Expovacaciones 2023 erakusketak ateak irekiko ditu ostiral honetan

Kultura, gastronomia, kostaldea, abentura… Bidaia handi zein txikien aukera horiek guztiak hautatu ahal izango dituzu Expovacaciones azokan, maiatzaren 5etik 7ra, inora irten beharrik gabe, Bilbao Exhibition Centren. Hala, azokako 1. pabilioiak sektoreko azken berrikuntzak, ibilbide eta norakoen proposamenak eta aisialdi eta denbora librerako aukera berritzaileak izango ditu ikusgai, ostiraletik igandera. Aurtengo edizioa hilaren 5ean inauguratuko dute, 12:00etan. Bertan izango da Javier Hurtado, Turismo, Merkataritza eta Kontsumo sailburua. Aurten, datozen oporrak prestatzeko eskaintza zabala eta jarduera berriak eskainiko ditu azokak.

Kanpainak erakusten duen moduan, askotariko estilo eta interesak dituzten pertsonek haien gustuko aukerak topatuko dituzte Expovacacionesen. Oso egungoa den grafikarekin konektatuko du eta leloak, Oporrak profil guztientzat, askotariko turismo motak erakarriko ditu: gastronomikoa, abenturazkoa, kostaldekoa, kulturala, gaztea, denbora librekoa edo irisgarria, besteak beste.

180 enpresak baino gehiago parte hartuko dute erakusketen atalean. Kantabria, Errioxa, Gaztela-Mantxa, Aragoi, Calatayud, Andaluzia, Galizia, Nafarroa, Formentera, La Palma, Costa Dorada, Valentziako Erkidegoa, Menorca, Lanzarote, Ibiza, Extremadura, Gaztela eta Leon, Gijón, Bilbo-Bizkaia, Costa Brava, Coruña, Kanaria Handia, Huesca, Euskadi edo Costa Calida-Murtziako eskualdea izango dira estatu mailako ordezkari nagusiak. Dena den, nazioartekoak ere topatuko ditugu, hala nola Kuba, Japonia (Oporto Algarve, Lisboako eskualdea edo Portugaleko erdialdea) edo Frantzia (Valle del Loira).

Aurten Helmuga Berezia Japonia izango da, 2023an Euskadi Japonia Urtea ospatzen baitute. Gaur egun, gastronomia, edertasuna, historia, kultura eta bizi-maila altuagatik munduko herrialde turistikorik deigarrienetako bat da. Horrez gain, sukaldaritza, kaligrafia eta moda japoniarreko tailerrak egingo dira bere standean.

Gainera, Expovacaciones azokak gure etxetik kilometro gutxira dauden txoko paregabeak ere erakutsiko ditu, Eusko Jaurlaritzaren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren parte-hartzeari esker. Azken erakunde honen standa urteko gertaera handienetako batean oinarrituko da: Frantziako Tourra. Ekitaldi horretan BEC logistika eta prentsa gunea izango da irteeran zehar.

Esperimentatu eta Dastatu

Expovacaciones azokak hainbat proposamen turistiko eskainiko ditu datorren asteburuan Esperimentatu eta Dastatu atalean; hala nola jarduerak, dastatzeak, erakustaldiak eta hitzaldiak. Hala, oporretarako norako posibleen gaineko informazioa jasotzeaz gain, esperientzia bakarrak eta aberasgarriak bizitzeko aukera dute bisitariek hitzordu turistiko honetan.

Hirugarrenen esperientzien bidez bidaiatzea ere posible izango da Expovacacionesen, horretarako egokitutako espazioaren bidez: hitzaldiak eta bidaiak. Bertan, hiru egunetan zehar, munduko hainbat lekutako txokorik adierazgarrienak, bidaiatzeko modu ezberdinak edo lantzen ari diren puntako proiektuak aurkeztuko dizkiete Vascos por el Mundo, Brittany Ferries, Feel the Adventure edo Ekobideak bezalako erakunde eta enpresetako ordezkariek bertaratuei.

