Bidaiarien estilo eta gustu guztietarako proposamenekin, maiatzaren 9tik 11ra bitarte urteroko hitzorduarekin itzuliko da Expovacaciones. 1. pabiloian egingo da azokaren 45. edizioa. Azokak urrutiko tokiak eta gertukoak tradizioarekin eta berrikuntzarekin bateratuko ditu. Inaugurazio ofiziala maiatzaren 9ko 12:00etan egingo da, pabiloi berean, eta Jakes Agirrezabal, Eusko Jaurlaritzako Turismo eta Merkataritza sailburuordea, izango da bertan.

2025eko edizioak 200 enpresa erakusketari inguru bilduko ditu eta, horien artean, Estatu mailako turismoguneen ordezkaritza handia egongo da. Komunitate hauek hartuko dute parte besteak beste: Andaluzia, Aragoi, Kanariak, Kantabria, Gaztela-Mantxa, Gaztela eta Leon, Katalunia (toki hauetako proposamenak egongo dira: Terres de L´Ebre, Baix Gaia eskualdea eta Costa Brava), Valentziako komunitatea (Castelló eta Valentziarekin), Galizia, Euskadi, Balear Uharteak (Ibiza eta Menorcarekin), Errioxa, Madril eta Murtzia. Gainera, aukeran egongo diren turismoguneen aniztasuna ikusita, nazioarteko presentzia ere egongo da eta, horien artean, Portugal nabarmendu behar da. Izan ere, kontinente barruko bere lurralde osoaren ordezkaritza zabala egongo da bertan. Tokiko eta hurbileko turismoaren balioa ordezkatuz, Eusko Jaurlaritzak eta Bizkaiko Foru Aldundiak ez dute hitzordua galdu nahi izan, eta lurraldeko aukera bikainenak hurbildu ahal izateko standak ere jarriko dituzte.

Experimenta & Saborea (esperimentatu eta dastatu) izango dira, beste behin, Expovacacionesen bi ardatz nagusiak. Bi aditz horiek zentzumenak erabilita bidaiatzeko deia egiten dute eta azokan zehar oso ibilbide aktiboa proposatzeko gidariak ere izango dira. Origami tailerra, ipuin-kontaketa, zuzenean egindako artisautzako lanak… izango dira egitaraua osatzen duten 100 jarduera baino gehiagoetako batzuk. Gainera, adin eta gustu guztietarako ekintzak egongo dira. Egitarau horri esker, azoka egiten den hiru egunetan, bertaratzen direnek enpresa eta erakunde partaideekin gozatu, gauza berriak probatu eta harri eta zur geratzeko aukera izango dute.

Sentsazioak bizitzeko bidaiatzea: horretarako gonbitea egiten du Experimentak. Turismogune batekin modu aktiboan lotzen garenean sortzen diren emozioak bizitzeko gonbidapena egingo du. Parapentean jauzi egiteko prest ote dagoen zalantzan jartzen duenarentzat, Euskal Parapente Eskola simulagailu batekin etorriko da, jendea proban jarri eta abenturarako prest ote dagoen egiaztatzeko. Bestalde, Ojo Guareña Aventuraren standean, trebetasuna eta abentura-espiritua probatzeko zirkuitua egongo da, hurrengo ihesaldirako natura eta ekintza bilatu nahi dituzten pertsonentzat.

Bestalde, foodieagoak direnentzat eta bidaiak dastamenarekin uztartu nahi izaten dituztenentzat, Saboreak jarduera jangarriagoak ekarriko ditu. Bisitariek jatorri-deitura eta leku askotako dastatzeko eskaintza zabala izango dute: gazta, urdaiazpikoa, ardoa, zezina, olioa… Eskaintza gastronomikoarekin batera, Enoturismoa ere izango da, Gaztela eta Leonen edo Portugalen eskutik. Azken horrek, esate baterako, Algarve eta Alentejoko zaporeak ekarriko ditu azokara, bertako ardoen bidez.

Txotx Experiencek, tokiko produktuak elkartzen dituen guneak, sagardo-dastaketa eskainiko du aurten. Bertan, Euskal Sagardoa izendapeneko barietateak dastatu ahal izango dira. Euskal lurralde osoa zeharkatzen duen eskaintza gastronomikoarekin (azokan zehar geladialdia egiteko aukera eskainiko du), gune hori Euskal Herriko musika herrikoiarekin eta beste estilo musikal batzuekin girotuko dute egun osoan zehar.

Azkenik, Expovacacionesek ludoteka izango du etxeko txikienentzat, beUp BECek kudeatuta. Gunea 3 urtetik gorako haurrei zuzenduta egongo da eta dibertitzeko eremu ezin hobea izango da. Begiraleak eta era askotako jarduerak izango dira bertan: aurpegimargoketak, eskulanak edo zumba txikia. Bien bitartean, gurasoek azoka zeharkatzeko aukera izango dute hurrengo turismogunearen bila ari diren bitartean. Honako hau izango da ludotekaren ordutegia: ostiralean, 15:00etatik 20:00etara, larunbatean, 10:45etik 14:00etara, eta 15:15etik 20:00etara, eta igandean, 10:45etik 14:30era, eta 15:30etik 19:00etara.

Denetik izango duen asteburua: SET Congress, Caravaning eta Bigarren Eskuko Ibilgailuen Azoka

Expovacacionesekin batera, SET Congress, Caravaning eta Bigarren Eskuko Ibilgailuen Azoka egingo dira. Azoka horiek Expovacacionesek eskainitako eskaintza osatu eta bidaiak ulertzeko eta horiez gozatzeko modu berriak gerturatuko dituzte. Hala, SET Congresek
pantailatik bidaiatzeko gonbidapena egingo du maiatzaren 9an egingo duen kongresuaren bidez. Ekitaldiak maila goreneko hizlariak bilduko ditu eta ekimen bereziak eta inspiratzaileak azalduko dituzte. Protagonistek ekoizpen arrakastatsuen eta aisialdiko proposamenen arteko loturaz hitz egingo dute telesailen, western esperientzien, tour zinematografikoen edo zinema-jaialdien bidez.

Era berean, gurpil gaineko turismoan interesa duten bidaiarientzako proposamen bat egongo da Caravaningen eskutik. Hala, beste urte batez, autokarabanak, camperrak eta karabanak alokatu eta saltzen dituzten enpresen eta bungalowen, mobile homeen eta
osagarrien fabrikatzaile eta banatzaileen parte-hartzea izango da bertan. Bestalde, Bigarren Eskuko Ibilgailuen Azokan turismo erdiberrien, gerentziako ibilgailuen, errentingeko, zero kilometroko eta flotetako ibilgailuen eskaintza zabala topatu ahal izango da deskontu handiekin eta profil guztietarako aukerekin.

Expovacacionesera joaten direnek etenik gabeko ordutegia izango dute: ostiral eta larunbatean, 10:30etik 20:00etara, eta igandean 10:30etik 19:00etara.

Sarrerak webgunearen bidez eros daitezke, doan. Hitzorduan zehar, horretarako egokitutako leihatiletan sarreren prezioa 4 eurokoa izango da (pintxo-dastaketa barne). 11 urtez azpikoek doan sartu ahal izango dute.

JARDUEREN ETA ESPERIENTZIEN ORDUTEGIA
https://bilbaoexhibitioncentre.com/wp-content/data/comercial/expovacaciones/2025/PROGRAMA-ACTIVIDADES-EU.pdf