Egurtek edizio handi bat prestatzen ari da zuraren sektoreko adituekin eta puntako enpresekin

Bilbao Exhibition Centren, urriaren 19an eta 20an

 

Urriaren 19an eta 20an Bilbao Exhibition Centrek Egurtek, Zurezko Arkitektura eta Eraikuntzaren Nazioarteko Foroaren bederatzigarren edizioa hartuko du. Sektorearen dinamismoa eta ekonomikoki duen gero eta garrantzi handiagoa agerian geratuko da, eraikuntza jasangarriaren alde egiten duten profesionalentzat ezinbesteko hitzordua baita.

Oraingo honetan, Kongresuak basogintza eta haren industria osagarri guztia landuko du. Hizlarien panelak ospe handiko profesionalak bilduko ditu, naziokoak nahiz Austria, Herbehereak, Portugal edo Danimarkakoak. Guztiek zurezko eraikuntzari buruz duten ikuspegi berezia erakutsiko dute. Horien artean, arkitekto hauek nabarmentzen dira: Laura Álvarez (Laura Álvarez Architecture), Lone Wiggers (CF Moller Architects), Sheila Blanco, eta Iñaki de Prim (Blancodelprim Arquitectura Ecopasiva), Jonathan Tuckey (Jonathan Tuckey Design), Elisabeth Ábalo eta Gonzalo Alonso (Estudio Ábalo-Alonso), Carlos Castanheira (Carlos Castanheira Architects), Iñaki Archanco (BOA Arquitectura Sostenible), Stefan Prins (Powerhouse Company) eta Vittorio Salvadori (Cree Buildings). Dagoeneko zabalik dago izen-ematea. Hitzordu honen dinamikari esker, parte-hartzaileek zuzenean jardun ahal izango dute hizlariekin eztabaida arinetan, eraikuntzen xehetasunak aletzeko.

Aldi berean, Egurtek azokara bertaratzen direnek Erakusketa Gunean soluzio berritzaileenak eta zurezko eraikuntzaren inguruko azken joerak aurkituko dituzte. Eremu horretan 50 enpresa inguru bilduko dira, estatukoak eta atzerrikoak, sektorearen egoeraren argazki osoa erakutsiz. Guztiek arkitekturarekin, egurrezko etxeekin, zurarentzako tratamenduekin, eraikuntza jasangarriarekin, aldizkariekin, elkarteekin, ingeniaritza eta dekorazioarekin, eraikuntzarako egurrarekin, egituren softwarearekin eta zuraren, elementuen eta materialen inportatzaileekin lotutako produktuak eta zerbitzuak eskainiko dituzte.

Expo Eremuaren alboan, Baskegurrek antolatutako Zuraren arloko Berrikuntzaren inguruko Jardunaldi Teknikoak egingo dira. Lau gai nagusi jorratuko dira: Berrikuntza aplikatzea eta hedatzea SUDOE espazioan zurarekin altuerako eraikuntza sustatzeko (EGURALT proiektua); hirietako landa-eremuen arteko lotura iraunkorra eraikiz, zurezko eraikuntzaren sektoreko balio-kate zirkular eta berritzaileen bidez; Euskadiko baso-zura sektoreari buruzko prestakuntza-sarea sortzea; eta Euskadin baso-bioekonomia zirkularra garatzeko estrategia. Hitzaldiak gonbidatutako adituaren azalpen labur batekin hasiko dira, eta eztabaidara irekitako mahai-inguru batekin amaituko dira.

Halaber, Egurtek 2022k VI. Sariak banatuko ditu, eta sei kategoriatan banatuko dira lanik onenak: Basque Quality-Tokiko Zuraren Sari Berezia Manuel Sanchez-Villanuevaren eta Carol Beuterren Casal Porta Trinitat proiektuak jasoko du; Bois/Egurra/Madera Sari Berezia (BEM) Beñat Saratxagaren eta Gentzane Goikuriaren Last Chance For A Slow Dance lanarentzat izango da; Eraikuntzaren Saria Marta Perisen eta José Manuelen Viviendas Sociales proiektuak eskuratu du; Interiorismoaren kategorian, Óscar Andrés eta Iván Andrés arkitektoek eskuratu dute saria, Casa Pris proposamenarekin, eta Produktuaren Diseinu Saria Silvia Ceñalen Mesa Laga lanak lortu du. Azkenik, Argitalpenaren kategorian, saria José María Marzo arkitektoak aurkeztutako Archi lanak eskuratu du, baita José Enrique Peraza arkitektoak aurkeztutako Revista Aitim lanak ere.

2012an sariketa hau sortu zenetik, kalitate handiko ehun proiektu inguru aurkezten dira urtero Egurrezko Arkitektura Sarietara, eta sektoreko aitorpenik ospetsuenetako bat bilakatu dira. Lehiaketako merkataritza eremuaren alboan jarriko dira erakusgai parte hartu duten hautagaien panelak.

Bilbao Exhibition Centrek antolatzen du Egurtek, eta Eusko Jaurlaritzaren Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak babesten du. Horrez gain, Baskegur – Euskadiko Egurraren Elkartearen eta Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo Ofizialaren laguntza jasotzen du.

-ek idatzirik|2022-09-21T12:31:55+02:0021 de iraila de 2022|0 Iruzkin

Iruzkin bat utzi

Go to Top