Ostiral, larunbat eta igande arratsaldean zehar, Vascos por el Mundo telebista-programa ezaguneko parte-hartzaileek haien esperientzia kontatuko dute, eta aldi baterako bizi izan ziren lekuko txokorik harrigarrienen berri emango dute. Ostiral arratsaldean, Ricardo Sánchez Programaren zuzendariak programaren nondik norakoen berri emango die ikusleei: nola egiten den, nola aukeratzen diren destinoak eta parte-hartzaileak, besteak beste.

Brittany Ferries larunbatean iritsiko da, Conectando Bilbao y Euskadi con el Reino Unido e Irlanda, una forma diferente de viajar, más sostenible y moderna en buques tipo crucero hitzaldia eskaintzeko. Bilboko portuan zerbitzua eskaintzen duen enpresa horren gurutzaontziei buruz hitz egingo dute bertan.

Feel the Adventurek, aldiz, mendiarekiko pasioaz eta gidari espezializatuekin duen esperientziaz hitz egingo du. Hala, mendi-irteerak modu seguruan egiteko gakoak emango dituzte. Ekobideakek Geoturismoaren garrantzia nabarmenduko du; gorantz egiten ari da turismo mota hori. Hori dela eta, Convirtiendo la geología en un recurso turístico hitzaldian hainbat txoko emango dituzte ezagutzera, baliabide geoturistiko batuk topatu ahal izateko, hala nola fosilak, meteoritoak, silexa, arroka bolkanikoak eta mineralak.

Bestetik, Coca Colaren Mares Circulares programa ere presente egongo da Expovacaciones azokan, ostiralean, itsasoa garbitzearen gainean kontzientziatzeko. Kostaldea, eremu babestuak eta itsas hondoa garbitzeari buruzkoa, birziklatzea sustatzeari buruzkoa eta ekonomia zirkularra bultzatzeari buruzkoa izango da hitzaldia.

Gizartearen bilakaerari egokitzen jarraitzen du Expovacacionesek eta, horregatik, beste behin, bidaia gastronomikoa eskainiko du Gastro Eremuan zehar, eskualde edo lurralde bakoitzeko produktu adierazgarrienak dastatu ahal izateko. Hala, Euskal Herriko taloa, Galiziako olagarroa eta ogia, Kataluniako cava, Gaztela eta Leongo zezina, Kantabriako antxoak, Errioxako olioa, Salamancako eztia edo Vic-eko fuetak izango dira dastatu ahal izango ditugun janari gozoetako batzuk.

Gainera, berritasun gisa, Expovacacionesen Txotx Experience izenekoa egingo da. Bertan, azokako ordutegi osoan, askotariko pintxoak eta sagardotegiko menua izango dira dastagai. Sagardotegi berezi honetan zuzeneko musikaz gozatzeko aukera izango da, lagun artean, hainbat herrialdetan zehar bidaiatu ondoren.

Ekitaldi jasangarria

Aurten ere Erronka Garbia ziurtapena izango du hitzordu turistiko honek; hau da, ekitaldi jasangarria izango da, ingurumenarekiko konpromisoa duena.  Hala, antolakuntzak hondakinak kontatu eta murrizteko eta gaikako-bilketa sustatzeko plana aplikatu du; modu eraginkorragoan argiztatu eta klimatizatzeko, hau da, argiaren intentsitatea eta pabilioiaren tenperatura ordu fase desberdinetara egokitzeko; standetako energia-kontsumoa murrizteko; eta gai horien inguruko eta ingurunean eragina duten beste gai batzuen inguruko sentsibilizazio-mezuak aktibatzeko, besteak beste, bisitariek garraio publikoa erabil dezaten sustatzeko.

Expovacacionesek etenik gabeko ordutegia izango du: ostiral eta larunbatean, 10:30etik 20:00etara, eta, igandean, 10:30etik 19:00etara. Sarrerak 4,5 euro balio ditu eta doakoa izango da 16 urtetik beherakoentzat. Webgunean daude eskuragarri.

-ek idatzirik|2023-05-03T12:30:03+02:003 de maiatza de 2023|0 Iruzkin

Iruzkin bat utzi

Go to Top