi dugun mundu horren arketipoa da. Hitzorduan azaltzen diren elikagaiak eta produktuak Lurra babestu nahi badugu jarraitu beharreko bidearen ikur dira etorkizuneko belaunaldientzat”, adierazi du Angeles Parra, BioCulturako zuzendaria.

Kultura ekologikoaren azoka dekanoak 39 urte daramatza kontsumo arduratsua aldarrikatzen, eta horrek garrantzi handia izan du gizartean, erantzukizun partekaturako itzulerarik gabeko bidean. “Klima-aldaketa, biodibertsitatearen galera, elikadura kutsatua… Adostasuna dago zientzian eta herritarrengan. Zeren zain gaude iraunkortasunerako jauzi handia emateko?”, gogoratzen dute azokaren antolaketatik.

Publiko guztientzako proposamenak

BioCultura kontsumo arduratsurako eskuliburua da, arlo guztietan. “Argi daukagu kontua ez dela kontsumo bat beste batekin aldatzea, baizik eta kontzientziaz egitea”, adierazi du Parrak. Hala, urriaren 6tik 8ra, kongresuak, jardunaldiak, hitzaldiak eta tailerrak egingo dira, besteak beste, informazioa zabaltzeko eta herritar aktibo gisa erantzukizunak hartzeko, gizarte osoa kezkatzen eta inplikatzen duten gaietan adituak diren pertsonen gidaritzapean.

  • OrganicFit Day: Osasunaren hiru zutabe espezifikoei eskainitako jardunaldia: ariketa, elikadura eko-osasungarria eta atsedena. Horiek guztiak mugimendu organikoaren kontzeptuan sartuta daude, eta Endika Montiel, Xabier Sánchez, Lucía Redondo, Nicolás Olea, Susanna Diracano edo Alejandro Pérez izango dira bertan.
  • Terapia Naturalen Jardunaldi Nazionala: Cofenat-Terapia Naturalen Elkarteak antolatuta, hainbat diziplinatako profesionalek parte hartuko dute. Besteak beste, masajea eta emozioen erregulazioa, Bachen loreak eta minik gabe nola bizi aztertuko dute.
  • MENUdaTIERRA kongresua: MENUdaTIERRA proiektuaren amaiera gisa, beste elikadura-eredu bat posible dela agerian uzten duten esperientziak aurkeztuko dira. Ekoizpena, eraldaketa, merkaturatzea eta kontsumoa oinarri hartuta, aldaketa abian dela frogatzen duten pertsona, enpresa eta erakundeen benetako kasuak ikusiko dira. Horrez gain, elikadura ekologikoaren eta jasangarriaren arloko adituen hitzaldiak ere izango dira.
  • Showcooking: Ondo elikatzea eta mahai on batez gozatzea. Gustu, dieta eta gourmet guztietarako proposamenak egongo dira: gozogintza, espeziak nola erabili… Baita produktu-dastaketak ere: eztiak, olioak, txokolateak, gaztak… Eta, jakina, familiako txikiak sukaldean eta elikadura osasungarrian sartzeko familia-tailerrak.
  • Showroom EcoEstÉtico: Askotariko proposamenak dituzten tailerrak: geure kosmetikoak egitea, ilea zaintzea, azala zaintzea eta konpontzea, automasajea, fitoestraktuak egitea, olio esentzialak destilatzea, larruazaleko gaixotasunak edo horiek nola tratatu.
  • Hitzaldiak eta mahai-inguruak: Osasunarekin, ingurumenarekin, ekoizpen ekologikoarekin, energiarekin, finantza etikoekin, ongizatearekin eta baita musiko-terapiarekin ere zerikusia duten gaur egungo gai interesgarriak.

BioCulturaren ordutegi orokorra 10:00etatik 20:00etara izango da, igandean, hilaren 8an, izan ezik, 19:00etan itxiko baititu ateak. Sarrerak webgune ofizialaren bidez eros daitezke, eta txarteldegietan bertan ere erosi ahal izango dira.

Biocultura azoka VidaSanak eta Bilbao Exhibition Centrek antolatzen dute.

-ek idatzirik|2023-09-07T11:35:46+02:007 de iraila de 2023|0 Iruzkin

Iruzkin bat utzi

Go to Top