Egurtek 2020ek, Zurezko Arkitektura eta Eraikuntzako Forua, ‘streaming’ bidez igorriko du BEC-en auditoriotik

  • Sektoreko topaketa urriaren 14an, asteazkena, eta 15ean, osteguna, igorriko da zuzenean, goizez izango diren bi saiotan. Kongresua, Jardunaldi Teknikoak eta Egurtek 2020 sarien banaketa hartuko dute barne.
  • Nazioarteko Foruak goizeko 9etan irekiko ditu ate birtualak, Bittor Oroz, Eusko Jaurlaritzaren Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Politikako sailburuordearen eta Xabier Basañez, Bilbao Exhibition Centre-ren Zuzendari nagusiaren eskutik. Haiekin batera izango ditugu Baskegurreko eta Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo Ofizialeko hainbat ordezkari.
  • Donostiako Oreka estudioko Ekaitz Uribek inauguratuko duen kongresuan nazioarteko izen handiko hainbat arkitektok hartuko dute parte, besteak beste, Casper Mork-Ulnes norvegiarrak, Jessica McGarry ipar-irlandarrak eta Mario Carreno txiletarrak.
  • Baskegurreko Jardunaldi Teknikoetan, bioekonomiarekin eta bioeskualdeekin lotutako gaiak landuko dira hainbat mahai-ingurutan.
  • Egurtek 2020 Sariek sei kategoria desberdin dituzte, horien artean nabarmenenak: BEM Sari Berezia Mallabiako Herriko Plazari eta Eraikuntza Saria A Estradako (Pontevedra) A Baiuca Haur Eskolako proiektuari.

 

Bilbao Exhibition Centre-ko auditorioa urriaren 14ean eta 15ean zurezko arkitektura eta eraikuntzaren nazioarteko topagunea bilakatuko da, bertatik igorriko baita, zuzenean eta streaming bidez, Egurtek-en zortzigarren edizioa, sektoreko nazioarteko topagune eta profesionalen erreferentea, hain zuzen ere. Bilbao Exhibition Centre-k Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo Ofizialaren (COAVN) eta Baskegurren -Euskadiko Zuraren Elkartea- laguntzarekin eta Eusko Jaurlaritzaren Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailaren babesarekin antolatu du bi urtean behingo hitzordua.

Bi egun iraungo ditu Zurezko Arkitektura eta Eraikuntzako Nazioarteko Foroak, goizez izango diren bi saiotan. Egun bakoitzean, kongresu bat eta mahai-ingurua egingo da, Baskegurren Jardunaldi Teknikoen barruan, eta han landuko dira sektorearen azken joerak eta berrikuntzak.

Inaugurazio saioa urriaren 14an, asteazkena, izango da, goizeko 9etan, Xabier Basañez Bilbao Exhibition Centre-ren zuzendari nagusiaren eskutik. Basañezek sarearen bitartez parte hartuko duten guztiei emango die ongi etorria. Bestetik, Egurtek 2020aren inaugurazio ofiziala Bittor Oroz, Eusko Jaurlaritzaren Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Politikaren sailburuordeak egingo du.

Haien hitzaldiak bukatu ondoren, Matxalen Acasusoren txanda izango da, Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo Ofizialaren (COAVN) Dekanoa, zeinak Egurtek Sariak banatzeko ekitaldia aurkeztuko duen. Aurtengo edizioan hainbat kategoriako 93 lan aurkeztu dira. Jarraian, Kongresuari emango dio hasiera eta lehenengo jardunaldiko programa ixteko, mahai-ingurua egingo da. Luis Tena arkitektoa izango da bigarren jardunaldiko zeremonialaria. Oskar Azkaratek, Baskegurren zuzendari orokorrak, aldiz, asteazkeneko zein osteguneko Jardunaldi Teknikoetako eztabaidak moderatuko ditu.

 

EGURTEK SARIAK 2020

Sektoreko profesionalen lan ona saritzen duten Egurtek Sarien V edizioko sarien banaketa goizeko 9:10 inguruan izango da, Kongresuaren aurretik. Saritu gehienak bertan egongo dira saria jasotzeko, nahiz eta batzuk bertara ezingo diren etorri eta internet bidez eskertuko duten lortutako saria.

Edizio honetan berritasun gisa aurkeztu den BEM (Bois/Egurra/Madera) sari berezia Mallabiako Herriko Plazak irabazi du, Ane Arce eta Iñigo Berasategui arkitektoek diseinatutakoa. Eta Tokiko zura – Basque Quality sari berezia Restauración de la torre medieval de la ferrería hidráulica de Ibero lanarentzat izan da, José Luis Franchezek egina Leitzan (Nafarroa).

