Umeen Gabonetako Parkeak, beste urte batez, ilusioz eta zorionez beteko du Bilbao Exhibition Centre abenduaren 13tik urtarrilaren 5era bitarte neska-mutilei, gazteei eta familiei zuzendutako aisialdiko eskaintza osoarekin. Aurtengo edizioak balioetan oinarritutako (elkartasuna, gizalegea, jasangarritasuna, berdintasuna, familia eta bizitza osasungarria) dibertsioarekiko konpromisoari eutsiko dio. Horri guztiari esker, urtez urte, BEC Euskadiko Gabonetako topagune nagusi bihurtzen da.
Atrakzioen arloari dagokionez, UGPa indartsu itzuliko da eta, aurten, publiko guztientzat pentsatutako 34 proposamen izango ditu. Horien artean, nabarmendu beharrekoa da “El Martillo”, aurtengo edizioko atrakzio berri nagusietako bat. Harekin batera izango dira urtero txiki eta helduen gozamen bihurtzen diren klasikoak: izotz-pista, autotxokeak, piraten itsasontzia edo kangurua. Eta aurreko edizioan izan zuten iritzi positiboa dela eta, arrakasta gehien izaten duten atrakzio batzuek ekintza bereziak izango dituzte parte-hartzaileen fluxua optimizatzeko.
Parkearen lehen egunetan iritsiko da hitzordu berezienetako bat: Olentzero eta Mari Domingiren bisita, abenduaren 13 eta 14an. Mitologia mundutik iritsitako bikote maitea etxeko txikienen ilusio eta desioak ezagutzeko asmoz gerturatuko da BECera.
Kirolak ere toki garrantzitsua beteko du UGPko jarduera-egitarau barruan, eta taldeko jokoa eta lankidetza sustatuko dituzten hainbat diziplinatako txapelketak izango dira. Haiekin batera, urtarrilaren 5ean, UGPko Gabonetako VIII. Lasterketa egingo da, eta familia osoak parte hartu ahal izango du doan. Ekitaldia 600 parte-hartzailetara egongo da mugatuta kategoria guztien artean, eta izen-ematea formalizatu eta dortsala jaso beharko da aurretik.
Aurten, gainera, STEAM Gunea itzuliko da. Tailerren, erronken eta esperientzien bidez, gazteenen artean bokazio zientifikoak eta teknologikoak sustatzen dituen proposamen interaktiboa da. Gune horrek Innobasqueren eta Eusko Jaurlaritzako Zientzia, Unibertsitateak eta Berrikuntza Sailaren babesa jasotzen du eta Elhuyar da dinamizatzailea. Hura arduratuko da eremu horretako jarduera guztiak garatu eta koordinatzeaz. Ikasleen bisitak jasotzeko aukera izateaz gain, banaka edo aisialdiko taldearekin zientziaz gozatzera etorri nahi duten neska-mutil guztiek aldez aurretik izena eman ahal izango dute ekimenaren webgune bidez (https://pin.bilbaoexhibitioncentre.com/eu/jarduerak/steam-gune/).
UGPko sarrerak dagoeneko eskuragarri daude https://pin.bilbaoexhibitioncentre.com/eu/ webgune ofizialean. Bertan kontsulta daiteke gainera jarduerei, ordutegiei eta prezioei buruzko informazio guztia.
Iruzkin bat utzi