Eraikuntza Saria A Baiuca haur eskola proiektuak irabazi du A Estradan (Pontevedra), Elizabeth Abalo eta Gonzalo Alonso arkitektoen lana. Kategoria honetan accesit bat ere eman zaio Mi casa en madera proiektuari Lenten (Herbehereak), Lidewij Lenders eta Marije ter Steege arkitektoek sortutako lana.

Barne Diseinu saria Joan Casals eta José Luis Cisneros arkitekto katalanek irabazi dute, Bartzelonako Raval auzoko Entre Balcones lanarengatik, eta accesit bat eman zaio Dendaz. This is basque design proiektuari, Elisa de los Reyes García eta Maé Durant arkitektoek aurkeztua.

Produktuaren Diseinua Saria Lahu-rentzat izan da. Aldiz, Argitalpen saria Lander Uncilla arkitektoaren artikulu batek irabazi du: Construir con árboles, hain zuzen ere.

Egurtek saria Javier Ojedaren lana da, Singular Ideas estudiokoa, eta zuhaitz baten enborraren zeharkako mozketa batean dago oinarrituta. Pieza dotore horretan, zurgizena (alertzea) bereizten du, eraikuntzako CLT panelen antzera, zurgiharretik (haritza).

Aurkeztutako proposamen guztiak Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo Ofizialaren webgunean eta Egurtek-en webgunean egongo dira ikusgai.

 

 

KONGRESUA ETA NAZIOARTEKO JARDUNALDI TEKNIKOAK

Kongresuaren saioek zurezko eraikuntzaren inguruan ikuspegi desberdinak dituzten hainbat arkitekto bilduko dituzte. Gipuzkoako Oreka estudioak emango dio hasiera asteazkenean hitzaldiari 9:30etan gutxi gorabehera. Bertan, bioeraikuntzarekin lotutako lan-ildoak azalduko ditu; izan ere, zurezko eta lastozko eraikuntzetan parte hartzen dute, irizpide klimatikoak aplikatuz. Horren adibide dira Elorrioko Txintxirri ikastola eta Urdaibaiko Lastozko Etxea. Ekaitz Uribe arduratuko da lan horiek azaltzeaz. Lehenengo eguneko programa Casper Mork-Ulnes norvegiarraren eta bere 10 metro karratuko etxolen hitzaldiak eta Emiliano López-Mónica Rivero Arquitectos Kataluniako estudioaren parte den Mónica Riveraren hitzaldiak osatuko dute.

Bigarren eguna goizeko 9:00etan hasiko da Pol Massoni, Lacol – Arquitectura Cooperativa-ren erakusketarekin. Bartzelonatik etorritako ekimen interesgarria da, eraldaketa sozialera bideratzen duena bere lana. Jarraian, Jessica McGarry irlandarraren txanda eta Mario Carreño txiletarraren txanda izango da. Beste batzuen artean bere bulego eta etxea den Fallahogey House-ri buruz eta Cerro Pochoco etxeei edo Salamankako udal kiroldegiari buruz hitz egingo dute hurrenez hurren.

Jardunaldi bakoitzaren bukaeran, bioekonomiaren ikuspegi eguneratua eskainiko da hitzaldiak eta eztabaida tartekatuko dituen lineako mahai-inguru batean. Beraz, urriaren 14eko goizean, asteazkena, Kanadako, Finlandiako eta Euskadiko zenbait adituk hartuko dute parte. Haiek euren administrazioen estrategiez gain, politika ekonomiko horiek garatzeko bioeskualdeek duten garrantzia ere azalduko dute.

Osteguneko mahai-inguruan kasu praktikoak aztertuko dira. Hiru lurralde horietan ez berriztagarriak diren eta karbono ugari isurtzen duten produktuen ordez – plastikoa, erregai fosilak, ormigoia edo altzairua esaterako – erabili daitezkeen biomaterialak, produktuak eta zerbitzuak lortzeko martxan jarritako berrikuntzak eta proiektuak emango dira ezagutzera.

 

STREAMING BIDEZKO KONEXIOA

Streaming bitartez igorriko diren Egurtek 2020ko eduki guztietarako sarbidea doakoa izango da erabat. Interesatuta dauden guztiek aldez aurretik izena eman behar dute ekitaldiaren web orrian: www.egurtek.com, edo hurrengo estekaren bitartez: https://egurtektv.nirestream.com/. Horrekin batera, Egurtek-ek ingelesa-gaztelania / gaztelania-ingelesa hizkuntzetarako aldibereko itzulpen zerbitzua izango du erabilgarri.

 

Komunikazio saila, 2020ko urriaren 8a

|2020-10-09T08:56:09+01:00October 8th, 2020|Albistea @eu|0 Iruzkin

Utziguzu iruzkin bat